Hiru sareak, euskarak batuak

Donapaleun protesta egin dute ikastoletako, sare publikoko eta eskola giristinoko kideek, kalitatezko euskarazko irakaspena eskatzeko. Olivier Dugrip akademia errektoreak entzungor segitzen du

Auzapezen bilkura eten zuten protestan ari zirenek. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Donapaleu
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Kalitateko euskarazko irakaskuntzaren alde elkartu ziren atzo ikasleak, irakasleak eta gurasoak, Donapaleun (Nafarroa Beherea), Pirinio Atlantikoetako Departamenduko auzapezen elkarteko bileraren karietara. Hezkuntzari buruzko jardunaldiak antolatuak zituzten, eta Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektorea eta Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria parte hartzekoak ziren. Kanpoan protesta egiteko baliatu zuten zenbait eragilek: ikastoletakoak, sare publikokoak eta pribatu giristinokoak; hiru sareak, euskarak batuak.

Heldu den ikasturtean 30 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak, eta prest agertu da hamahiru bere gain hartzeko. Parisek hamar gehiago pagatzea eskaini du, baina beste zazpi faltako lirateke oraindik. Irakasle postuak onartu nahi ez badituzte ere, horiek ordaindu ahal izateko dirua ematea nahi du ikastolen elkarteak —iazko ikasturtean, 4,5 postu ordaintzeko laguntza eman zion EEP Euskararen Erakunde Publikoak—. Ohar argia helarazi du Nagore Ruizek, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko irakasleak: «Irakasle postuak lortzen ez baditugu, ikasleek, gurasoek eta irakasleek pairatuko dugu».

Heldu den asteartean, hiru urtean behin berritzen duten ituna sinatzekoa dute Seaskak, EEPk eta Hezkuntza Ministerioak. Murgiltze eredua aitortzeaz gain, haren koadroa finkatzen du hitzarmenak: ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua finkatzen du, eta geroari begira ikastetxe eta sail berrien irekitzea. «Guretzat negoziazio koadro bat da. Baina merezi ote digu izenpetzea, gero ez badute errespetatzen?», galdetu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Gaur-gaurkoz, Seaskak jakinarazia du postuen afera argitu ezean ez duela ituna sinatuko.

Haserre dira sare publiko eta pribatuan ere, Frantziako Gobernuak ez baitu baimenik eman euskarazko murgiltze sistemaren esperimentazioa beste hiru eskolatan jartzeko, eta heldu den ikasturtean ikasgela batzuetan ikasle kopurua ez delako errespetatuko —leku batzuetan bost mailatako 30 ikasle elkartuko dituzte ikasgela berean—. Lizeoetako erreformak ere kezka sortu du, euskarazko irakaskuntzak balioa galtzea ekar baitezake. Euskal Haziak, Biga Bai eta Ikas Bi guraso elkarteak, eta Erakasleak eta Euskara Geroan irakasle taldeak elkartu ziren atzo arratsaldeko protestan.

Joan den martxotik mobilizatuak direla oroitarazi zuen Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko kideak: «Hemen gara presio hori atxikitzeko». Elkarte ezberdinak elkarrekin aritzeak duen garrantzia azpimarratu zuen Amaia Boloki Euskara Geroan taldeko irakasleak: «Kalitatezko euskarazko irakaskuntza izatea nahi dugu, bai Seaskan, baina baita publiko eta pribatuan ere. Ondoko urteetan, sail horien garapen bat izatea nahi dugu, horien bidez euskalduntze prozesu aktibo bat lortzeko».

«Ez gara autistak»

Goizean errektorearekin bildu ziren irakasle eta guraso batzuk. Berritasunik ez zela izan, bakoitzak bere posturak atxiki zituela adierazi zuen Marie Andre Ouret Biga Bai elkarteko presidenteak. Lizeoetan hiru edo lau ordu euskaraz egiteko dotazio berezia atxikiko zutela hitzeman zien errektoreak, ahoz.

Erantzunak ez zituen ase, eta agintariak zeuden gelara sartu ziren protestan ari zirenak, Hemen gaude euskararen alde oihu eginez. Alain Sanzek, departamenduko auzapezen elkarteko presidenteak, bilkura bukatzean haien aldarrikapenak entzuteko prest zirela erran zien: «Ez gara autistak». Autistak ez iraintzeko eskatu zioten publikotik haserre. Eztabaida txiki baten ostean, bilkuratik irten ziren manifestariak.

Euskal Irratietan mintzatu zen Olivier Dugrip errektorea bilkuraren bukaeran: Seaskaren 30 postuak gehiegizkoak direla eta Frantziako Estatuak jadanik «indar handia» egin duela aderazi zuen. Halaber, Lizeoetako erreformak euskarazko iraskakuntzari balioa emanen diola baieztatu zuen. «Ez dago kezkatzekorik». Afera ez da konpondua.

Murgiltzean badakite erdaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.