Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Laguntza

2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Nahiko traketsa naiz, eta lurrera askotan erori naiz nire bizitzan. Nire orkatilak askotan bihurritu ditut eta erori nintzen azkeneko aldia oso presente dut. Etxetik gertu dagoen plaza batean izan zen, eta erori nintzenean pertsona dexente etorri ziren ni laguntzera. Negarrez hasi nintzen. Bakarrik egon nahi nuen eta ez nuen inoren laguntza nahi. Minutu bat eman nuen lurrean eta zenbat pertsona gerturatu ziren konturatu nintzenean, pertsona guztien laguntza eskertu nuen eta eskerrak eman nizkien.

Gaizki gaudenean laguntza eskatzea zaila egiten zaigu. Egun hartan gertatu zitzaidan bezala, besteen laguntza ez dugu nahi, baina beharrezkoa da gure bizitzarekin aurrera egiteko. Lurretik altxatzeko lagundu behar nindutela oso agerikoa izan zen egun hartan, baina askotan gure ondoan dugun pertsonak gure eskua behar duela ez dugu jakiten. Gaixotasun mentalen kasuan, min ikusezina da. Min hori pairatzen dutenek laguntza eskatzeko beldur asko izaten dute, eta puntu horretara iritsi baino lehenago arazo bat dutela onartu behar dute.

Aste honetan, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan da. Egun honen harira, sare sozialak eta albistegiak buruko gaitzen inguruan jorratu ziren. Mezu horiek askotan nahiko arinak izaten dira. Gaiaren inguruan sakontzeko oso interesgarria egin zait ETB2n estreinatu den Necesito ayuda saioa. Iban Garatek aurkezten duen saioan, bederatzi gazteren bizipenak jaso dira eta talde terapia egiteko aukera dute. Lehen saioan bederatzi gazteen arazoak pixkanaka ezagutu ditugu. Errealitate nahiko gogorrak dira, baina uste dut oso beharrezkoa dela gazte horien testigantzak ezagutzea. Talde horretatik gehienak emakumeak dira. Iban Garatek saioan adierazi du estatistiken arabera emakumeek laguntza behar dugula errazago adierazten dugula. Saioaren kideen gaztetasuna nabarmentzekoa da: helduena ez da 30 urtera iristen eta gazteenak 18 urte ditu. Lehen saioan bullynga, pandemia, antsietatea eta janariarekin arazoak aipatu dira. Zoritxarrez arazo horiek gehiago entzuten ditugu gazteen artean. Laguntza eskatzea beharrezkoa da eta horrelako saioek gizartean arazo bat dagoela agerian uzten dute. Erori nintzenean gerturatu zen jendearen antzera, laguntza eskatzen duten horien ondoan geratzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.