Albistea entzun

Memoria historikoa. Francoren gorpuzkiak

Badu ateratzeko ordua

Espainiako Gobernuak etzi aterako du Francisco Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik. Pardon hobiratuko dute, hedabideen presentziarik gabe
Francoren hilobia, Madrilgo Erorien Haraneko santutegian.
Francoren hilobia, Madrilgo Erorien Haraneko santutegian. JAVIER LIZON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko urriak 22

Etzi izanen da, urriaren 24an, ostegunarekin. Egun horretan aterako dituzte Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranetik. Momia hobitik ateratzeko ordua ere zehaztu du Espainiako Gobernuak: 10:30ean hasiko dituzte lanak. Hiru bat orduko prozesua izanen da. Sartu, hobia ireki, atera. «Bizkor» egin nahi dute lekualdatzea, ez dadin ikuskizun bihurtu. Lekukoak ere, ahalik eta gutxienak: diktadorearen senideak, auzitegi medikua eta Dolores Delgado Justizia ministroa, notario gisa. Horiez gain, langileak besterik ez.

Hilotza zulotik ateratzeko prozesua bi fasetan eginen dute: lehenik eta behin, 1,5 tonako hilarria altxatuko dute, garabi baten eta arrabolen laguntzaz, eta gero hilkutxa aterako dute, kablez lotuta —1,26 metro sakon da diktadorearen hobia—. Bigarren fasean, berriz, hilobia adreiluz eta porlanez beteko dute, eta gainean harlauza bat jarriko.

Beste hilkutxa bat eramango dute, litekeena baita lurpean dagoena ustelduta egotea, eta, gorpuzkiak batetik bestera aldatu ondoren, helikopteroz eramango dute handik Pardo-Mingorrubioko kanposanturaino. Efe berri agentziak azaldu duenez, armadaren helikoptero bat ere prest dauka Espainiako Gobernuak, Erorien Haraneko aparkalekuan.

Komunikabideak ezin izango dira sartu Erorien Haraneko santutegian eta Mingorrubioko mausoleoan; beraz, ezingo dute eman haren gorpua hobitik ateratzen duteneko irudi gertukorik, ez eta berriro hobiratzen dutenekorik ere. Espainiako Gobernua dena prestatzen aritu da asteburuan, eta Erorien Haraneko bisita guztiak bertan behera utzi zituen. Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren kontrolak ezarri dituzte, bai Erorien Haranean, bai Pardoko hilerrian.

Debekuari entzungor eginez, baina, Francisco Franco fundazioak elkarretaratze bat antolatu du etziko, Pardo-Mingorrubioko kanposantuan. «Omenaldia eginen diogu Espainiaren handitasunaren alde hainbeste egin zuen hari. Lorez eta otoitzez beteko dugu panteoia», esan dute elkarretaratzera deitzeko oharrean.

Prozesu gorabeheratsua

Espainiako Gobernuak iazko abuztuaren 24an hasi zuen Francoren hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea. Asmo hori iragarri zuenetik, baina, diktadorearen zazpi bilobek hamaika helegite eta alegazio aurkeztu dituzte.

Iragan abuztuan, prozesua behin-behinean eteteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Goreneko Jose Yusti epaileak, «lanen tamaina handia» argudio gisa hartuta. Irailean, ordea, Gorenak arrazoia eman zion Espainiako Gobernuari, Franco hobitik ateratzea «obra txikia» eta «legearen araberakoa» delako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostia erietxearen aurrean egindako protesta. ©Goka Rubio / Foku

Langileek ez dute «hurbiltzeko borondaterik» ikusten Osakidetzaren partetik

Arantxa Iraola

Berriro ere elkarretaratzea egin dute Donostia ospitalearen aurrean. Iñigo Urkullu lehendakariak «lasaitasunera» dei egin du, eta adierazi du Osasun Saila eta Osakidetza plan estrategiko bat lantzen ari direla: «Uste dut egoera azkenean bideratuko dela; badut konfiantza».

AHTaren obretan aurkitutak gaztelu erromatarraren aztarnak ©Nafarroako Gobernua

AHTaren obrek ondare arkeologikoan eginiko kalteak salatzeko deialdia egin dute, bi soldadu erromatarren mamuen izenean

Isabel Jaurena

Erromatar gaztelu baten aztarnak topatu dituzte Tafallan (Nafarroa), eta Nafarroako Gobernuak AHTaren obrak geldiarazi ditu.

Estitxu Villamor Lomas eta Ortzi Akizu-Gardoki ikerlariak, Errekaleorren. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bestelako eredu baterako akuilu

Edurne Begiristain

Gasteizko Errekaleor auzoarentzat «mugarria» izan zen duela bost urte Iberdrolak argindar sarerako lotura moztu izana. Ordutik, auzo okupatua burujabea da energia elektrikoari dagokionez, eta bizimodu autogestionatuari esker, aztarna energetikoa murriztea lortu du.

Ortzi Akizu-Gardoki eta Estitxu Villamor Lomas ikerlariak, Errekaleorren. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Kontsumo ohiturak aldatuz egingo da trantsizioa»

Edurne Begiristain

EHUko bi ikertzaileek lehen aldiz kalkulatu dute auzo baten aztarna energetikoa. Gasteizko Errekaleor auzo komunitario eta autogestionatua izan dute aztergai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.