gorka julio
IRLEN SAREA

Pedagogia

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Kontzientziazioa behar da, baita pedagogia ere, baina hori baino gehiago behar izaten da gauzak egin nahi direnean. Planak ere behar dira, baina planak eta estrategiak egonik ere, horiek gauzatzeko gogoa ere izan behar da. Europako Batasunak, adibidez, 2022-2023 urterako software librearen inguruko estrategia bat du, baita datuei lotutako beste bat ere. Nork ikusten ditu bere inguruan horiek aplikatzen direnik?

Pentsatu duzu inoiz zenbat software erabiltzen duzun egunero kontziente izan gabe? Hasi zure sakelako aplikazio gehienetatik, konektatutako etxeko gailuetatik pasatu, eta autoan exekutatzen den softwareraino. Programa horietan guztietan, kodearen zati handi bat software askean dago oinarrituta.

Egunero bisitatzen ditugun webgune gehienek software askeari esker funtzionatzen dute. Funtsean, software librea da, besteak beste, zerbitzarietako sistema eragilea, informazioa gordetzen duten datu baseak eta aplikazioen kodea. Are gehiago, munduko hodei azpiegituraren %90 GNU/Linux du sistema eragile gisa; agian, munduko software libre eta irekirik ezagunena.

Hala ere, oraindik ere software librea zer den azaltzen jarraitzen dugu: software libreak erabiltzaileei softwarea exekutatzeko, aztertzeko, aldaketak egiteko eta kodea eta aldaketak beste batzuekin partekatzeko askatasuna ematen die. Software libreak aplikazio berriak garatzeko berrikuntza eta bizkortasuna errazten ditu, lankidetzarako oztopoak eta ahultasunak ezabatzen dituelako.

Europako Batzordeak ere ulertu du software librearen garrantzia. Europan subiranotasun teknologikoa lortzeko software libreak duen ahalmenaren gainean eraiki nahi du bere estrategia. Hori diote, behintzat. Ikuspegi aldaketa bat adierazten du, software soluzioak irekieratik, truketik, berrerabilpenetik, segurtasunetik, pribatutasunetik, irisgarritasunetik diseinatuak izan daitezen. Software garatzaileen komunitateei aktiboki laguntzeko nahia ere adierazten du, baina hori ere ikusteko dago.

Europako datu estrategia bat ere garatzen ari dira. Datu irekiei eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko Europako 2019/1024 zuzentarauak software librearen eta datu irekien bidez Europaren eraldaketa digitala sustatzeko lan esparru ezin hobea eskaintzen du; pedagogiarekin jarraitu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.