Prezioak. 2018ko abenduko inflazioa

Soldaten eta pentsioen igoeratik behera geratu da abenduko KPIa

Urte arteko inflazioak %1,1era egin du behera 2018aren amaieran, erregai merkeagoari esker. Pentsioak %1,7 igo ziren iaz; soldata publikoak, %1,75; eta sektore pribatuko itunpeko soldatak, %1,8

Soldaten eta pentsioen igoeratik behera geratu da abenduko KPIa.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bigarren urtez jarraian ustekabe on batekin bukatu du urtea inflazioak. Urtearen zati handi batean %2tik gora aritu zen, eta erosteko ahalmenaren galeraz hitz egin zezaketen langile eta pentsiodun gehienek, hortik behera igo zizkietelako beren sariak urte hasieran. Baina, azkenean, kontrakoa gertatu da: Hego Euskal Herrian, KPI kontsumo prezioen indizeak %1,1ean bukatu du 2018ko abendua, eta, erreferentzia horren arabera, erosteko ahalmena irabazi ahal izan dute pentsiodunek eta langile askok. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina inflazioa hortik gora egon dela pentsa daiteke, Frantzian urtebetean prezioak %1,6 emendatu direla ziurtatu baitu Insee estatistika erakundeak.

Joera ez ezik, azken zenbakia ere partekatzen dute 2017. eta 2018. urteek: bietan %1,1 igo dira prezioak, urte arteko tasan. 2017an bezala 2018an ere, beheranzko bidean egin dute prezioek urtearen azken zatia. Iaz ere apal hasi zuten urtea —%0,5 urtarrilean eta %1 apirilean—, baina petrolioaren garestitzeak %2ra igo zuten maiatzean, eta maila horretan egon dira, petrolioa berriro merkatu den arte. Maiatzetik urriaren amaierara 60 euroren bueltan salerosi da Brent upela, baina 2018ko azken hamar asteetan balio horren heren bat galdu zuen. Abenduaren 31n, esaterako, 39,8 euro balio zuen, urtebete lehenago baino hamar euro gutxiago.

Petrolio merkeagoari esker, garraioen atalak utzi egin dio inflazioa eragiteari. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,1 baizik ez da igo atal hori, eta Nafarroan, batere ez. Uztailean, inflazioak goia jo zuenean (%2,3), %5,8 ari zen garestitzen garraioa.

Soldatak, hortik gora

Inflazioaren jaitsiera berri ona da soldatapekoentzat, haietako askok erosteko ahalmena berreskuratu dutelako urtearen amaieran. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, indarrean dauden lan hitzarmenek %1,79ko soldata igoera dakarte, Lan Harremanen Kontseiluaren urrira arteko datuek diotenez. 2018an sinatutakoen artean, are handiagoa da hitzartutako soldata igoera: %2,14. Estatalizazioaren eragina kaltegarria da arlo horretan; Espainian sinatu eta EAEn ezartzen diren itunek soldata igoera kaskarragoak dituzte (%1,94), hiru lurraldeetan negoziatu eta hitzartutakoek baino (%2,24).

Egia da, hori bai, oraindik langileen zati esanguratsu bat —330.000 lagun, soldatapekoen %57— iraungitako edo berritu gabeko lan hitzarmenak dituela, eta egoera horretan daudenetako askok soldatak izoztuta dituzte. Berritu gabe daude, esaterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak, bi lurralde horietako garrantzitsuenak.

Pentsioak ere bai

Abenduko erreferentziarekin, sektore publikoko 130.000 langileek ere erosahalmena irabazi zuten iaz. Nafarroako Gobernuak %1,5 igo zien soldata bere 28.000 langileei. Abuztuan egin zuen, baina urtarriletik uztailera arteko igoera ere aplikatu zien. Gainera, aurrerago beste %0,25 igo zien, baina uztailetik aurrerako atzeraeraginez. Jaurlaritzak ere %1,75 handitu zizkien sariak bere langileei, eta berreskuratu egin zituen Itzarri pentsio osagarriei egindako ekarpenak —soldataren %1—.

Pentsiodunentzat ere ez da azkenean urte txarra izan. PPren menpeko Espainiako Gobernuak %0,25 igo nahi zizkien pentsioak, bosgarren urtez jarraian. Erabaki horrek pentsiodun asko sumindu zituen, eta manifestazio jendetsuak antolatzen hasi ziren urtarrilean. Kaleko protestek izan zuten eragina alderdien bulegoetan, eta, aurrekontuak babestearen truke, pentsioak %1,6 igotzea hitzartu zuen PPk EAJrekin. Aurrekontu propiorik gabe, PSOEren gobernu berriak bere egin zuen igoera hori, eta beste keinu bat egin zuen. Azarora arte, Espainiako batez besteko Espainian inflazioa %1,68 izan zenez, eta hari esker erosahalmena galduko ez zutela erakutsi nahi zuenez, azkenean %1,7 igo zituen —diru hori jasotzeke daukate—.

Iparraldean, freskoa garestiago; Hegoan, higienea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.