Bi astez etengo dute 'De Miguel auziko' epaiketa, «akordio aukerak» aztertzeko

Fiskalak azaldu du auzipetuekin negoziatzen ari dela delituak aitor ditzaten zigor eskeak murriztearen truke. Abokatuak ez dira bat etorri etenaren luzerarekin

'De Miguel auziko' akusatuak, atzoko saioan, ezkerrean abokatuak eta aurrean epaileak dituztela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
Gasteiz
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoan ikertutako ustelkeria auzirik handiena akordiorako bidean egon liteke. Azken egunetan ugaritu egin dira zurrumurruak fiskaltzaren eta De Miguel auziko akusatuen arteko negoziazioen inguruan, eta atzo Josu Izagirre Arabako fiskalburuak baieztatu zuen elkarrizketak egon, badaudela. Horregatik, «akordio aukerak esploratzeko», fiskalak epaiketa eteteko eskatu zuen, eta epaimahaiak, onartu.

Urtarrilean hasi zen auzipetutako 26 lagunen aurkako epaiketa, eta, epailearen aurretik peritu, lekuko eta abar igaro eta gero, akusatuak atzo ziren deklaratzekoak. Deklarazioen zerrendan aurrenekoa, ustelkeria sarearen ustezko burua: Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohia. Saioa 09:30ean zen hastekoa, baina goizean goizetik ikusmin handia zegoen Arabako Probintzia Auzitegiko atarian. Hain justu, auzitegiaren atarian eman zuen Izagirrek elkarrizketen eta saioa eteteko eskariaren berri; zehazki, bi datu argitu zituen: akusatu guztien abokatuekin ari dela hizketan, eta hamabost eguneko etena eskatuko zuela.

Prozedura Kriminalaren Espainiako Legearen arabera, epaiketa hilabetez eten liteke gehienera ere, eta Izagirrek aukera guztiak utzi zituen zabalik: hamabost egun igarota akordiorik lortu ez eta epaiketari berrekitea, epea amaituta beste bi asteko luzapena eskatzea edo akordioa hamabost egun horiek baino lehenago lortzea; baita akordioa, lortzekotan, auzipetu guztiekin edo soilik batzuekin egitea ere. Ituna akusatu batzuekin baino ez badu egiten, epaiketak aurrera egingo luke gainerako auzipetuekin, eta baliteke ebazpena 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen kanpainaurre betean heltzea. Edozein kasutan, Izagirrek azaldu zuen fiskaltza eta defentsako abokatuak «denbora» daramatela hizketan, eta auziak «konplexutasun izugarria» duela, 26 auzipetu daudenez eta delitu ugari leporatzen zaizkienez gero: «Hitz egiten ari gara. Oraindik asko dago fintzeko; akusatu eta delitu asko dira. Akordioa badago, jakinaraziko diogu epaimahaiari».

Berandu abiatu zen saioa, eta Izagirrek hasi eta berehala hartu zuen hitza. Hark eman zituen epaiketaren etena eskatzeko azalpen juridikoak, eta, segidan, eskariarekin bat etorri ziren Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta defentsako abokatuak — Jaurlaritza auzi jartzaile zibil gisa ari da, eta diputazioa, akusazio gisa—. Horiek horrela, Jaime Tapia, Elena Cabero eta Raul Aztiria epaimahaikideek hamabost minutuko tartea hartu zuten orduan, eskariaz erabakitzeko. Itzultzean, ikusita eskaria «aho batez» egin zutela, ontzat jo zuten auzia bi astez etetea eta epaiketari urriaren 1ean berrekitea, horrela bermatutzat jotzen baitituzte benetako babes juridikorako eskubidea, akusatuen defentsa eskubidea nahiz fiskalaren akusazio ahalmena.

De Miguelen abokatu Gonzalo Susaeta ere bat etorri zen fiskalaren eskariarekin. Argudiatu zuenez, fiskalarekin ados jartzeko aukerak «inguruabar berriak» sortzen ditu, eta horrek bere «bezeroaren interesetan eragin nabarmena» izan lezake. Izan ziren abokatuen arteko desadostasunak ere, ordea, bi asteko epea eskasa iruditzen baitzaie batzuei; azaldu zutenez, apenas jaso duten Izagirre fiskalburuaren asmoen berri, eta ohartarazi zuten tarte eskasa dutela asmo horiek aztertzeko. Beste abokatu batzuek, ordea, nahiago dute prozesua ez luzatzea, eta nahikotzat jo zuten bi asteko etena. Azaro amaierarako espero da epaiketa epai zain geratzea.

Beraz, hitz egin bai, baina fiskalak eta defentsak ez dute oraindik akordiorik egin. Hitzarmen horren asmoa litzateke auzipetuek delituetako batzuk onartzea, fiskalak orain arteko zigor eskariak murriztearen truke. Izan ere, fiskalak 439 urteko espetxe zigorra eta 16,5 milioi euroko isuna eskatu ditu 26 akusatuentzat. De Miguelentzat ia 55 urteko zigorra eskatu du, eta Aitor Telleria eta Koldo Otxandianorentzat, 32koa. Biak Araba Buru Batzarreko kideak ziren. Fiskalak hirurei egozten die delitu sare bat osatzea; besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta diru zuritzea leporatzen die.

Fiskal nagusiak, kexu

Joan den ostiralean, Jaime Tapia auziko epaimahaiburua fiskalaren eta defentsaren arteko akordio posible baten inguruan mintzatu zen elkarrizketa batean, eta orduan esandakoekin kritiko azaldu zen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusien Batzordea. Tapiak esan zuen «normalean» fiskalen eskariak «puztuta» egon ohi direla, gerora akusatuekin negoziatzeko. Fiskalburuek, ordea, uste dute Tapiaren adierazpenek «dudatan» jar dezaketela fiskaltzaren lana edo sistema judiziala bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.