Koronabirusa

Birusa atzemateko 19.560 proba egin dira Hegoaldean, inoiz baino gehiago

Gutxienez 11 lagun hil dira azken orduetan; horietako lau, Donostiako eta Zumarragako hiru zahar etxetan. Positibo kopuruak igoera nabarmena izan du Araban: bigarren olatuko kopururik handiena

joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Birusaren hedapenari aurre egiteko orduan, jauzi kualitatibo bat eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Atzo emandako datuen arabera, asteartean 19.560 PCR eta antigeno proba egin zituzten, inoiz baino gehiago. Izan ere, atzo arte mikrobiologia laborategien marka zen egun bakarrean 17.861 proba egitea. Azken hilabetean, berriz, egunean 13.068 proba egin dituzte batez beste, eta, pandemiak aurrera egin ahala, ahalegina handituz joan dira. Maiatz amaieran, 3.890 proba egiten ziren egunean batez beste, eta, ondorioz, epe horretan bost bider handitu da ahalegina, atzoko mugarrira ailegatu arte.

Esfortzu hori eginagatik, pandemiak aurpegi gogorrena erakutsi du beste behin. Gipuzkoako Diputazioak atzo jakinarazi zuenez, lurraldeko zahar egoitzetan adineko lau lagun zendu dira azken orduetan:Alai-Etxe (Donostia) zentroko erabiltzaile bat, Lamourouseko (Donostia) beste bat, eta Argixaoko (Zumarraga) bi. Nafarroan, berriz, beste zazpi pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz. Hegoaldeko bi gobernuek jakinarazitakoaren arabera, urriaren 19tik 25era 74 pertsona hil dira koronabirusagatik. Nafarroan, gainera, Tafallako Nuestra Señora de la Caridad zahar etxean 67 egoiliarretatik 22 kutsatu dira. Lehen solairuan bakartu dituzte, eta gainerako 45ak logelan itxi dituzte kutsatzea eteteko.

Egindako proben artean %8,3k eman zuten positibo atzoko datuetan; 1.625 positibo detektatu dira, alegia. Kontrako joerak azaldu dituzte Hegoaldeko lurraldeek: Nafarroan %20 egin du behera; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gora —Araban, 143 kutsatu, bigarren olatuko kopururik handiena—. Ignacio Garitano Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak jakinarazi du amaitu dituztela Durangoko, Urnietako, Ordiziako eta Zaldibiako baheketak: egindako proben %1-%1,6k eman dute positibo. Egunotan beste lau herritan ari dira: Zumaian, Ermuan, Mallabian eta Beasainen. Oraindik ez dute bukatu, eta ondoren emango dituzte emaitzak. Garitanoren arabera, deitutako herritarren erdiak inguru joan dira PCR proba egitera.

Kasu positiboek gora egin ahala, ospitaleak COVID-19a duten gaixoekin betetzen ari dira. Hala ere, azken 24 orduetan goranzko joera hori gelditu egin da. Osasunbidearen eta Osakidetzaren ospitale guztiak harturik, gaixo agiri baino sendagiri gehiago eman zituzten atzo, eta, ondorioz, hamasei lagun gutxiago daude ospitaleratuta; ZIUetan, berriz, pertsona bat gehiago zegoen atzo.

Guztira, 125 herritar daude Hegoaldeko ZIUetako oheetan. Osakidetzako ospitaleen egoerari begira, Garitanok azpimarratu du «kolapsotik urrun» daudela, eta, bigarren olatua indartzen ari bada ere, martxoko egoeratik urruti daudela. Nafarroak ditu daturik okerrenak, oraintxe bertan 50 lagun baitaude ZIUetan, baina bederen atzo ez zen kopurua handitu. Ospitaleratzeek ere behera egin dute, baina Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ohartarazi du «tentuz» hartu behar direla datuak, ondorengo egunetako bilakaeraren zain.

Kezka Baionako ospitalean

Baionako ospitalean ere nabaritzen ari dira bigarren olatuaren eragina. «Epidemia azkartuz doa. Birusa fite hedatzen ari da, denetan. Ipar Euskal Herria osoki hunkitua da», esan zuen Michel Glanes ospitaleko zuzendariak atzo, agerraldi batean. Goizeko datuen arabera, 40 bat paziente artatuak ziren koronabirusagatik; 34, Ipar Euskal Herrikoak: hamahiru Baiona, Miarritze eta Angelukoak, eta gainerako 21ak, beste herrietakoak. Azaldu dutenez, izurriaren hasieratik hemezortzi paziente hil dira ospitalean.

Pandemiari aurre egiteko plana martxan jarri dute ospitalean. Baliabideak indartzeko aukera aurreikusi dute neurrietan; esaterako, askotariko zerbitzuetako hamabi ohetik 27ra pasatuko dira koronabirusa dutenak artatzeko. Hala ere, zuzendaritzak uste du bestelako eritasunak dituztenak «molde egokian» artatzeko moduan direla. Nolanahi ere, larrialdikoak ez diren ebakuntza zenbait atzeratu dituzte. Ohartarazi dute osasun langileak falta dituela Baionako ospitaleak: ehun langile baino gehiago lan geldialdian dira, egoera zaurgarrian direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.