Uda Euskal Herrian berriro

Bi urteren ondoren, Mendebaldeko Saharako haurrak uda pasatzera etorri dira Euskal Herrira. 8 eta 12 urte arteko ia 150 ume etorri dira, Oporrak Bakean egitasmoari esker.

Irune Arana, bikotekidearekin eta Brahim txikiarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Eibar
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Pandemiak garai latzak ekarri ditu, baita Mendebaldeko Saharako haurrentzat ere. Bi urteko etenaldiaren ostean, Euskal Herrira itzultzeko aukera izan dute, Oporrak Bakean egitasmoari esker. 148 umek Euskal Herriko harrera familiekin igaroko dituzte udako hilabeteak, bi urte hauetan izandako gabeziak asetzeko asmoz. Izan ere, pandemia hasi berritan, gobernuz kanpoko erakundeak eta bestelako boluntarioak saharar errefuxiatuen kanpamentuetatik irtetera behartu zituzten, eta, beraz, ez dute laguntza jasotzerik izan.

«Bi urte hauetan, ziurrenik, egunean otordu bat bakarrik egin dute haurrek», oroitu du Irune Lujanbiok, Afaniseko presidenteordeak. Afanis Arabako haur sahararren harrera familien elkartea da, lurraldeko harrera familien kudeaketaz arduratzen dena. Aurten, Araban hogei familia lortzeko esperantza zuten Afanisen, eta, azkenean, 38 lortu dituzte. Datu horiek «izugarri pozgarriak» direla azaldu du Lujanbiok.

Haurrentzat garrantzitsua da udako hilabeteak Euskal Herrian igarotzea: «Otordu guztiak egiten dituzte, medikuarenera eta dentistarenera joaten dira...», argitu du Afaniseko presidenteordeak. Kanpamentuetan, sarritan, medikura joaten direnean ez dute tratamendurik jasotzeko aukerarik izaten, ez baita botikarik egoten. Lujanbioren hitzetan, aurten umeak «oso txikiak eta argalak etorri dira».

Aurtengo familietako asko berriak dira; izan ere, bi urteren ostean, lehen etortzen ziren haurrek Oporrak Bakean-en parte hartzeko adin muga gainditu dute. 8 urtetik 12 urtera arte etor daitezke. Lujanbiok argi du esperientzia oso aberasgarria dela Mendebaldeko Saharako haur bat harreran hartzea: «Nik eta nire familiak asko ikasi dugu haurrei esker; eskuzabalagoak izaten edota geure burua gehiago irekitzen, esaterako».

«Errepikatzeko modukoa»

Irune Aranak eta bikotekideak lehen aldiz hartu dute parte Oporrak Bakean egitasmoan. Brahim 8 urteko haurra hartu dute harreran. Lehen egunak apur bat gogorrak izan ziren Brahimentzat, baina, astebeteren ondoren, eibartar peto-petoa bilakatu da. «Hain urrutitik etorrita, harrigarria da hemengo bizitzara moldatzeko duten gaitasuna», esan du Aranak.

Brahimen harrera familiak agian hurrengo urtean haurra berriro ekarriko dutela argitu du: «On egiten die hona etortzeak; beraz, errepikatzeko modukoa da esperientzia».

Aranaren hitzetan, umea harreran hartzeko prozesua «oso erraza» izan da, hasieratik ongi eta argi azaldu baitzieten sinatu beharreko guztia. 25 eta 65 urte bitarteko edozein euskal familiak edo norbanakok har dezake parteegitasmoan, bere herriko edo inguruko elkarteren batekin harremanetan jarriz.

Lujanbiok funtsezko bi elementu goraipatu ditu familientzat: «Denbora eta gogoa besterik ez da behar, eta ziur nago errepikatuko dutela!», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.