Lau herritarretik bat, kanpoan jaioa

Gaindegiak migrazioei buruzko azterketa bat argitaratu du: euskal herritarren %29 dira atzerrian jaioak, 900.000 lagun. Iparraldean %43 dira kanpoan sortuak, batik bat Frantzian
Migrazio moldea nabarmen desberdina da Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian.
Migrazio moldea nabarmen desberdina da Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko abuztuak 6
Harrera herria izan da Euskal Herria hamarkada luzez, eta aniztasun handia du herritarren jatorriari dagokionez. Migrazio mugimenduei buruzko azterketa bat egin du Gaindegiak, eta bistan jarri du nolako pisua duen kanpoan jaiotako populazioak biztanlerian. Lau euskal herritarretik bat baino gehiago, %29, atzerrian sortuak dira: 898.500 lagun. Banaketa ez da homogeneoa, hala ere. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, handiagoa da kanpoan sortutakoen proportzioa: bost herritarretik bi (%43). Gehienak ez dira herrialde txiroetatik iritsitakoak, Frantziako Estatuan sortuak baizik. Hegoaldean bestelakoa da panorama: Espainiako Estatuan sortuak pisua galtzen ari dira; beste herrialde batzuetakoak, irabazten.

Espainiako eta Frantziako estatistika erakundeen datuak baliatuz egin du azterketa Gaindegiak. Herriz herriko biztanleria datuak arakatu ditu. Zenbaki guztiak ez dira urte berekoak: INE Espainiako Estatistika Institutuak 2018an eman zituen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleriaren azken datuak; INSEE Frantziako Estatistika Institutuak, 2015ean Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak.



Migrazio mugimenduetan gorabehera handiak izan dira urteotan. 2008-2017 artean, krisi ekonomikoaren urteetan, 376.000 migratzaile iritsi dira Hego Euskal Herrira, batik bat Amerikatik eta Afrikatik. Izan da beste joera bat ere, ordea: migratzaileak joatea. Europako Batasuneko etorkinekin nabaritu dute joera hori, batik bat portugaldarrekin eta errumaniarrekin. Europako beste herrialde batzuetara migratu dute orain. Joan direnen eta heldu direnen arteko diferentzia positiboa da: gehiago dira iritsitakoak. Eta heldu direnek badute ezaugarri bat: ez dira Euskal Herrira zuzenean iritsi. Espainiako erkidego batean egon ondoren datoz asko. «Egoera ekonomiko hobeak erakarrita, nonbait», dio Gaindegiak.

Espainiatik eta Frantziatik

Ez da oraingo joera soilik. 1960ko hamarkadaren bueltan Espainiatik iritsitako herritarren multzoa esanguratsua da oraindik, nahiz eta pisua galtzen ari den: Hegoaldeko sei herritarretik bat da Espainian sortua (%17). Gehienak Gaztela eta Leonen, Extremaduran eta Andaluzian jaiotakoak dira, eta adinean aurrera joandakoak —70 urte jirako herritarren %40 bat Espainian sortuak dira—.

Joera bestelakoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Frantzian sortutako herritarrek pisu nabarmena dute, eta urterik urte ari da kopurua areagotzen. Azken datuen arabera, Ipar Euskal Herriko herritarren %39 dira Frantzian jaioak —2006an %35 ziren—. Batik bat Paristik heldu dira.

Hegoaldean, adinean aurrera joanak daude Espainiatik iritsitako herritarrak, aurreko hamarkadetan iritsiak. Iparraldean, berriz, bi soslai dituzte Frantziatik iritsitako herritarrek. Batetik, badira adinean aurrera joandakoak: bai aspaldi iritsitakoak, bai erretiroa hartu ondoren migratu dutenak. Bestetik, badira lan bila iritsitako frantziarrak ere, 20-50 urtekoak. Haiena da multzo nagusia.

Beste herrialde batzuk

Frantziatik iritsitako herritarren goraldi horren alboan, oso bazterrekoa da beste herrialde batzuetako migrazioa: Ipar Euskal Herriko biztanleen %4 eskas dira. Hegoaldean, berriz, %11 dira Espainiatik kanpoko migratzaileak.

Beste herrialde batzuetako migrazioak biztanleria gaztetzea dakar, Gaindegiak azaldu duenez. Izan ere, Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari den garaian, lan egiteko adinean datoz migratzaileak. Generoaren arabera, berriz, badira aldeak. Hego Euskal Herrira iritsitako migratzaile amerikar gehienak emakumeak dira, hirutik bi baino gehiago; Afrikatik datozenen kasuan, berriz, gizonak dira bostetik hiru baino gehiago.

Espainiatik eta Frantziatik kanpoko migratzaileen banaketa geografikoa ez da homogeneoa. Migratzaile gehien Nafarroako Erriberan eta Lizarra-Gares inguruan bizi da: herri horietako batzuetan, bost biztanletik bat Espainiatik kanpoko herrialdeetan jaioa da. Portzentaje horietatik gertu daude Tutera (%18) eta Iruñea (%17). Arabako Errioxan eta Gasteizen ere nabari da migrazio hori. Beste eremu batzuetan, berriz, oso apala da Espainiaz eta Frantziaz kanpoko migratzaileen portzentajea: Pirinio inguruan, adibidez, badira migratzailerik ez dagoen herriak.