Berdintasunaren arloko goi mailako ikasketek jaso dute Emakunde saria

Epaimahaiak «erreferente» bihurtu izana aitortu die bi masterri: berdintasuna jorratzen duenari (EHU) eta andreen kontrako indarkeriaren arloko esku hartzea aztertzen duenari (Deustuko Unibertsitatea)

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Emakunderen Berdintasun sariak goi mailako ikasketetan jarri ditu begiak 2018an. Euskal Herriko Unibertsitatearen master bat eta Deustuko Unibertsitatearn beste bat saritu ditu: Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak izeneko masterra, EHUk eskainia; eta Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko masterra, Deustuko Unibertsitatearena. Epaimahaiak aitortza egin die master horiekin lotuta egon diren guztiei: ikasleei eta irakasleei.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du bi master horiek «berdintasunaren gaineko prestakuntza espezializatua» ematen dutela, eta, ondorioz, «eragin biderkatzailea» dutela. Hain zuzen ere, berdintasun politiketan lan egiten duten «asko» pasatu dira bertatik, eta horrek modua eman die genero ikuspuntua txertatzeko jarduera profesionalean. Halaber, Landaidak azpimarratu du ikasketa horiek «bikaintasunaren erreferente» bihurtu izana. Apirilean egingo dute saria emateko ekitaldia.

Talde lanaren eredu

Bi unibertsitateek «pozik» hartu dute saria, eta eskerrak eman dizkiote epaimahaiari, baita Emakunderi ere. Hain zuzen ere, bi masterren arduradunek nabarmendu dute Emakunderen laguntza «funtsezkoa» izan dela aurrera egin ahal izateko. Horrez gain, esker ona adierazi duete goi mailako ikasketa horietan parte hartzen duten irakasleei eta ikasleei, eta erantsi dute masterrok «talde proiektuak» direla.

EHUko masterrak 2001. urtean hasi zuen bidea. Ordutik 500 ikasle inguru izan ditu; aurten, 47. Arantza Camposek, masterraren arduradunetako batek, nabarmendu du komunitate zabala osatu dutela guztien artean, baita ikasleek praktikak egiten dituzten erakunde eta eragileekin ere. Camposek zehaztu du «funtsezkoak» direla horrelako ikasketak: «Estrategikoak dira gure gizarteak dituzten arazoei heltzeko, emakumeen indarkeria kasu».

Deustuko Unibertsitatea, berriz, 2003an hasi zen saritutako masterra eskaintzen. Raquel Royo zuzendariak hausnartu du sariak prestakuntzaren garrantzia aitortzen duela. «Giltzarria da unibertsitateek lagun dezatela errealitatearen ikuspuntu patriarkala ezbaian jartzen, eta gizartean genero ikuspegia txertatzen». Royok Deustuko Unibertsitateari eskertu dio masterraren alde egin izana.

Sariak irudikatzen duen aitortzaz gain, ekarpen ekonomikoa ere izango du sarituentzat: 7.200 euro master bakoitzarentzat. Sarituek iragarri dute diru hori proiektu ezberdinetara bideratuko dutela, Euskal Herrian zein bertatik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.