Koronabirusa eta pneumonia zituen 82 urteko gizon bat hil da Bizkaian

Gaixotasun kronikoak zituen hildako gizonak, eta atzo baieztatu zen koronabirusean ere positibo eman zuela. Euskal Herrian, 23 pertsonari atzeman diete gaitza, eta 250 lagun daude bakartuta

Langile bat koronabirusarengatik Napoliko San Paolo estadioa garbitzen, atzo, Italian. CIRO FUSCO / EFE.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren proban positibo eman duen 82 urteko gizon bat hil da Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Gaixotasun kronikoak eta pneumonia zituen hildakoak, eta koronabirusa ere bazuela atzo bertan baieztatu zuten. Euskal Herrian birus hori zuen lehen hildakoa da.

Atzo, egun osoan, bost kasu gehiago baieztatu zituzten hiru Araban eta bana Bizkaian eta Lapurdin. Horrenbestez, guztira, 23 pertsona daude kutsatuta Euskal Herrian. Araban dago gaixo gehien. Hain zuzen, hamasei pertsona daude kutsatuta, eta horietako bost ospitalean daude. Gasteizen ospitalera eraman behar izan dutenetako bat «larri» dagoela onartu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak; koronabirusaz gain, beste hainbat patologia ere badituela esplikatu du. Bizkaian, berriz, bost kasu atzeman dituzte. Azken jakinarazpena adineko gizon batena izan da, gaixotasun kronikoak zituenarena, eta positibo eman ostean hil dena. Lurralde horretan, pertsona batek ospitalean jarraitzen du. Gipuzkoan, bi pertsonak daukate birusa, eta horietako batek ospitalean segitzen du. Nafarroan bi kasu daude, biak ospitalean, eta Lapurdin, zehazki Baionan, kasu bat baieztatu dute.

Koronabirusaren eboluzioaren berri emateko momentu horretan hamazazpi kasu zeuden baieztatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan agerraldi bat egin zuen atzo eguerdian Murgak Zaintza Epidemiologikoko arduradun Txema Arteagagoitiarekin. Azaldu zutenez, 250 pertsona inguru daude bakartuta, pertsona birusdun bat ondoan izatearen ondorioz haiei ere gaitzaren sintomak ager dakizkiekeelakoan.

Horien artean ehun bat osasunaren arloko profesionalak dira; izan ere, gaitza erruz zabaldu da Gasteizko Txagorritxu erietxean eta hiriko beste zenbait osasun etxetan, hango langile bat eritu eta gero. Hala ere, sailburuak esan du osasun zerbitzuan egindako «berrantolaketaren» ondorioz osasun arta «bermatuta» dagoela. Adierazi du, halaber, Osakidetzak zenbatutako kasuez harago, Arabako kasuekin lotuta badaudela beste bi ere, Espainian: Errioxan eta Gaztelan.

Kasuen ugaritzea ez da Osakidetzarentzat, hala ere, oraindik aparteko neurriak hartzen hasteko motibo. «Euste fasean gaude». Hala, orain arte emandako garbitasun neurriak gogora ekarri zituen: eskuak sarri garbitzea, berriz erabili ezin diren musuzapiak erabiltzea, eta eztula eta doministiku egitean ahoa ondo tapatzea. Osasun langileentzat hainbat jarraibide indarrean daudela esan zuen, eta lanerako irizpideak zuzendu dituztela «zentro soziosanitarioei» begira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.