Koronabirusa

Hegoaldeko ikastetxeetarako beste 1.300 irakasle kontratatuko dituzte

Nafarroako Gobernuak irakasleak kontratatzeko ia hiru milioiko gastua onartu du hainbat urtetarako. Sindikatuek nabarmendu dute negoziazioa falta izan dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin

Aurrez aurreko itzulera «segurua eta adostua» eskatzeko egindako grebako manifestazioa, irailaren 15ean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hezkuntza arloko eragileek ikastetxeetarako baliabide gehiago eskatu dituzte azken asteetan, eta kopuru zehatzak mahai gainean jartzen hasi dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua: ia 1.300 irakasle gehiago jarriko dituzte. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ia 600 irakasle jarri dituela koronabirusak sortutako beharrei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak bilera egin zuen atzo sindikatuekin, eta, BERRIAk jakin duenez, datozen egunetan 669 irakasle jartzeko asmoa dauka gobernuak.

Nafarroako Gobernuak atzoko bileraren ondoren eman zuen hezkuntza arloko neurrien berri. Carlos Gimeno kontseilariaren esanetan, 596 irakasle gehiago hartu dituzte: gehienak, sare publikorako (461), baina itunpeko eskoletarako ere bai (135). Gainera, gobernuak 2,9 milioi euroko diru saila onartu du aurtengo eta hurrengo ikasturteetarako, sare publikorako irakasle gehiago kontratatzeko. Irailean onartutako lege batean jaso zuten inbertsio hori, eta badira neurri gehiago ere: 57 urtetik gorako irakasleei ordu kopurua murriztea, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentroetan zuzendaritzako lanetan jarduteko denbora areagotzea, esate baterako.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, irakasleen mahai sektoriala bildu zuen atzo, eta bertan jarri zuen 669 irakasleko kopurua mahai gainean —sailak ez du ofizialki horren berri eman—. BERRIAk jakin duenez, aipatutako postu horiek guztiak sare publikorako lirateke, eta bereziki euskara arlorako eta digitalizaziorako daude bideratuta, nahiz eskola bakoitzeko premien arabera molda daitezkeen.

Negoziazio falta

Sindikatuek nork bere balorazioa egin zuten bilera ondoren. Hala ere, sindikatu nagusiak Jaurlaritzarekin kexu agertu ziren. ELAren esanetan, «alde bakarrez» jardun du Hezkuntza Sailak, eta ez dute tarterik izan segurtasuna eta hezkuntza bermatzeko irizpide, neurri eta baliabideei buruz negoziatzeko. Gainera, ELAren arabera, planteamendua «erabat partziala» izan da: «Besteak beste, haur eskoletarako edo itunpeko ikastetxeetarako planteamendu zein irizpiderik ez du aipatu».

LABek ere deitoratu du gobernua «irizpide itxiekin» eta «baliabide gehigarri eskasekin» joan zela bilerara: «Itxita dauden irizpide batzuen araberako kontratazio gehigarriak planteatu ditu». LABen esanetan, 669 irakasle gehiago hartzea ez da «nahikoa».

Steilasek ere leporatu dio Hezkuntza Sailari aurreko lantaldearen «dinamika bera» erabiltzea: «Negoziazioaren eta adostasunen ordez, bilera informatiboa planteatu du». Nolanahi ere, sumatu du aurrerapauso bat, sailak «negoziazio kolektiboa berreskuratzeko» asmoa agertu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.