Noiz sortua: 2019-03-07 00:30:00

Casadok hartu du lema

UPNko eta PPko presidenteek hurrengo bi hauteskundeetarako ituna izenpetu dute. Biek arrazoitu dute «mehatxu abertzaleari» aurre egiteko elkartu direla
Javier Esparza UPNko presidentea eta Pablo Casado PPko presidentea, atzo, Iruñeko Hotel Alma-Muga de Beloson.
Javier Esparza UPNko presidentea eta Pablo Casado PPko presidentea, atzo, Iruñeko Hotel Alma-Muga de Beloson. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko martxoak 7
Merkealdian da UPN. Eskuin eremua inoiz baino zatituago den honetan, indarrak batu ditu PPrekin; baina PP irabazten ateratzen den bitartean, UPNk hartuko du arrisku osoa. Atzo, UPNko Javier Esparzak azaldu zuen «Espainia hautsi nahi duten» independentisten mehatxuari aurre egiteko elkartu direla PPrekin. Alta, akordioak UPNren autonomia mugatuko du: lehenik eta behin, parlamentutik kanpo geratu zitekeen PPri udaletako eta parlamentuko zerrendetan toki egingo diolako; bigarrenik, PPk UPNren Nafarroako aliantzetan zeresana izango duelako; azkenik, instituzioetan eta erreforma nagusietan elkar babestuko dutelako. Maiatzeko kanpainan indartsu agertzearen truke, Esparzak alderdiaren lema eman dio Pablo Casadori. Edo bederen, harekin partekatuko du.

Akaso, Esparzak ez du ulertu bi

alderdien arteko indar korrelazioa, baina atzo, akordioa sinatu zeneko hoteleko aretoan, agerian geratu zen bien artean indar hegemonikoa zein den. Kazetarien galdera guztiei erantzun zien Casadok, non eta Iruñean, UPNren etxean. Alboan, izerditan zen seinale, kopeta distiratsu nabari zitzaion Esparza deseroso bati. Ekitaldi hartan berekin izan zituen UPNko beste bi gizon indartsu: Jorge Esparza Antolamendu idazkaria eta Enrique Maia Iruñeko alkategaia. PPkoen artean, Ana Beltran pozarren zen. Legealdi honetan, Esparzaren diskurtsoa baldintzatzeko ahalmena erakutsi du, eta, hala eta guztiz ere,orain arteko inkesta guztiek parlamentutik kanpo kokatzen zuten. Akordioari esker, parlamentuan eserlekua ziurtatu du azkenik.

Beltranek etengabe erregutu izan die UPNkoei akordioaren beharra «ezohiko garai politikoari» erantzuteko asmoz, baina Pedro Sanchezek hauteskunde orokorrak aurreratu arte UPNk ez dio egin jaramonik. Orain, behin baiezkoa emanda, Beltranen argudioari heldu zion Esparzak alderdiaren posizio aldaketa justifikatzeko. Izan ere, haren ustez, Espainiak eta Nafarroak «oso testuinguru politiko zaila» bizi dute. «Katalunia gaur berehalako arrisku bat da batasun konstituzionalarentzat eta espainiarren arteko berdintasunarentzat». Nafarroa, berriz, «duela hamar urteko Katalunia» dela deritzo Esparzak: «UPNk autogobernu gehiago nahi du leialtasunez Espainia eraikitzeko, baina nazionalismoak autogobernu handiagoa nahi du gure herrialdea suntsitzeko. Hori da diferentzia. Ez dugu Nafarroan Kataluniakoa errepikatzea nahi».

Argudio hori bere alde erabili zuen Casadok, argi utziz autogobernuari buruzko ikusmoldea PPk baldintzatuko diola UPNri. Izan ere, PPko buruzagia Nafarroako trafiko eskumenen transferentziaren aurka azaldu zen. «Segurtasunak kezkatzen gaitu. Ikusi dugu nola aurrekontuen elkarrizketetan eta, orain, errege dekretuen negoziazioetan EAJk bilatu duen Guardia Zibila Nafarroatik ateratzea bere botoaren truke. UPNk esan duen bezala, transferentziak leialtasunez egin behar dira, eta gaur egun Guardia Zibila ateratzearen aurka gaude erabat». Casadok gaiak nahastu zituen, azkenean bere ikuspegia nagusitzeko. Altsasuko Koxka tabernan ere egon zen atzo, elkarrizketa bat egiten.

Ildo beretik, adierazi zuen Espainia hausteko bide orri bat dagoela abian, eta hain justu hori geldiaraztea izango dutela helburu bi alderdiek: «Datorren legealdian, ezkerraren eta separatisten arteko aliantza kontsolidatzen bada, Espainia hautsi liteke, eta, Nafarroan beste lau urtez abertzaleen eta komunisten arteko gobernua kontsolidatzen bada, Nafarroa izateari utz diezaioke».

Casadok eta Esparzak etengabe egin zioten dei beldurrari eta alarmismoari, etekin politikoa ateratzeko asmoz. Modu horretan, arerioak karikatura gisa deskribatu zituzten. Esparzak «moralik gabeko nazionalista gisa» deskribatu zituen jeltzaleak, «Geroa Bairi hauteskundeetara aurkezteko baimena eman behar diotelako eta Nafarroan gai delako ETAren hilketak gaitzesten ez dutenekin, Maduro babesten dutenekin eta troskistekin hitzarmenak egiteko». Esparzarentzat, Ahal Dugu-koak eta Ezkerrakoak troskistak dira; Casadorentzat, berriz, «komunistak» dira.

Laukoa mehatxu

Egungo laukoa benetako mehatxutzat jo zuten biek. Esparzak uste du Nafarroa hausteko eta ahultzeko helburuari erantzuten diola; Casadok, berriz, Skolae programa edo «euskararen inposizioa» salatu zituen. Gogor mintzatu zen ere indarkeria polizialaren biktimen legeaz. «Onartezina da poliziaren abusuez hitz egitea. ETAk 800dik gora pertsona hil ditu, eta segurtasun indarrek modu eredugarrian aurre egin diote. Horregatik lotsagarria da halako gezurrak parlamentu batetik ateratzea».

Akordioak zaildu egin diezaioke UPNri PSNrekin ituna egitea. Maria Txibitek ohartarazi du «akordioen eremutik at» kokatu dela UPN. Bestela ikusten dute Esparzak eta Casadok, eta sozialistei presio egiteko gertu daude. «Ziur nago PSNk ez duela nahi Nafarroak Euskal Herriarekin bat egitea, eta konbentzituta nago Javier Esparzaren hautagaitza babestuko duela», zioen Casadok.

Albiste gehiago

Martxoaren 31n eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.647 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 441 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.775 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Pankarta bat, Biboko Zapikaleetan. ©Marisol Ramirez / Foku

500 hildakoen langa gainditu du izurriak Euskal Herriak

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Aceros Olarra lantegia, Loiun, atzo. ©Marisol Ramirez / Foku

Tubos Reunidosek berriro zabalduko du

Iker Aranburu

Jaurlaritzak uste du industria osoak eutsi ahal diola jarduera txiki bati. Mondragonek dio «atzeraezinezko konpromisoak» bete ahal izango dituela, eta CAFen 37 boluntario ari dira bagoi batzuk entregatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informatzeak zenbat balio duen.

Izan zaitez BERRIAlaguna