Albistea entzun

Gatazkaren konponbidea. Foro Sozialaren agurra

Hamar urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki du Foro Sozialak

Foroak uste du 2013an emandako aholku ia denak bete direla edo betetzeko oinarriak daudela. Estatuen biktimen arloan utziko ditu egitekoak, «batez ere». Etzi emango dute eztabaida prozesuaren emaitza
Nazario Oleaga, Teresa Toda, Nekane Altzelai eta Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorrak 2020ko urtarrilean Bilbon eginiko agerraldi batean.
Nazario Oleaga, Teresa Toda, Nekane Altzelai eta Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorrak 2020ko urtarrilean Bilbon eginiko agerraldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2023ko urtarrilak 19

Amaitu da Foro Sozial Iraunkorraren bidea. Gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean aurrerapausoak emateko asmoz sortu zuten, duela hamar urte, eta, hamarkada bat igarota, erabaki du bere egitekoa bukatutzat ematea, EITBk atzo jakinarazi zuenez. Iazko ekainetik zabaldua zuen barneko eztabaida prozesu bat, eta horren emaitzaren berri etzi emango dute, Durangon egitekoak diren ekitaldi batean.

Ekitaldi horretan, eztabaida prozesuaren ondorioen berri emateaz gain, zehaztuko dute zeintzuk izango diren luze gabe emango dituzten pausoak, foroaren egitekoak behin betiko amaitutzat emateko. Saioak bi atal izango ditu: batetik, Foro Sozial Iraunkorrak topaketa bat egingo du gizarte zibileko zenbait eragilerekin, azken urteen balantzearen berri emateko. Bestetik, ekitaldi publiko bat egingo dute 12:00etatik aurrera, eta Agus Hernanek, Nekane Altzelaik, Nazario Oleagak, Expe Iriartek eta Eneko Callek parte hartuko dute.

Eztabaida prozesu horretan, Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten hamazazpi entitatek eta foroan parte hartzen duten herritarrek ondorioztatu dute «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituztela foroak jorratutako lan ildoetan, eta aurrerapauso horien egonkortzeak modua ematen duela «fase berri bat zabaltzeko konponbide prozesuan». Garai berri horrek, aldi berean, «erronka eta tresna berriak» eduki beharko ditu, Foro Sozialaren arabera.

2013ko martxoaren 14an eta 15ean egin zuten aurreneko foroa, Bilbon eta Iruñean, konponbide prozesuan gizarte zibileko eragileen parte hartzea sustatzeko. Hamabi gomendio aurkeztu zituzten orduan: besteak beste, ETAren armak eta egitura militarrak desegiteko prozesu bat abiatzea, preso eta iheslarien gaiari buruzko «konponbide integral bat» adostea, estatuko segurtasun indarren «kopurua eta eginkizuna» doitzea, eta erakundeek egia, justizia eta adiskidetze «prozesu zabal bat» bultzatzea, «jendarte osoa barne hartzen duena».

Markoa, «definituta»

Hamabi aholku horien artean 11 bete egin direla edo betetzeko baldintzak daudela ondorioztatu du foroak, eta lau lan ildotan eginiko aurrerapausoei erreparatu die: batetik, ETA 2017ko apirilean armagabetu zen, eta 2018ko maiatzean desegin zuen bere burua. Biktimen arloan, «ongietorrien auzia gainditu» eta gero, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidearen inguruko adostasuna zehazten» hasi da, eta baita «estatuaren biktimen tratamendu asimetrikoa gainditzeko beharra» ere. Atal horretan, hiru elementu nabarmendu ditu foroak: Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko onartu dituzten legeak, Espainiako Gobernuan erantzukizuna izandako kide batzuek estatu indarkeria zurituz eginiko adierazpenek sortutako erreakzioak, eta torturei buruzko txostenak.

Euskal presoen alorrean, sakabanaketa politika amaitzear dela, foroak uste du auziaren «konponbide markoa definituta» dagoela. Hauek dira marko horrek biltzen dituen neurriak: «Salbuespen politika desegitea, biktimen oinazea errespetatzea, graduak eta baldintzapeko askatasunak modu arruntean aplikatzea, presoek gizarteratze prozesuetan jarrera «proaktiboa» izatea eta, hala nahi dutenek, justizia errestauratiboko mekanismoetan parte hartzea.

Memoriari dagokionez, esan du «kontakizun bakarraren» ideia agortuta dagoela. «Ez gara ados jarriko gertatutakoaren zergatian, eta jada eragile guztiek aitortzen dute memoriak inklusiboa eta kritikoa izan behar duela, eta ez autojustifikaziokoa», nabarmendu du, eta erantsi: «Aho batezko adostasuna dago etorkizuna indarkeriarik gabeko elkarbizitza demokratiko batean oinarritzearen alde».

«Tresna berriak»

Hain zuzen ere, hamar urteko ibilbideari begiratu zion Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak urriaren 23an, BERRIAk eginiko elkarrizketan: «Ez dakit inork espero zuen halako emaitzak izatea. Hamar urte asko da? Herriaren historian oso gutxi. Faktore asko egon dira, baina uste dut gizarte zibila izan dela sarri aleka hartzen zuen motor baten olioa. Proposamenak egin dira, malgutasunez, errealitatera egokituta». Orduko hartan, Hernanek azaldu zuen foroa presoen, biktimen eta memoriaren esparruetan lanean ari zela; lehendabiziko bietan konponbide markoak finkatuta edo finkatzeko bidean daudela, eta hirugarrenean ere urratsak egiten ari direla.

Edonola ere, lan ibilbidearen amaieraren berri emateko orduan, Foro Sozialak aitortu du zereginak ere geratuko direla: presoen auzian, memorian eta, «batez ere», Espainiako Estatuaren biktimek nozitzen duten «diskriminazioan». Horietan, «bidea egiteko» dago, baina, foroaren iritziz, «tresna berriak beharko dira erronka berrientzat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko lehendakarigaia, Maria Txibite, entzuten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da

Joxerra Senar

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hegemonia aztertzen

Xabier Martin

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. ©IREKIA

Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Lau urtez gobernatu du EAJk Guardian. ©Juanan Ruiz / Foku

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Jon O. Urain

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.