Venezuela helburu: hamaikagarren kolpe saiakera

2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hogei urte igaro dira Venezuelan Hugo Chavezek presidente karguaren zina egin zuenetik, 1999ko otsailaren 2an, eta Iraultza Bolibartarra izeneko prozesu politikoa bere unerik larrienean dago. Nicolas Maduroren kargu hartzea —2019ko urtarrilaren 10ean— gauzatu bezain laster, Venezuelako Gobernua hamaikagarren Estatu kolpe saiakerari aurre egin nahian dabil. Ez da lehenengo aldia, jakina, baina barne indarrak eta kontinentearen egoera geopolitikoa duela hamarkada bat baino askoz okerragoa da zalantza izpirik gabe.

2009an zegoen eszenatokia bestelakoa zen. Alde batetik, chavismoaren hegemonia ukaezina zen, eta, beste alde batetik, gobernuen fronte latinoamerikar aurrerakoiak, Venezuelak eta Brasilek gidatua, AEBetako boterea gutxitzea lortua zuen nabarmenki. Mende berriaren bigarren hamarkadaren bukaeran, aldiz, krisi ekonomiko latzak, besteak beste, mugimendu bolibartarraren indarra ahuldu du sakonki, eta, gainera, Latinoamerikan indar korrelazioa eskuinerantz mugituz joan da, antzinako hainbat aliatu aurkari bihurtuz.

Hala ere, eszenatoki berri honek ez du Venezuelako oposizio eskuindarra indartu bereziki. 2017an aurrera eramandako kolpe saiakerak, kale istiluen bitartez bortizkeria izugarria sortuz eta ia 200 hildako eraginez, hiritar nahikoren errefusa ekarri zuen, eta oraindik ez dute berreskuratu garai batean, 2015ean batez ere, pilatu zuten sostengua. Hori dela eta, ez da harrigarria azken kolpe saiakera horrek presiorik handiena atzerrian jarri izana. Autoizendatua den presidente (kolpista) berriak, Juan Guaidok, ez zuen oihartzun handirik lortuko Venezuelan bertan eta are gutxiago munduan, Etxe Zuria eta bere gobernu morroien (Grupo de Lima delakoan antolatuta) oniritzi automatikoa jaso ez balu.

Beraz, Maduroren Exekutiboa derrokatzen saiatzeko plana ulertu nahi izanez gero, kanpoko agente politikoei so egin behar diegu, bereziki Washingtoni, OEAri, Grupo de Lima aipatutakoari eta Europar Batasunari, mendebaldeko fronte kolpistari, alegia. Konplot horren barruan aktore bakoitzak paper zehatza jokatzen du, Washingtonen gidaritzapean neurri handi batean. Kolpe planaren ardatz nagusiak honakoak lirateke: arlo politikoan gobernu paralelo-txotxongilo bat sortzea eta nazioarte mailan bedeinkatzea zilegitasuna emateko; esparru ekonomikoan gerra ekonomikoa areagotzea, zigor ekonomiko gogorragoak bultzatuz; eta eremu militarrean bortizkeria foko ezberdinak piztea Venezuelako Indar Armatuak apurtzeko edota interbentzio humanitarioa justifikatzeko.

Plan politiko-mediatikoa

Mundu mailako latifundio mediatikoa aski ongi koordinatu da ordu gutxitan zabaltzeko errelato bat, zeinaren arabera egungo presidentea, Nicolas Maduro, «usurpatzailea» den eta presidentea izateko inork aukeratu ez duen pertsona, Juan Guaido, presidente zilegia den. Horretarako, kolokan jarri dituzte pasa den maiatzean egindako hauteskunde presidentzialak, eskuinaren sektore bat aurkeztu zela alde batera utziz eta nazioarteko begiraleek ontzat eman zituztela isilaraziz —Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, besteak beste—.

Aldi berean, Juan Guaidok zuzentzen duen Batzar Nazionalak planifikatutako saiakera kolpe parlamentarioa ez dute aipatu ere egiten. Ezin da ahaztu Hondurasen (2009an), Paraguain (2012an) eta Brasilen (2016an) garatutako kolpe parlamentario antzeko bat aurrera eraman nahi zutela Karibeko herrialdean. Aurrekari horiek izanik, Venezuelako Gobernu bolivartarra azkar mugitu zen neutralizatzeko agenda kolpista, Batzar Nazional Konstituziogilea bultzatuz.

Gerra ekonomikoa areagotuz

Azken bost urteotan gobernuak duen arazo handiena egoera ekonomikoa da; izan ere, duela hamarkada bat lortutako bizi baldintzak (Latinoamerikan eredugarriak herri sektoreei dagokienez) okertu dira modu dramatikoan. Hiperinflazioa nagusi da, eta erosahalmena hondoratu da guztiz, bizi kalitatea gogor kolpatuz. Monetaren aurkako gerrak, oinarrizko produktu batzuen blokeoak (botikak batez ere), mafia espekulatiboek eta ustelen sareek eragin dute lehertzear dagoen egoera sozial bat.

Gauzak horrela, Etxe Zuriak jauzi kualitatibo bat ematea erabaki du gerra ekonomikoan, gobernu venezuelarra guztiz itotzeko asmoz. Oraingoan Maduroren Exekutiboak duen dirua AEBetako hainbat bankutan lapurtzea erabaki du, eta horrekin batera CITGO enpresa venezolarra (petrolio arlokoa) konfiskatzea ere badu helburu. Horren ondorio ekonomikoak 7 mila milioi eta 11 mila milioi dolar ingurukoa izango lirateke, hurrenez hurren.

Eraso militarra

Planaren hirugarren zutabea bortizkeriarekin lotuta dago, eta fase ezberdinak ditu: lehenik, Caracas hiriburuan hilketa selektiboak eragitea eta gobernuari leporatzea, «giza interbentzio» bat justifikatzeko. Ondoren, Kolonbiako mugan dagoen eskualde bat (Tachira estatua izan liteke, oposizioa indartsua baita bertan) zuzenean bereganatzea eta hortik gobernu paraleloa agintzen hastea. John Bolton (AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseilaria) eta Eliott Abramsen (kolpeak zuzentzeko profesionala Reaganen garaitik) itzalak agerian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.