Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Bigarren zatiak

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ohikoa da entzutea bigarren zatiak okerragoak direla. Uste horrekin ez nago guztiz ados, telesail askotan bigarren denboraldia lehena baino hobea izaten delako. Duela gutxi ikusi dudan Kärlek & Anarki (Netflix) telesailarekin hori gertatu zait. Lehen denboraldia gustura ikusi nuen, baina ez nion ezer berezirik topatu. Bigarren denboraldia atera zenean, ikusteko erabakia hartu baino lehenago, zalantzan egon nintzen. Lehenengo denboraldiaren antzekoa izango zen beldur nintzen, baina aukera bat eman nion. Zorionez, ezusteko on bat jaso nuen telesail suediar horrekin.

Sofie eta Max dira protagonistak. Sofie kontsultorea da, ezkonduta dago, eta bi seme-alaba ditu. Lehen denboraldian, argitaletxe bateko egoera ekonomikoa aztertu behar du. Max bertan ezagutuko du, argitaletxeko informatikaria baita. Bien arteko erlazio hori sexuan, jolasean eta bata bestea proban jartzean oinarritzen da, batez ere. Lehen denboraldi horretan Sofieren eta Maxen erlazioan jartzen da fokua, eta beste protagonisten tramak alde batera geratzen dira.

Bigarren denboraldia, aldiz, Sofieren sentimenduetan zentratzen da gehiago, eta inguruko pertsonaiek ere garrantzi handiagoa hartzen dute. Sofieren bizitza guztiz aldatzen da Max ezagutu ostean. Bere senarrarengandik banandu egiten da, baina Maxekin duen erlazioarekin aurrera egiteko zalantzak ditu. Horretaz gain, argitaletxean gertatzen diren istorioek pisu handia hartzen dute bigarren denboraldian.

Telesailarekiko interes handiagoa izan nuen aldaketaren ondorioz. Bigarren zati hori hobea izan dela esan dezaket, zalantzarik gabe. Protagonistaren iraganeko mamuak agertzen dira. Sofiek bere aita galdu berri du, bere buruaz beste egin duelako. Dolua sufritzeaz gain, bere aitaren heriotza nolakoa izan den ezkutatu nahi du. Gauza asko ditu buruan eta ez da ezertan zentratzen. Bere barneko sentimenduak helarazteko zailtasun asko ditu eta horrek telesail mamitsu bat ikusteko aukera ematen du. Beraz, bigarren zatiei aukera bat eman behar zaiela uste dut. Kasu honetan, bigarren denboraldia ikusteko erabakia hartu izanak telesail interesgarriago bat ikusteko aukera eman dit. Beraz, pentsa dezagun bigarren zatiak onak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.