Katalunia zati bat Gipuzkoan

Katalan hizkuntza eta kultura sustatzeko Espai Catalunya topalekua elkarteak izena eta zuzendaritza berria dauzka. Espai Catala Via Fora deituko da hemendik aurrera.

Federico Garcia Lorca pasealekuko Via Fora taberna dute elkargune. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Via fora alarma oihua da katalanez. Arrisku kasuetan, jendea kalera irteteko eta biltzeko deia zen. Herritarrek euren askatasunak kanpo zein barne mehatxu batetik defenda zitzaten. Donostian bada katalanen bilgune bat, izen hori duena, Federico Garcia Lorca pasealekuan. Katalan kultura eta hizkuntza hauspotzeko asmoarekin sortu zuten duela hamarkada luze Espai Catalunya topalekua.

Denboraren joanak, ordea, elkartearen jarduna moteldu egin du azken urteetan, eta horregatik berriztu zuten zuzendaritza iaz. Baita izena aldatu ere: Espai Catala Via Fora izango da aurrerantzean. Iñaki Atxukarro da lehendakari berria, eta ortzimugan duten helburua «jende katalana hurbiltzea» dela aipatu du: «Katalana ikasten ari gara, eta nahi genuke erakartzea Gipuzkoan bizi den katalan jatorriko jendea».

Horrekin batera, urte osorako programazio bat sortu nahiko lukete. Hala ere, «poliki-poliki» egin nahiko lukete bidea, Atxukarroren esanetan: «Oraingoz, astean behingo hizkuntza eskolez aparte, mintzapraktika egiteko elkartuko gara hilean behin. Eta martxoan, jendea erakartzeko kanpaina amaituta, urte osoan zer egingo dugun eztabaidatuko dugu bazkide guztiok batzarrean».

Kuota sinbolikoa ezarri dute, urteko 30 euro, jakiteko nor dagoen aktibo eta nor ez: «Azaroan lehen batzarra egin genuen, eta deialdia bidaltzeko bagenuen zerrenda luze bat. Hurbildu zirenek proposamenak egin zituzten batzarrean». Tartean, haurrentzako espazioak sortzea. Umeek esparru katalan bat izan dezaten: «Gurasoen sustraiak ez galtzeko era bat izan daiteke».

Taberna konplizea

Aparteko espazioa da elkartearen bilgunea den taberna, Via Fora. Herrialde Katalanetan ezagunak diren jakiak ditu kartak, eta doan uzten dio lekua elkarteari: «Izena ere nahita jarri diogu Via Fora, eskertza gisa, edozein ideia genuela ere, lekua uzten zigutelako egiteko». Ezaguna da urteetan mantendu duen eta aurrerantzean ere tabernak egiten jarraituko duen calçotada.

Buruan beste proposamen bat dute: Sant Jordi eguna ospatzea. Sant Jordiko Diada izena hartzen du Katalunian, egun seinalatua baita; jai handia ospatzen dute. Liburuaren Nazioarteko Egunaren data bera du, apirilak 23. Ohitura da elkarri estimua dioten lagunen artean arrosak eta liburuak oparitzea. Kulturak leku handia hartzen duenez, Espai Catalako kideek nobelaren baten aurkezpena egiteko aprobetxatu nahi lukete, eta aitzakia hori erabili elkartzeko.

Zenbat buru, hainbat arrazoi

Hamaika arrazoi izan dituzte katalana ikasteko klaseetara joan direnek, ezberdinak denak. Atxukarrok aipatu du emaztearengatik hasi zela hizkuntza ikasten: «Emaztea katalana denez, harekin hasi nintzen ikasten, aspaldi. Taldeko beste batzuek lagunak dituzte Herrialde Katalanetan, eta haiekin harremana izateko ikasten dute. Eta badago besterik gabe hizkuntzak gustatzen zaizkion jendea».

Euskal Herriak eta Herrialde Katalanek duten harreman estua azpimarratu du Atxukarrok, eta horretarako espazioa izatea nahi luke. «Elkarte kulturala garen heinean, oso pluralak izatea gustatuko litzaiguke. Baita politikoki ere. Maiz pentsatu izan dugu zergatik galdu zuen hauspoa elkarteak, eta izan daiteke azken urteetako tirabiren emaitza. Dena den, ni garai horietan ez nengoen elkartean, eta ezin dut zehatz esan zein izan zen kausa».

Dakiena da landarea kimatu eta berriz loratzeko lanean ari den talde bat badela egun Via Foran elkartzen dena. Oraingoz, hasiberrien, tarteko maila duten eta maila altuagoa duten hiru talde dituzte katalana ikasten. Etorriko direnen zain egon beharrean, ekiteko asmoa ageri dute partaideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.