Aurten bai, egingo da Hatortxu Rock jaialdia, bi urte eta erdiko etenaren ostean, Atarrabian (Nafarroa). Festibalaren helburua da euskal presoen sakabanaketa salatzea eta senideentzat dakartzan gastuak arintzeko dirua biltzea. Abendua da Hatortxu Rocken data ohikoa, baina, etenaldiak bultzatuta, udan zerbait berezia prestatzea erabaki zuten.
Aitor Agirrezabalek, Hatortxu Rocken antolatzaileetako batek, pandemiaren urteak onerako eta txarrerako eragin diela kontatu du: «Alde batetik, desaktibazioa nabaritu dugu; adibidez, asteazkenean bazeuden oraindik txanda batzuk bete gabe, eta hori beste urte batzuetan ez da gertatu. Kontrara, jendea oso gogotsu ere nabaritu dugu; azaroan jarri genituen sarrerak salgai, eta unean bertan milaka saldu genituen».
2019an egin zuten jaialdia azkenekoz. 2020. urtean ikus-entzunezko bat prestatu zuten, eta, emaitzarekin oso pozik geratu ziren arren, Agirrezabalek adierazi du ezin dela jaialdiarekin alderatu. 2021. urtean, azkeneko momentuan, bertan behera utzi behar izan zuten festibala, osasun neurriengatik: «Horrek zulo ekonomiko bat ekarriko zigun, baina jende askok ez zuen sarrera itzultzeko eskatu, eta behintzat dirurik ez galtzea lortu genuen».
Aitzitik, Zerua (hel)muga lelopean, gaur eta bihar, Atarrabia musikaz eta aldarrikapenez beteko dute. 31 musika talderekin osatu dute bi egunetako kartela. Taldeek egiten duten ekarpena azpimarratu du antolatzaileak; auzolanean aurrera ateratzen den jaialdi bat da, eta ez daukate aurrekontu handirik.
Bi gune
Bi gune prestatu dituzte: gune nagusian bi agertoki handi jarri dituzte, etengabe musika egon dadin. Berritasun nagusietako bat bigarren gunea izan da; txikiagoa da, eta erreka ondoan dago: «Bertan, beste agertoki bat, jantokia eta pare bat taberna daude. Oso gune berezia da, jaialdiaren erritmotik deskonektatzeko aproposa», adierazi du Agirrezabalek. Ez dute kanpalekua antolatzeko aukerarik izan. Jaialdiak neguko formatuaren antzekoa izango du, baina bi egunekoa izango dela du berezitasuna, baita karparik ez dela egongo eta espazioa askoz zabalagoa izango dela ere.
Azkenaldian sakabanaketaren auzian aurrerapausoak eman direla baina oraindik ere bidea geratzen dela uste du antolatzaileak. Hala, jaialdia bozgorailu gisa erabili nahi dute: «Gaia konpondu bitartean, Hatortxu Rockek jarraitu egin beharko du».
Rockak hartu du Atarrabia
Hatortxu Rock jaialdia egingo dute gaur eta bihar Atarrabian (Nafarroa). Bi urteren ostean, bueltan da festibala, eta, aurreko egunetako prestaketen ondoren, dena gertu dute musikazaleak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu