Altxorrak itsas hondoan

Crusoe Treasure upategiak Plentziako itsas hondoan ontzen ditu bere ardoak. Hasierako errezeloak gaindituta, ardo horien berezitasuna goratu dute adituek. Bioaniztasun aberatsagoa ere lortu dute.

Ahuntzarrain bat, botilen inguruan. CRUSOE TREASURE.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Daniel Defoeren Robinson Crusoe eleberri ezagunean ez da ardo botilarik ageri, baina kondairak dio pertsonaia horren izen berbera daraman uhartean ba omen dagoela altxor bat galanta, urrez eta harribitxiz mukuru, espainiarrek lurperatu zutena, enbata batek bertara besteratu zituenean. Lurpean dago hura, eta urpean Plentziakoa (Bizkaia). Istorio horri egindako keinua da Crusoe Treasure proiektua eta upategia: milaka ardo botila ontzen dituzte itsas hondoan, kaioletan sartuta, eta lortu dute lehen ez zeuden itsas espezieak haztea haien inguruan, lehengoratzea, eta itsas hondoko biodibertsitatea aberastea.

2008an abiatutako ikerketa bat dago guztiaren oinarrian: itsasoko olatuek, itsasbeherek eta itsasgorek, korronteek... ardoarengan izan dezaketen eragina aztertzea zen helburua. 27 upategik hartu zuten parte, eta hamahiru jatorri izenek. Izan beltzak, zuriak, gazteak, onduak... Bi urte eta erdiz izan zituzten Plentziako badiako itsas hondoan, kaioletan sartuta, eta hiru hilabetean behin egiten zituzten dastaketak enologo batzuekin. Emaitza nagusia: lehen hiru hilabeteetan ez zela ia aldaketarik nabaritzen, baina sei hilabetetik aurrera bai, eta nabarmenak.

Botilaz betetako kaiolak ateratzen. crusoe treasure

Borja Saratxo proiektuaren sortzaileak behin baino gehiagotan esplikatu du ez zela hasiera erraza izan. Nola gonbidatu zuten Antonio Palacios enologoa —hura da gaur egun Crusoe Treasure upategiko enologo nagusia—, eta nola erantzun zien hasieran hori «marketina baino ez» zela. Hamazazpi botila bidali ei zizkion Saratxok urpean ondutakoak, eta beste hamazazpi berdinak, baina uretatik kanpo onduak. Lau egunera idatzi ei zion: «sinestezina» zela emaitza, analitikak «erabat ezberdinak» zirela. Palaciosek berak onartu du hori: «Eszeptiko samarra nintzen hasieran, baina egindako analisi kimiko eta mikrobiologikoek agerian utzi zuten itsasoaren eragina nabarmena dela. Eta parametro horiek eta esperientzia sentsorialak berak edonor konbentzitu dezakete. Agian esango dizu gehiago gustatu zaiola urpekoa ez dena, baina urpekoa ezberdina dela ere bai. Itsasoaren biodinamika eta indarra ardora iristen dira organoleptikoki, modu harrigarrian».

Ardo biribilagoak direla diote, usaintsuagoak, urdinagoak, bioletagoak, integratuagoak: ardo gaztearen ezaugarriei eusten dietela, baina onduek duten aberastasun guztiarekin. Milaka botila sartzen dituzte urtero, eta lehendik sartutakoak atera. Jatorri izen ezberdinetakoak dira. Hogei bat metroko sakoneran, eta kaioletan sartuta, lakratuta, 500 metro koadroko gune baimenduan, eta sentsoreekin. Hamar ardo mota ekoizten dituzte, underwaterwine.com webgunean dituzte salgai, eta bisita eta dastaketa gidatuak ere antolatzen dituzte.

Lakrez itxitako botilak mailuarekin irekitzen. crusoe treasure

Arrezife txiki bat

Anna Riera itsas biologoa da Crusoe Treasure upategiko komunikazio arduraduna. Gogoratu du Borja Saratxo sortzailea urpekaria dela izatez, eta itsasoaren mundutik datozela gehiago ardoaren mundutik baino. «Ikerketa abian jarri zenetik egon da oinarrian itsasoari eta haren zaintzari buruzko kezka. Itsas hondoko azpiegituraren helburua hasieratik izan da arrezife artifizial baten gisa funtzionatzea, eta ingurumenari mesede egitea», azaldu du.

Upategia Barrikako (Bizkaia) hondartzaren aurrealdean dago kokatuta, Plentziako kai muturretik gertu. Harea eta lauza lauak daude hondoan, eta korronte indartsuak. «Egiturak hormigoizkoak eta altzairuzkoak dira. Zimurtsuak direnez, itsas hondoko bizitza kateatuta gelditu da bertan, eta sortu da gune bat non espezie horiek bizi eta babestu daitezkeen», dio Rierak.

Paneka talde bat, kaiolen inguruan. crusoe treasur

Garapena «oso positiboa» izan dela dio Crusoe Treasureko itsas biologoak: «Arrezifea jada naturalizatu egin da, eta azpiegitura guztiak kolonizatuta daude. Ekosistema aberatsa da, bioanitza eta egonkorra». Eta neurria ere jarri nahi izan dio lorpenari: «500 metro koadro baino ez dira, puntutxo bat itsasoan, baina lagundu du bertako espezie batzuk lehengoratzen, eta hedatzen. Gainera, muturreko baldintzaren bat sortzen bada itsasoan, horren ekosistema sendoa eta sanoa sortu denez, bertan bizirik iraun dezakete».

Upategira bisitan joaten direnak ardoaren peskizan joaten dira, baina bertako biodibertsitatean izan duen eragin positiboaz ere ohartzen dira. Rierak dio espezie kopurua baino garrantzitsuagoa dela ekosistema «sano» bat dela: «Badaude espezie jakin batzuk uraren kalitate onaren adierazgarriak direnak».

Arrainak, algak, krustazeoak... denetik topa daiteke botilen artean. «Bertakoak ia denak. Inbaditzailerik ez da egokitu. Ekosistema naturalizatu egin da. Panekak, muxarrak, olagarroak, txipiroiak, itsas aingirak... Marrazo muturluzearen arrautzak ere topatu izan ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.