Koronabirusa. SERIEA. Izurriaren kantoietan (I). Itziar Ituño eta Aizpea Goenaga.

«Birusak alde guztietatik erasotzen dizu. Inoiz ez zaude ongi»

Konfinamendua hastearekin batera, COVID-19 gaitzak gaixotu zituen Itziar Ituño eta Aizpea Goenaga aktoreak. Eritasunak eta itxialdiak gogoetarako aukera eman die biei ala biei: «Konturatzen zara zein ahulak eta hauskorrak garen».

GORKA RUBIO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Egun berean gaixotu ziren koronabirusarekin Itziar Ituño (Basauri, Bizkaia, 1974) eta Aizpea Goenaga (Donostia, 1959). Alardea telesaila grabatzen ari zirela kutsatu ziren bi aktoreak —telesail horren grabaketan parte hartu zuten beste hainbat kide ere gaixotu ziren—. «Biok zomorro bera izan dugu», gogoratu du Goenagak. Aitortu dute «gogorra» izan dela gaixoaldia, eta oraindik ere nabaritzen dituztela hainbat sintoma. «Nekea» sentitzen du oraindik Goenagak, eta gorputzean «ziztada» antzeko batzuk ere bai. «Hobeto nago, baina oso latza izan da», gehitu du Ituñok. Gaixotasuna nola pasatu duten kontatu diote bi aktoreek BERRIAri. Izurriaren kantoietan seriea argitaratuko du BERRIAk aste honetan: birusa gertutik bizi izan dutenen ahotsak bilduko ditu.

[Youtube]https://youtu.be/Cg5yOgqm8CI[/Youtube]

Noiz eta nola gaixotu zineten?

ITZIAR ITUÑO: Martxoaren 13an, Alardea-ren filmaketaren erdian nengoela, eztulka hasi nintzen; eztul oso sikua zen, mukirik gabekoa, arraroa. Pentsatu nuen nire paranoia zela, baina hurrengo egunean sukarrarekin altxatu nintzen, dezente igo zitzaidan, eta larritu egin nintzen. Jakinaren gainean jarri nuen produkzioko jendea orduan. Hiru egun egon nintzen sukarrak jota, eta usaimena eta dastamena erabat desagertu zitzaizkidan, baita gosea ere. Buruko mina ere banuen, gorputza erabat nekatuta, eta eztula biriketara jaitsi zitzaidan. Txizako infekzioa izan nuen gero. Ematen zuen birusa nire gorputzari eskaner bat egiten zebilela, ahulguneren bat bilatzeko eta eraso egiteko.

AIZPEA GOENAGA: Biak telesail berberean geunden, eta batera kutsatu ginen; horregatik diot zomorro bera genuela. Nire alaba New Yorken zegoen, eta, alarma egoera ezarri behar zuten zurrumurruak hasi zirenean, etortzeko eskatu nion. Larunbat goiz horretan, martxoaren 13an, Madrilera joan ginen iloba eta biok alaba hartzera, eta itxialdia hasi aurretik iritsi ginen Donostiara. Etxera heldu nintzenean, gripearen antzeko sintomak nituen, eta, senarra arrisku taldekoa denez, gelan bakartzea erabaki nuen. Hurrengo egunean, sukarra nuen, eta deskribaezinak dira izan nituen buruko minak. Sekula ez dut halako buruko minik izan. Oso gogorra izan zen. Eta, Itziarrek dioen moduan, sintomak aldatuz zihoazen egunez egun. Gaitzarekin oso gauza kuriosoa gertatzen da: hobetu duzula uste duzunean, berriro behera egiten duzu. Izugarria da; inoiz ez zaude erabat ongi. Birusak alde guztietatik erasotzen dizu. Goiz batean, dutxatzen ari nintzela, besoa mugitu ezinik geratu zitzaidan. Oso esperientzia gogorra izan zen. Momentuan ez dakizu horiek ere koronabirusaren ondorioak direla, eta beldur zara.

Gaixorik egon zinetenean probarik egin al zizueten?

I.I.: Ez. Justu izurria puntu gorenean zegoen, eta osasun alorreko langileentzat ere ez zegoen probarik. Orain egin didate, baina zalantzak ditut fidagarritasunaz. Negatibo eman du, baina antigorputzik ez dudala atera da proban. Oso gauza arraroa da, nik badakidalako gaixotasuna pasatu dudala. Hemen, Basaurin, jende dezentek igaro du gaixotasuna, baina, diotenez, ez dago test nahikorik guztientzat. Aitortu behar dut herri moduan apur bat abandonatuta sentitzen garela.

A.G.: Nik erabaki nuen laborategi pribatu batean egitea proba, eta positibo eman nuen. Garai horretan esaten zuten sukarra izaten zenuenetik hamalau egunera sendatuta zeundela, baina gezurra zen, gerora ere sintomak izan baititut. Hilabete eta erdi pasatu ostean, larrialdietara joan nintzen, eta PCR proba egin zidaten berriro, eta negatibo eman zuen.

Gaixoaldia bakartuta igaro zenuten? Nola bizi izan zenuten?

I.I.: Bikotekidea kutsatu egin nuen, eta etxean pasatu genuen berrogeialdia, elkarrekin. Etxea itxi egin genuen, eta ez zen inor sartu eta irten hilabete luze batean. Erosketak amaitu zitzaizkigunean, amak eta lagunek janaria ekarri ziguten. Eta egia da Aizpeak dioena: ez dakizu zer daukazun; badakizu oso luze jotzen duela, eta konturatzen zara medikuek ez dutela oso ongi kontrolatua gaixotasuna. Medikuari aipatu nion ez nuela usaimenik eta dastamenik, eta harrituta geratu zen. Gero jakin da sintoma oso ohikoa dela usaimena eta dastamena galtzea, baina orduan ez zekiten, eta sekulako sustoa hartu nuen. Gainera, neke handia eta itolarria sentitu nituen. Gaixotasun berria da, eta, gorputzean zerbait arraro sentitzen duzu, erabat ezezaguna. Hilabete luze igarota, medikuak sendagiria eman zidan, telefonoz. Proba berriro egiteko zain nago oraindik, baina, antza, ez dago denentzako testik. Harrituta nago gertatzen ari den guztiarekin. Informazio kontrajarri asko dago, eta une oro beldur puntu bat ere bai.

Nahiko babestuta sentitu zarete osasun sistemaren partetik?

I.I.: Osasun sistema gainezka egon da. Osakidetzaren telefonora deika eta deika egon nintzen, bi ordu pasatu nituen telefonoaren bestaldean musika entzuten, eta eskegi egin zidaten. Orduan pentsatu nuen: zer ari da gertatzen? Gero gauzak hobeto antolatu dira, eta medikua adi egon da.

A.G.: Medikuei eta herritarrei aldi berean iritsi zaigu informazioa. Erlojuaren aurkako lasterketa bat izan da denontzat. Ulertu behar da asko garela, kasuistika asko daudela, eta imajina dezaket osasun sistemak zer bonbardaketa izan duen. Gainezka egin dute. Informazio gutxi egon da, baina ez zabaldu ez delako, belarrondoko bat bezala etorri delako baizik.

Beldur zineten gaixorik zeundetenean? Orain, izurriaren tamaina ezagututa, beldur zarete?

I.I.: Gaixotu nintzenean izutu nintzen gehiago, ez nekielako zer gertatzen ari zitzaidan. Basaurin hildako asko egon dira, lagun askoren gurasoak tartean, eta gogorra izan da inguruan ikusitakoa. Gorputzari entzuten egon nintzen ea zer kontatzen zidan, eta, ezer ulertu barik, beldur puntu bat ere banuen. Apurka-apurka gaixotasuna gehiago ezagutuz joan gara, eta, orain botikarik eta txertorik ez badago ere, behintzat badakigu hemoglobinan dagoen zerbait dela, ez dela arnas gaixotasun bat.

A.G.: Uste dut neurri batean pribilegiatuak izan garela egoera honetan. Jende asko dago benetako arazoekin: bakarrik dagoen jendea, gaitz mentalen bat duena, etxerik ez duena... Era berean, oso gauza politak sortu dira. Izurri honetatik gauzarik politenak eta itsusienak atera dira. Atera da gure on guztia eta gure poliziarik itsusiena. Zorionez, jende askori hoberena atera zaio, eta horrekin gelditu behar dugu. Niretzat oso inportantea izan da denbora gelditzea; terapia bat izan da.

Konfinamenduaren zati bat gaixorik igaro zenuten, beste bat osatzen... Nolako esperientzia izan da itxialdia?

I.I.: Lehenengo egunetan itolarri moduko bat sentitu nuen, arnasaren falta. Uste nuen ez nintzela kapaz, baina gero ikusi nuen eutsi egiten niola, eta ez hori bakarrik, gustura ere banengoela, denborak beste dimentsio bat hartzen zuela, gauza txikiek izugarrizko garrantzia hartzen zutela... Egoera honetan konturatzen zara zein ahul eta hauskorrak garen, eta zenbat aldaketa egin behar ditugun. Ez dakit lortuko dugun.

A.G.: Ni oso ohitua nago etxean ordenagailuaren aurrean lan egitera; beti daukat lana egiteko, baina ez nuen indar handirik ezertarako. Hilabete eta erdi gela batean sartuta egon naiz, eta beti pentsatu dut suertea izan dudala etxean izan ditudalako seme-alabak, senarra... Ahizpak behin galdetu zidan ea gogorik banuen gelatik ateratzeko, eta zalantza izan nuen, atea gurutzatzeak esan nahi zuelako garbigailua jarri behar nuela, erosketak egin behar nituela... [barre egin du]. Beti pentsatu dut zein gogorra izan behar duen kartzela batean egoteak; sentsazio bera da, baina nik askatasun bat banuen.

I.I.: Gu zorionekoak gara: etxean geratu gara, baina, Hego Amerikan, etxean geratzen badira, hurrengo egunean ez dute jatekorik. Hango jende askorekin dut harremana, eta orain han izurria oso zabalduta dago, eta beldur naiz.

A.G.: Besteak baino hobeto gaude, baina bakoitzaren errealitatea ere hor dago, eta gogorra da. Gure kasuan, emanaldiak eten dira. Oiasso museoan lan egiten dut, eta itxita egon da; ekintza guztiak gelditu dira.

Kultura ez da oinarrizko jarduera gisa hartu alarma egoeran. Zuen lanekin eta proiektuekin zer gertatu da?

I.I.: Pare bat errodaje martxan nituen, eta beste bat maiatz aldean hastekoa zen. Dena atzeratu da. Orain ari gara martxan jartzen. Baina antzerkian-eta dabilen jendeak edo zuzeneko emanaldiak dituztenek jai daukate. Oraindik ez dakit zein konponbide emango zaion egoerari.

A.G.: Prekaritatean bizi da jende asko, eta prekaritate horrek hankaz gora jartzen dizu bizitza. Gu beti bizi izan gara prekaritatean, arazoan edo ezegonkortasunean, eta beste jende batek baino gaitasun handiagoa dugu aurrera egiteko. Baina horrek ez du esan nahi guretzat gogorra ez denik, oso gogorra baita. Batez ere, oso nekagarria da, eta, sentsazioa orokorra denean, are gehiago. Gu ezin gara kexatu, aterako garelako, baina jende askorentzat oso gogorra ari da izaten.

Lehendik prekarioa zen sektorea orain hil edo biziko egoeran dago. Lehentasunen artean beharko luke kulturak egungo egoeran ere?

I.I.: Lehen egoera txarrean geunden, eta orain are okerrago gaude; etorkizuna beltz-beltza dator. Konfinamenduak ematen dizu aukera pentsatzeko zenbat gauza aldatu behar diren munduan; horietako bat da kulturarena. Itxialdian denok ibili gara irakurtzen, pelikulak ikusten, serieak ikusten, musika entzuten... Kulturak berebiziko garrantzia du pertsona moduan aurrera egiteko, eta arimarako ere osasungarria da. Artistok bat egin behar dugu gure lekua aldarrikatzeko, aurrean dugun panorama nahiko iluna baita.

A.G.: Itxialdi honetan, kulturaren beharra aldarrikatu da, kultura kritikoa oso beharrezkoa delako, baina, horrekin batera, ez da inoiz esaten kultura horrek behar duela sostengu ekonomiko bat, industriaren sostengua ez dena. Kezkagarria da. Bada garaia pentsatzeko agian sistema honek ez duela kulturarako funtzionatzen, eta bilatu behar ditugula bizirik irauteko beste sistema batzuk. Gure esku dago. Baikorra naiz, eta uste dut eredu berriak etorriko direla.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzue?

A.G.: Oso garai gogorrak etorriko zaizkigu. Hausnarketa garaiak datoz, baina esperantza ere badaukat. Adibidez, krisialdi honetan guztian sortu da ahots bat arrazakeriaren aurka. Ematen zuenean ezin zela ahots hori atera, atera egin da. Eta pentsatzen dut beste ahots batzuk ere aterako direla, atera beharko dutela. Egoera honek elkartasuna zabaltzeko eta elkarrengandik gertuago egoteko balio behar du, baina, aldi berean, hausnarketa kolektibo bat egon behar da. Nahitaez zerbait aldatu da gure bizitzetan, eta horrek nola edo hala atera behar du, eta beste eredu batzuk bilatzera eraman behar gaitu.

I.I.: Krisi guztietan dago aukera gauzak aldatzeko, baina normalean gertatzen dena izaten da aberatsak aberatsago egiten direla, eta pobreak, pobreago. Kasu honetan diferentea izan da. Konturatu gara mapatik desagertu garenean ozonoaren zuloa itxi egin dela, animaliek guk lapurtutako eremua berreskuratu dutela,... Jendea ohartu egin da horretaz: birus txiki batek mundua gelditu badu, geuk ere posible dugu gelditzea, hausnartzea eta gauzak aldatzea. Kontzientzia piztu zaigu askori, eta espero dut bizirik mantenduko dela. Itxialdian egin dugun moduan, elkarri laguntzen jarraitu behar dugu, sare horiek ehunduz, eta, orain arte munduko motorra izan den kapital horren ordez, pertsonak, animaliak, ekosistema osoa eta natura bera erdigunean jarri behar ditugu. Lortuko dugun esperantza dut. Etorriko den krisia handia izango da, eta jende asko esnatu egingo da Matrix honetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.