Kanpo merkataritza. 2018ko balantzea

Kontrako haizeak ez ditu eragotzi inoizko esportazio handienak

Urtearen amaieran erritmoa galdu arren, esportazioak %8,2 hazi ziren iaz Hego Euskal Herrian. Makinak dira esportazioen heren bat, eta autoak eta haren osagaiak beste laurden bat

Kontrako haizeak ez ditu eragotzi inoizko esportazio handienak.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Donald Trumpen merkataritza gerraren urtea izan da 2018a. Ekonomiaren motelaldiaren urtea, Txinaren eredu arrakastatsuaren arrakalak erakutsi dituena, baita dieselaren salmenten amiltzeak autogintza osoa atakan jarri duena ere. Baina kontrako haize gero eta indartsuagoek ez dituzte geratu euskal enpresen atzerriko salmentak. Inoiz baino gehiago esportatu zuten iaz: 34.568 milioi euro; 2017an, marka hautsi zutenean baino %8,2 gehiago.

 

Pixka bat gehiago igo dira inportazioak, %8,9, baina artean esportazioak baino laurden bat txikiagoak dira (25.128 milioi euro). Ondorioz, kanpo saldo positibo handia du Hego Euskal Herriak: kanpoan saltzen duena 9.440 milioi gehiago da kanpotik erosten duena baino. Datu ona da kanpo merkataritza ongi doanean, baina arriskutsuagoa merkataritza uzkurtzen denean, produktu asko merkatu gabe utz ditzakeelako.

Esportazioak Hego Euskal Herriko barne produktu gordinaren %35etik gora dira dagoeneko. Alemaniaren kopurutik gertu dago kopuru hori (%39), eta atzetik ditu Italia (%26), Espainia (%24), Frantzia (%20) eta Erresuma Batua (%17), baina baita Txina (%18) eta AEBak ere (%8).

Makinak eta autoak

Hego Euskal Herriak batez ere ekipo ondasunak esportatzen ditu, hau da, industrian beste ondasun batzuk egiteko edo eraldatzeko erabiltzen diren makinak. Haietakoak dira esportazioen %33,8. Bilakaera ona izan dute, urtebetean %7,4 handitu baitira.

Autogintzari lotutakoak dira esportazioen %24. Iaz %4,3 handitu ziren, baina alde handia dago Nafarroaren (+18,3) eta beste hiru lurraldeen artean (-%5). Labur esanda, VWek ibilgailu gehiago esportatu dituela 2017 kaskarraren ondoren —Polo modelo zaharra azkenetan zegoen—, eta gutxiago Mercedesek, diesel motorreko ibilgailuen salmenten amiltzeak eragin diolako. Ibilgailuen esportazioak %7 gutxitu dira EAEn, eta Mercedes da ekoizle bakarra; hari dagokio Arabaren esportazioen heren bat.

VWen eskutik, Nafarroa izan da esportazioak gehien handitu dituen lurraldea (%12,7). Haren atzetik dator Bizkaia, %9,8eko hazkundearekin. Barne merkataritzan leku berezia du Bizkaiak, energia sektoreak asko baldintzatzen duen lurraldea baita. Bilboko portura iristen den petrolio gordina eta gasa bere inportazioen %48 dira, eta Hegoalde osoko %22. Baina sartu bezala irteten da erregaia Bizkaitik, behin tratatuta: bere esportazioen ia %25 dira produktu energetikoak.

Fluxu horren ondorioz, Bizkaia da kanpo saldo negatiboa duen lurralde bakarra, hots, gehiago inportatzen du esportatzen duena baino. Beste hiru lurraldeetan, inportazioak esportazioen %55 inguru dira.

Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak batez ere Frantziara (%15,3), Alemaniara (%15) eta AEBetara (%8,3) doaz. Zenbakiak ez dira oso desberdinak Nafarroan; urrira arteko datuek diote Frantzia eta Ipar Euskal Herria direla bezero nagusia (%16,9), eta haren atzetik datozela Alemania (%15,3), Italia (%10) eta Erresuma Batua (%4,9). Txina oraindik oso urrun dago: esportazioen %1,1 baizik ez ziren hara joan.

Urte amaierako pattalaldia

Esportazioentzat 2018a ona izan arren, urtearen amaiera ez da hala izan. Uda arte %10etik gorako tasetan hazi ondoren, azaroan %4,5 igo ziren esportazioak, eta %5,5 jaitsi, berriz, abenduan. Azken hilabete horretan Mercedes faktorea oso nabaria izan da, Arabaren esportazioak %29 jaisteraino.

Kontrako muturrean dago Gipuzkoa: abenduan %16,1 gehiago esportatu zuen, CAFek tren asko entregatu zituelako —garraio materialaren salmenta %71 handitu zen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.