213 kilometro jasangarritasunerantz

Bask arropa marka osatzen duten kideak euskal kostako zaborra biltzen ari dira aste honetan. 11 herri zeharkatuko dituzte, gizartea kontzientziatzeko helburuarekin.

213 km proiektuaren antolatzaileak, Bask markaren furgonetan. BASK.
Miren Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Plastikoa biltzen dabiltza Bask arropa markako hiru kide euskal kostaldeko 11 herritan. Euskal kostaldeko plastiko kopuruaz larriturik, biltzen dituzten plastikozko botila guztiei beste bizitza bat emateko ardura hartu dute. 2022ko udarako bainujantziak egitea dute helburu, eta, horretarako, euskal kostako plastikozko botilak batuko dituzte, 213 km egitasmoaren barruan. Hondarribitik (Gipuzkoa) Getxorainoko (Bizkaia) bidaia hilaren 8an hasi zuten Bask arropa marka jasangarriko hiru kideek: Jon Kareagak, Maddi Bercianosek eta Mikel Izurietak, eta herriz herri jende andana izan dute lagun abian jarri duten proiektuan.

Jada zeharkatu dituzte Hondarribia, Donostia, Orio, Zarautz, Zumaia, Deba, Mutriku eta Mundaka, eta, gaur, Bermeon izango dira. Sopelan bilduko dute zaborra bihar, eta etzi amaituko dute 11 eguneko abentura, Getxon. Kareagak azaldu duenez, arazo larri bat pairatzen ari da euskal kostaldea, eta, horri buelta eman nahian, «ezinbestekoa» iruditu zaie horrelako egitasmo bat antolatzea. Gaineratu du egitasmo horrekin garrantzia eman nahi izan diotela klima aldaketaren gaiari: «Gaur egun, koronabirusaz soilik aritzen dira komunikabideetan, eta, klima aldaketaren gaia bigarren planoan gelditzen denez, guk geuk ekarri nahi genuen erdigunera gai hori». Proiektua aurrera eraman ahal izateko, herritarren laguntza beharrezkoa dutela adierazi du Kareagak: «Helburua ez da gu hirurok bakarrik izatea aldaketaren parte, baizik eta jendearen laguntzaz aurrera eramatea».

Bask arropa marka

Euskal kostaldeko zaborra biltzeaz gain, Bask markak zuhaitzak landatuko ditu tokiko erakundeekin lankidetzan; 213 kilometroko abenturak eragindako karbono aztarna konpentsatzeko. Izan ere, «gizartea inspiratzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko helburuarekin jaio zen arropa marka jasangarri bat da Bask»; hala definitu du Kareagak. Modaren egungo paradigma aldatzeko helburuarekin sortu zen Bask, eta, Kareagak azaldu duenez, Bangladeshera egindako bidaia batean otu zitzaien proiektuaren ideia. Dioenez, bidaia hura ez zitzaien samurra egin, inondik inora: «Mendebaldean kontsumitzen ditugun jantzien atzean dagoen errealitateaz ohartu ginen Bangladeshen, hango jendea ikusi baikenuen guk hemen janzten ditugun arropak egiten».

Kareagak dioenez, Bangladeshen bertan konturatu ziren egungo modaren industriak zenbaterainoko kaltea eragiten dion planetari: «Errealitate gordin batekin topo egin genuen, han konturatu baikinen zer dagoen moda erakusleiho horien guztien atzean». Hala ere, neurri batean, positibotzat du Kareagak Bangladesheko esperientzia hori; haren hitzetan, han ikusitakoa baliatu baitute Bask-en aurrera begirako urratsak definitzeko: «Arrazoi gehiago eman zizkigun industria jasangarriago eta etikoago baten alde borrokatzeko».

Halaber azaldu du Bangladesheko moda industria zeharo kutsatuta dagoela: «Bangladeshen dagoen hondakin kopuruak eta ibaiaren koloreak berak erakusten du hango kutsatze maila. Gainera, gu hilabete baterako joan ginen, eta arnasteko zailtasunak genituen; ez dut pentsatu ere egin nahi zer izan daitekeen hori egunerokoan bizitzea». Gehitu du gainerako herrialdeek dutela, neurri handi batean, kutsadura horren guztiaren errua: «Bangladeshen ez dira jasaten ari produkzio kate guztiko lan baldintza kaskarren ondorioak soilik, guk Mendebaldean sortutako praktika arduragabeen inpaktuak ere eragiten die».

213 km egitasmoarekin, beraz, Bask-en balioen alde egin nahi izan dute Kareagak, Bercianosek eta Izurietak. Bermeo, Sopela eta Getxo geratzen zaizkie abentura amaitu eta datorren udarako bainujantziak egiteari ekiteko. Haiekin batera zaborra biltzen arituko diren herritarrei, gaur arte egin duten gisara, osasun neurriak errespetatzeko deia ere egin die Kareagak: «Pandemia bete-betean gaude, eta, beraz, gure proiektuarekin bat egiten dutenek osasun neurriak bete beharko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.