EAJ, PSE-EE eta PPren babesarekin onartuko dute Polizia Legea

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27ko osoko bilkuran onetsiko du legegaia. Jeltzaleek uste dute erreforma «garrantzitsua» dela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontrako botoa emango dute

jon olano
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legeak gertu du bere bosgarren erreforma. Eusko Jaurlaritzak orain urtebete onartu zuen araua moldatzeko aurreproiektua, eta, hilabeteetako eztabaidaren ostean, bi tramite baino ez ditu falta behin betiko onespena jasotzeko; proiektua lantzen ari den batzordeak emango dio oniritzia aurrena —datorren astean—, eta Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27ko osoko bilkuran onartuko du behin betiko.

Jakina da aurrera aterako dela, testuaren inguruan ados baitaude EAJ, PSE-EE eta PP. Atzo batzartu zen legegaia aztertzen ari den ponentzia, eta alderdiek foro horretan berretsi zuten bat datozela. Berritasunen artean daude, batetik, Ertzaintzara eta udaltzaingoetara sartzeko gehienezko adina 35 urtetik 38ra igotzea, PPk eskatzen zuen bezala, eta, bestetik, ertzain emakumezkoak lantaldearen %33 izatea—gaur egun, %12 dira—. Horretarako, arau berriak ezarriko du hautatze prozesuetan kontratatutakoetatik gutxienez %25ek emakumeak izan behar dutela. Era berean, Kontrol eta Gardentasun Batzorde bat ezartzeko beharra ezarriko du legeak, hark aztertu ditzan herritarrek ertzainen eta udaltzainen jokabideaz aurkezten dituzten kexak. Horrez gain, ertzainen edo udaltzainen jardunaren ondorioz inor larri zaurituko edo hilko balitz, batzorde horrek ofizioz aztertuko luke gertatutakoa.

1992koa da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu zen lehen Polizia Legea. Ordutik, lau aldiz aldatu dute araua, batez ere Ertzaintzako funtzionarioen ordainsarietan eta Ertzaintzako langileen ordezkaritza sisteman moldaketak egiteko. Oraingoan, azken urteotan Espainiako Gobernuak eta gainerako erkidegoek onetsitako legeetan jasotako berrikuntzak bildu nahi ditu Jaurlaritzak.

Lege erreformaren beharra eta garrantzia azpimarratu dituzte hura babestuko duten talde politikoek. Iñigo Iturrate EAJko bozeramailea, esaterako, pozik agertu da proiektuak aurrera egingo duelako, uste baitu «garrantzitsua» dela, eta 1992ko testua «eguneratu» egingo dutela: «Moldaketa inportantea da, eta erakusten du akordioaren eta elkarrizketaren bidez aurrera egin daitekeela herrialde honetan».

Konforme dago Nerea Llanos PPko bozeramailea ere, behin betiko testuak bere alderdiaren eskakizun ugari jasotzen dituelako. Ildo horretan, nabarmendu du EAJk eta PSE-EEk ados jartzeko «jarrera ona» izan dutela. Llanosen hitzetan, Ertzaintzara sartzeko gehienezko adinaren langa igotzeaz gain, azken testuak PPren beste eskaera batzuk jasoko ditu: hala nola herri guztietako udaltzainek armak eramatea segurtasun publikoko zerbitzuetan.

«Aukera galdua»

Proiektuarekiko kritiko dira, ordea, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Julen Arzuaga indar subiranistako legebiltzarkidearen esanetan, legebiltzarrak «aukera galdu du etorkizuneko Polizia eredua diseinatzeko, egungo errealitatea kontuan hartuta». Dioenez, EAJk, PSEk eta PPk Polizia Legea adostuta, «Polizia ereduari buruzko eztabaidari heldu beharrean, konponketa korporatibo huts batera» jo dute, eta «ia soldata kontuetara bakarrik mugatu» dute debatea. Horregatik, «euskal poliziak egungo baldintza eta beharretara egokitzeko aukera galdutzat» dauka moldaketa Arzuagak, eta beste eredu baten alde egin du; horren arabera, Ertzaintzak «funtzio espezializatuak» beteko lituzke, eta udaltzaingoak «gertutasuneko polizia» lirateke.

Elkarrekin Podemosek, berriz, «atzerapausotzat» jo du onartzear den erreforma: «Hitz egiteko, eztabaidatzeko eta akordio zabalak eraikitzeko gaitasun faltagatik hamar urtez testu bat tiraderan eduki eta gero, EAJk eta PSEk aliatu bat topatu dute PPn, lege bat onartzeko beharrezkoa den debaterik eta zeharkako akordiorik gabe». Ohar batean, koalizioak arbuiatu du lege berriak ez duela amaituko Polizian sartzeko eta garapen profesionalerako gizon-emakumeen artean dagoen desberdintasuna, eta hiru alderdiek «polizia eredu zaharkitu bat» hitzartu dutela, «arazoak sortzen dizkiena poliziei eta herritar guztiei».

Legegaiak legebiltzarrean eginiko ibilbidea gogorarazi du Elkarrekin Podemosek, EAJren, PSE-EEren eta PPren jokabidea salatzeko. Azpimarratu du 104 ekarpen egin zizkiotela jatorrizko testuari, eta, lege proiektua aztertzeko ponentziaren lehen bileran, EAJ, PSE eta PP testu «adostueta itxi» batekin joan zirela bilkurara: «Ondorioztatu genuen segurtasun politiken oinarrizko kontuetatik kanpo uzten gintuztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.