Maria Txibiteren inbestidura

EH Bilduren abstentzioa ziurtatzeke, Maria Txibite aurkeztu da inbestidurarako

Koalizioko militanteek abstentzioaren eta ezezkoaren artean hautatuko dute gaur. Navarra Sumako Javier Esparzak Otegiren bazkide izatea egotzi dio PSNri

Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, atzo, parlamentuan, Unai Hualderekin izandako bileran. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Etzi jakingo da igerilekuan urik baden edo ez, baina Maria Txibitek jauzi egin du jada. Nafarroako hurrengo lehendakari izendatzeko gehiengo sinplea lortzeko, oraindik ez du nahikoa botorik ziurtatuta. Nahiz eta EH Bilduko mahai politikoak iragan asteburuan abstentzioaren alde egiteko eskatu, militanteek eurek erabakiko dute koalizioaren posizio politikoa. Bihar goizean emango du emaitza horren berri koalizio abertzaleak, eta, ezezkoaren atea oraindik ere irekita badago ere, Maria Txibitek erabaki du inbestidurarako aurkeztuko dela. Urrats hori ikusita, «pozik» dago PSN, Pedro Sanchezek eta PSOEko zuzendaritzak babesa eman baitiote.

Aurreko egunetan, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin akordio programatikoa eta gobernuaren antolamendua hitzartu zuen PSNk, eta, igandean, eduki horri buruz galdetu zien militanteei. Bozkatu zutenen %89k baiezkoa eman zuten, eta, emaitza jakin bezain azkar, Maria Txibitek Unai Hualde parlamentuko presidenteari deitu zion. Hark inbestidurako osoko bilkura egiteko ezinbestekoa den tramitea bete zuen, eta alderdietako eledunekin banaka bildu zen atzo.

Maiatzaren 26ko gauean pozarren ziren Navarra Sumako ordezkariak, baina, PSNren urratsak ikusita, ilundu egin zaie begirada. Javier Esparza Navarra Sumako hautagaiaren esanetan, alderdi sozialista «EH Bilduren besoetan» erori da. Esku batean ETAren aurkako manifestazioaren irudia zuela eta bestean asteburuan Hernanin (Gipuzkoa) eginiko omenaldiaren irudia, Esparzak sozialistei aurpegiratu zien «demokraten ordez ETAko hiltzaileen lagunak» hautatu izana. Salatu zuen orain Pedro Sanchez «Arnaldo Otegiren bazkide» dela.

Esparzaren aurretik hitz egin zuen Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak. «Askatasunak eta demokrazia defenditu ditugu lurralde honetan eta Espainian, eta alderdikideak hiltzen ikusi ditugu». Halaber, PPk eta Ciudadanosek Espainian erabili dituzten argudioen aurrean, politika «lokaztea» egotzi zien: «Etengabe bilatzen dute gatazka eta haustura». Era berean, ez du kezkatzen gutxiengoan egoteak. «Kezkatuta geundeke gobernu programa hitzartu ez bagenu edo Nafarroako estatusa errespetatzeko akordioa egin izan ez bagenu». Alzorrizen arabera, beste hiru alderdiak dira lehentasunezko bazkideak, eta, gehiengorik ez den gaietan, parlamentuan, «guztiek, Bilduk eta Navarra Sumak, politiketan eragiteko ahalmena izango dute».

Emaitza, bihar 10:00etan

Inbestidurarako ere ez dute nahikoa gehiengorik. EH Bilduk gaur galdetuko die militanteei, eta emaitzaren berri bihar emango du, 10:00etan. Militante bakoitzari galdetuko dio ea inbestiduraren aurrean zer egin behar duen EH Bilduk, eta bi aukera utziko dizkio: ezezkoa edo behar diren abstentzioak. Bozketa telematikoki egin daiteke, edo hainbat tokitan: Iruñeko, Lizarrako edo Tuterako egoitzetan; Agoizko udaletxean; Etxarri Aranazko kultur etxean; Tafallako alkartetxean; Leitzako Aurrera Elkartean edo Doneztebeko Azkarretan. EH Bilduko mahai politikoak egin bezala, Nafarroako EAk proposatu du abstentzioaren alde egitea.

ELAk prentsa ohar bidez kritikatu du PSNk, Geroa Baik,Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lortutako akordioa, «benetako aldaketa baterako gutxienekoak ez dituelako betetzen». Sindikatuaren ustez, osasunean edo hezkuntzan aurrekontua nabarmen handitzeko konpromisoa agertu arren, ez du zehazten «nondik aterako den dirua». ELAk uste du anbizioa falta zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.