urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kamel Eddine Fekhar

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Atzo, seme-alabek aita askatzea eskatzen zuten. Gaur, Aljeria doluz dago. Gaur, Aljeria krimen baten gertalekua da. Gaur ,Aljeria izen gabeko apartheid bat da. Gaur, Aljerian pertsonen eskubideak bortxatu egiten dira. Gaur, Aljeria segregazio identitarioaren biktima da. Torturaz hiltzea espetxean gizateriaren aurkako krimena da. Iritziengatik espetxeratutakoaren heriotza estatu-krimena da. Bihar, herriak omenaldi nazionala egingo dio. Bihar, estatuak krimen arrazista honi heldu beharko dio. Bihar,errudunak epaitu eta zigortu egingo dira. Hartu atseden, Kamel Eddine Fekhar adiskidea». Khaled Bouzidi.

Aljeria erdialdeko M'zab haranean bizi diren mozabita amazig edo berbereen buruzagirik garrantzitsuena zen Kamel Eddine Fekhar, eta martxo amaieratik zegoen berriz ere preso. Estatuarentzat arriskutsua zelako atxilotu zuten, komunitate oso baten lider zelako, eta hala mintzatzen zelako, ahaldunduta, bere herriaren defentsan. Fekharren osasun egoerak nabarmen egin zuen okerrera atxilotzeaz bat gose grebari ekin zionetik, eta Ghardaiako espetxeko baldintzek eta Aljeriako erregimenaren utzikeriak erabat makaldu zuten fisikoki. Asteartean Blidako ospitalean hil zenetik, samina eta amorrua berehala hedatu dira M'zaben, baita Kabilian, Aljeriako gainontzeko lekuetan ere, eta Ipar Afrikako zein Europako berbere komunitateek protestak eta omenaldiak antolatu dituzte.

«Beti izan da arriskutsua boterean diren kriminal horientzat, eta horregatik exekutatu dute», diost haren kontaktua ahalbidetu zidan adiskideak. Iaz ezagutu nuen, BERRIAn irailean eman genuen Fekharren elkarrizketa. Basamortuan Ghardaiako aireportuan Kacem etorri zitzaidan bila, Kamel Eddineren lagun mina. Harana bisitatu genuen, eta doktorearen etxera joan ginen afaltzera. Doktorea zen denentzat, mediku jarduna debekatu zion estatuarentzat izan ezik. Umeek ogia ekarri zuten, hainbat ogi mota. Medikuntzarik ezin egin, eta okindegia zeukan familiak. «Mozabitak merkatariak izan gara beti, duela ia mila urteko jazarpenei ihesi basamortura jo genuenetik». Oasian nekazaritza gutxi dago, eta mendeetako merkatari tradizioari oraindik ere eusten diote: ia denek dauzkate senideak eta etxeren bat Aljerren, Oranen edo iparraldeko beste lekuren batean, eta familiako negozioren bat. «Hiru bider zigortzen gaitu estatuak: ez gara arabiarrak, ez gara musulman sunitak, eta merkatari eta independente segitzen dugu, euren ustelkeria eta klientelismo sareetatik aparte» esan zidan doktoreak. Libiako eta beste zenbait lekutako amazigak bezala, ibadiak dira mozabitak —Omanen eta Zanzibarren ere badira ibadiak—, estatuak arabierazko hezkuntza sunita ezartzen duen herrialde batean.

NBEra bidaltzeko gutunak erakutsi zizkidan Kamel Eddine Fekharrek. Oso garesti ordaindu du bere herriaren defentsa, M'zabeko bost hirien arabizazio politika odoltsuak salatzeagatik: 200 mozabita hil dituzte urteotan eta dozenaka espetxeratu; zuzenean indar armatuek batzuk, estatuak eta Poliziak babestutako kolono arabiarrek beste asko. «Egunez ezingo ginateke hemendik pasatu, beste bideren bat bilatu beharko genuke bizirik irteteko», esan zidan Kacemek afalostean autoz gindoazela. «Anaia Aljerretik iritsi berri zela, autoa geldiarazi, eta bertan erre zioten, kale erdian eta Polizia bertan zela». Biak, Kacem eta Kamel Eddine, 2015ean atxilotu zituzten azkenez, eta 2017 arte egon ziren preso Ghardaiako espetxean.

Euskal udaberriak, Mediterraneoko hezetasunak eta M'zab-eko lehorrak sukar pixka bat eragin zidaten, eta berehala artatu, eta sendatzeko botikak eman zizkidan Fekharrek. Haren etxean geratu nintzen lotan. Ideietan irmo eta beti umoretsu egiten zuen berba. Hezkuntza arrazista salatzen zuen, testu liburuetan ez-arabiarren aurka eta zehazki amazigen kontra zeuden esaldiak erakusten zizkidan, eta, gero, militarren ustelkeriari burla egiten zion. Askatasuna maite zuen, behin eta berriz kendu zioten askatasun hori. Sinestuna zen, baina argi zeukan estatu laiko eta deszentralizatua behar zutela, baldin «Aljeriarik behar bada», ziostan irriz, kabiliarren independentismoari keinuka.

Ez zuen beste urtebete egin libre. Martxoaren 31n atxilotu zuten Kamel Eddine. Aljeria ordurako protesten zurrunbilo betean zen, eta atxiloketatik bi egunera dimititu zuen Abdelaziz Buteflikak. «Mafia» deitzen zion Fekharrek herrialdean agintzen zuen eliteari. Buteflika kenduta, presidentea bera baino okerrago eta askoz ilunago diharduen talde horrek dauka orain boterea: Abdelkader Bensalah Senatuko presidentea behin-behineko estatuburu, Nourein Bedaui Barne ministro ohia gobernuburu, eta Ahmed Ghai Salahk dauka armadan agintea. Tematuta, uztailaren 4rako deitu dituzten hauteskundeetan legitimazioa lortzeko. Kaleko protestek boterea utz dezatela eskatzen dute, egiazko trantsizio bati ekin, konstituzio berri bat idatzi, eta orduan egiteko hauteskundeak. Oraingoz, herrialdeko politikari gehienek ez daukate uztaileko bozetan egoteko asmorik. Zer esanik ez amazigek, errepresioa eta heriotza baino ez dakarkien estatu baten aurrean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.