Elkarbizitza ariketa eszenan

Euskal gatazka abiapuntu hartuta, Pez Limbo konpainiak 'Harri orri ar' antzezlana estreinatuko du, gaur, Gasteizen. Elkarbizitzaren inguruko gogoeta eragin nahi du

Jolasen bitartez azaleratuko dira pertsonaien ideiak eta iritzi politikoak, eta, ondorioz, protagonistak aurrez aurre jarriko dira. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal gatazka du oinarrian Pez Limbo taldeak sortu eta taularatuko duen Harri orri ar antzezlanak. Gatazka bera, eta hark iritzi publikoan sortutako mesfidantzak, beldurrak eta kezkak. Agertokian sortutako elkarbizitza ariketa bat da, finean, zeinean gertakariak eta testigantzak aurrez aurre jarriko diren. Errealitatea eta fikzioa; bietatik du lanak, etamodurik gordinenean uztartzen ditu biak. Antzerkigintza Berriak programaren barruan, Bilboko Arriagak, Donostiako Viktoria Eugeniak eta Gasteizko Principal antzokiek elkarrekin ekoitzi dute lana. Gaur estreinatuko dute Gasteizen, Principalen bertan, 20:30ean.

Lanak 2010eko irailaren 5a du abiapuntu. Egun hartan, ETAk su-etena iragarri zuen BBC kateari helarazitako ohar baten bidez—eten hura behin betikoa izango zen gerora—. Iraileko egun hura, ordea, ETAren amaieraren aurrenekoa izateaz gain, elkarbizitzaren aro berriaren lehena ere izan zen. Izan ere, Maria Goirizelaia antzezlanaren sortzailearen eta zuzendariaren hitzetan, euskal gizartearen gehiengoak egun hura gogoratzen badu ere, «ez da hitz egiten» gertaera haren inguruan. «Zergatik ez dugu hitz egiten politikaz gure ingurukoekin? Zergatik ez dugu esaten nori bozkatzen diogun? Zergatik ezkutatzen dugu oraindik norberaren ildo politikoa Euskal Herrian?». Galderak ditu abiapuntu lanak, eta galdera berri gehiago ekarri nahi ditu hizpidera.

Goirizelaiak idatzitako testua itaun horietatik abiatzen da, eta pentsaera politiko ezberdinak dituzten zazpi lagunen bitartez harilkatuko da istorioa. Iñake Irastorza, Nagore Gonzalez, Martxelo Rubio, Josune Velez de Mendizabal, Haizea Baiges, Jontxu Martinez eta Egoitz Sanchez arduratuko dira pertsonaiak horiek hezurmamitzeaz. Bilboko jolastoki batean elkartuko dira guztiak, eta haurtzaroko jolasen bitartez aurrez aurre jarriko dira pertsonak eta ideiak, eztabaidak eta entendimentuak. «Pertsonaia guztiak batzen dituen puntu bat dago, eta hori bakoitzaren alde humanoa da. Iruditzen zait jolasetan ere badagoela horretatik», adierazi du Goirizelaiak.

Sokatira, gorde-gordeka, edo antzezlanari izena ematen dionharri-orri-ar bera: askotarikoak izango dira jolasak, eta horien bitartez azaleratuko dira protagonista bakoitzaren ideiak eta usteak. «Denok izan gara haurrak, denok jolastu gara, eta denok sortu ditugu bi talde jolas horietan aritzean. Jolasak, oinarrian, naifak dira, aitzakiak baino ez, zeintzuetan pertsonaiek beren nortasuna erakutsiko duten apurka-apurka. Aurreiritziak, jarrerak, adostasunak... jolasek horiek azaleratzen laguntzen dute, finean», zuzendariaren hitzetan.

Antzezlanak testigantza formatua du—Goirizelaiak «antzerki dokumental faltsu» ere esan dio obrari—. Izan ere, ideia politikoez eta eztabaidez harago, benetako gertaerak ere istorioaren parte dira. «Pertsonaien bitartez ezagutaraziko dira horiek, lehen pertsonan emandako lekukotasunen bitartez». Benetako jazoerak eta istoriorako propio sortutakoak nahastuko dira horrela, belaunaldi ezberdinen arteko kontakizuna sortuz. «Iritzi ahalik eta ezberdinenak biltzen saiatu gara sortze prozesuan, eta ikerketa ugari egin ditugu kontakizuna ere ahalik eta zabalena izan dadin».

Aurrera begira jartzeko

Bazkal ondorengo solasaldi batean otu zitzaion istorioa Goirizelaiari. «Konturatu nintzen ez nekiela nori bozkatzen zioten nire gurasoek, ez eta beste senitarteko batzuek ere. Euskal Herrian bada oraindik norberaren ildo politikoak publiko egitearen beldur moduko bat. Orduan erabaki nuen horri buruzko testu bat idaztea». Gidoia borobildu, ordea, sare sozialetan irakurritako mezu bati esker egin zuen. Eugenio Aranburu Txo HBko militantearen seme Haritz Aranbururena zen mezu hura. «Hainbat pertsonak beren testigantzak kontatu zituzten mezuari erantzunez, Twitterreko haririk politenetako bat sortuz».

Zuzendariak azaldu du ikusleari gogoetarako gune bat ireki nahi diola antzezlanak. Haren hitzetan, hor dago, hain zuzen, «obraren mamia». «Halabeharrez aterako zaizkie galderak, ezin baita ideologia guztiekin bat egin. Bakoitzaren baitan eztabaida bat sortzea nahiko nuke». Goirizelaiak aurrera begira jartzeko baliatu nahi baitu antzezlana. «Obrak aurrera begira jarri nahi du ikuslea, etorkizunera begira, errespetura eta tolerantziara. Euskal gizartearen bilakaera nolakoa den edo izan beharko lukeen aztertu nahi du. Izan ere, esango nuke denok dugula elkarrekin aurrera egiteko nahi eta konbentzimendua, baina zail egiten da oraindik hainbat arrazoirengatik».

Obra euskaraz estreinatuko dute gaur, eta bihar, aldiz, gaztelaniaz. Bilbon izango da gero, eta Donostian segidan. Euskal Herriko antzokietatik bira bat abiatuko dute ondoren; besteak beste, Bizkaian (Basauri, Ermua, Zornotza, Santurtzi, Durango) eta Gipuzkoan (Ordizia) egingo dituzte emanaldiak. Euskal Herriko mugetatik kanpo ere atera nahiko lukete, baina oraindik ez dute ezer zehaztuta. «Garrantzitsua da ikuspegi ugari badirela erakustea».

'HARRI ORRI AR' ANTZEZLANA
Gasteiz. Gaur eta bihar, 20:30ean, Principal Antzokian.
Bilbo. Otsailaren 26an eta 27an, Arriaga Antzokian.
Donostia. Martxoaren 12an, 13an eta 14an, Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.