Kontramemoriak

Maialen Altuna Etxeberria
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Erorien Haranetik iraganeko diktadorearen gorpuzkia helikopteroan daramate, Francoren lekualdaketa gaurkotasun-albiste/espektakulu bilakatua, telebistaz zuzenean emana eta meme bihurtua. Bi aste pasatxo igaro badira ere, ez daukagu ahazteko. Iraganeko mamuak hemen dabilzkigu berriro ere, orainean barrena, ate joka.

Frankisten garaipena oroitzeko eta ospatzeko egindako monumentuen artean Erorien Harana izan zen asmo handikoena. Gerra amaitu zela lehen urteurrena bete zen egun berean iragarri zen Erorien Haranaren eraikitzea, 1940. urteko apirilaren 1ean. Eraikitzea iragartzen zuen dekretuan bertan adierazten zen monumentuaren helburua gurutzadaren dimentsio loriatsuak eta garaipenera eraman zituen sakrifizio heroikoak oroituko zituen sekulako monumentua eraikitzea zela. Dekretu hark zioen moduan, eraikinak «antzinako monumentuen handitasuna izan behar zuen, denbora eta ahanztura desafiatzeko gai izango zena». Francok berak diseinatu izanak, eraiki zen moduak, bortxaz bertan lurperatutakoek eta Francoren presentziak Erorien Harana frankismoaren sinbolo garbi eta bortitzenetakoa bilakatzen dute. Erregimenaren sinboloa da, eta erregimenaren oinarrian zegoen narrazio jakin bat mantentzea izan zuen helburu nagusia, frankismoak argi baitzuen garaipen militarrean oinarritutako erregimenak sinbolikoki gailentzea ere beharrezko zuela.

Erorien Haranean jarri da fokua, baina erorien omenezko monumentuak Estatuko geografia osoan daude barreiatuak. Modu horretan, gatazkak sortutako hildakoen inguruko politika zehatza ezarri zen, irabazleak goratzea eta galtzaileak azpiratzea helburu zuena. Heriotzaren bi espazio sortu ziren, eta gorpuzkiari esleitzen zitzaion bandoak zehazten zuen haren trataera politiko eta legezkoa: galtzaileen gorpuzkiak abandonatuak izan ziren, eta haien aitortza eta memoria, debekatuak; garaituen kasuan, berriz, legeak babestuak, berrobiratuak eta omenduak izan ziren. Ekintza horiek frankismoaren oinarriak definitu zituzten, eta, funtsean, memoria kudeatzeko modu bat zegoen, memoria bakarrarena, garaitu eta galtzaileena. Memoria ulertzeko modu hori ez da diktadurena bakarrik, Europako gainontzeko estatu-nazioetan ikus daitekeenez, nazio-estatuen antolaketa politiko eta sinbolikoen muina baizik.

Baztertutako hobi horiek irekitzeko ekimena gizarte zibiletik hasi zen, eta ondoren sartu ziren instituzioak kudeaketan. Garaituak izandakoen gorpuzkiak argitara ateratzeak hitz egiteko beharra mahai gainean jarri zuen, abandonatuak eta isilduak egon diren hezur horiek memoria ofizialaren kontaera berrikusteko beharra pizten baitute. Pentsatzekoa da gerra zibilaren eta diktaduraren memoriaren narrazio bakar horrek trantsizioa deituan «adostu» zen kontaera bakarrarekin duela zerikusia, 1977ko Amnistia Legearekin bermatu zena. Lege hau adiskidetzeko tresnatzat hartu bazen ere, iraganaren narrazio bakarra izan zen nagusitu zena, gertatutakoaren memoria anitzak isilaraziz eta funtsezko egiturak aldatzen ez zituen erregimena legitimatuz, konkordiaren izenean. Momentu horretan narrazio bakarraren nolakotasuna izan zen aldatu zena, galtzaile/irabazle logikaren ordez anai-ahizpen arteko gatazka moduan azaldu zen gerra zibila, denak ziren biktimak eta beharrezkoa zen iragana ahaztea elkarrekin bakean bizitzeko. Mugimendu herritarren bidez argitara ateratako memoriek narrazio hori ezbaian jarri dute, eta gobernutik erantzuteko beharra ikusi da. Erantzuteko bidea ekintza sinboliko batzuk gauzatzea izan da, Francoren desobiratzea izanik ikusgarriena, Estatuaren konkordiarako funtzioa azpimarratuz. Baina hau herritarren eskutik sortzen joan diren narrazio anitzak alde batera utzita egin da, narrazio bakarra zalantzan jarri gabe, muinera jo gabe.

Memoria ofiziala momentuko erregimena legitimatzeko tresna izaten da, botere ariketa bat da eta narrazio-borrokak izaten dira horren erakusgarri. Gatazken aurrean gobernuen erantzuna memoriaren narrazio bakarra eraldatzea izaten da, zauriak ixteko eta adiskidetzeko bide bezala aurkeztuz. Zenbait pentsalarik beste bide bat proposatu izan dute ordea, muineko arazoa narrazio bakar horretan ikusten baitzuten. Walter Benjaminek, esaterako, iragan ireki baten alde egin zuen, iragan posible asko biltzen zituen iragan baten alde. Ohartarazi zuen iragana «egiten ari den» zerbait baino «egina dagoen» zerbait bezala ulertzearen arriskuaz. Memoria bakarraren ordez memorien aniztasuna aldarrikatzen da ikuspegi horietatik, egungo beharrekin lotua egongo dena eta etengabe iragana berrirakurri eta berreraikiko duena. Izan ere, memoria gaurkotasunetik egiten den ariketa baita, berregite dinamiko eta selektiboa, asmo batekin egiten dena eta testuinguru batean kokatzen dena. Pierre Janetek zioen moduan, istorio bat kontatzearen ekintza da memoria. Istorioen bitartez antolatzen dugu gure gogoa eta gure komunitatea, narrazioen bidez zentzu bat ematen diegu gure ekintzei.

Memoria aniztasunak, kontakizun aniztasunak, memoria bakar horretan agertzen ez diren gorputz eta bizipenak ere barne hartzea ahalbidetzen du. Pertsona arruntek bizitakoak, emakumeen esperientziak, azpiratuen erresistentziak, moldean sartzen ez zirenek sufritutakoak... ez dira historia eta memoria bezala ulertuak izan gure komunitatean, ez ditugu hauen inguruko narrazioak sortu, gure gizartearen oinarriak ezagutzeko ezinbestekoak badira ere. Horregatik datorkit burura Michel Foucault filosofoak proposatu zuen kontramemoria kontzeptua. Kontramemoriak sortu eta plazaratzea oraindik argitara eman ez diren iraganak kontatzea izango litzateke, gertatu ziren eta memorian ez ditugunak orainera ekartzea. Kontramemoriak azpiratutako memoriak dira, historia ofizialean sartzea galarazita izan duten memoriak, narratiba ofizialak eta memoriaren arau normatiboak apurtzeko potentziala dutenak. Historia ofizialaren aurrean historia kritikoa egitea izan daiteke gakoa, narrazio anitzak narrazio bakarrari kontrajarriz. Historia ofizialarekin eta galtzaile-irabazle logikekin amaitu eta hauek sostengatzen duten gizarte ereduarekin apurtzea memoria anitzez osatutako kolektibitate bat eraikitzeko. Gure komunitateak modu autonomoan erabakitzeko nola kudeatu gure iragana, gure (h)istoriak eraikiz, gure kontramemoriak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.