PSN, aldaketaren ispiluari so

Nafarroako gobernu itunerako zirriborroa aurkeztu die Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrari. Martinez eta Builen ustez, agiriak 2015eko ituna dauka oinarritzat. EH Bilduren babesaz ez dute hitz egin

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gobernu akordio baten bidean, lehen urratsa egin dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Bilera egin zuten atzo lau indarrek, Nafarroako Legebiltzarrean, gobernu posible horrek izanen lukeen bide orria zirriborratzen hasteko. «Baikortasuna»; hori da, lan saioaren ostean, talde guztien ahotan dabilen hitza. Izan ere, ñabardurak ñabardura, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak uste dute PSNk «bere egin dituela» aldaketaren gobernuak azken legealdian hartutako zenbait neurri.

«Motza izan da bilera, baina mamitsua», laburbildu zuen Ramon Alzorrizek, PSNko antolakuntza idazkariak, parlamentuko bilkura aretotik atera berritan. Eta motza, behintzat, izan zen: 17:07an itxi zituzten ateak, eta 17:30erako kanpoan ziren denak. 23 minutu horietan, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aukera izan zuten PSNren bide orria estreinakoz ikusi eta ardatz nagusiak aletzen hasteko.

Atzoko saioaren ostean, talde parlamentarioen bozeramaileek ez zuten agiriaren gaineko xehetasunik eman nahi izan —«adostu dugu gutxieneko konfidentzialtasun maila bati eutsiko diogula», aitortu zuen Ahal Dugu-ko Mikel Builek—, baina denek adierazi zuten inpresio orokorra «positiboa» dela. Are: «borondatea» agertu zuten prozesua bururaino eraman eta «gobernu aurrerakoi bat» osatzeko, eta horretarako egokia iruditu zitzaien PSNk eginiko proposamena.

Alzorrizen arabera, PSNk zirriborratutako bide orria «proposamen mamitsua eta posibilista da», gainerako alderdien proposamenak «eta egungo gobernuaren zenbait neurri» jasotzen baititu. Hain zuzen, aldaketak azken legealdian eginiko norabideari eusteko PSNk adierazi duen borondatea nabarmendu dute Geroa Baik eta Ahal Dugu-k. «Geure burua islatuta ikusi dugu agiriko zenbait puntutan. Hau hasiera besterik ez da, baina badirudi PSNk oinarri gisa hartu dituela laukoak azken legealdian eginiko politika aurrerakoiak, eta horrek pozten gaitu», esan zuen Geroa Baiko Koldo Martinezek. Hark egin zuen bileraren gaineko gogoetarik baikorrena: «Desadostasunak azaleratuko dira, seguru, baina horiek kudeatzeko eta bideratzeko modua aurkituko dugu».

«EH Bildu beharko dugu»

Ahal Dugu eta Ezkerra zuhurrago azaldu ziren. Builen arabera, bilera «giro onean» egin zuten, eta horrek bide emanen die datozen asteetan negoziatzen segitzeko, baina aitortu zuen dokumentua «xehe-xehe» aztertu beharra dutela oraindik: «Azaleko irakurketa bat eginda, badirudi proposamenaren oinarria dela 2015eko itun programatikoa, eta hor igartzen da laukoak eginiko lanarekiko errespetua».

Ezkerrako Marisa de Simonek adierazi zuen prest zegoela bere esku dagoen guztia egiteko «gobernu alternatibo bat» osatze aldera: «Baita EH Bilduko lagunekin hitz egiteko ere, haien babesa beharrezkoa izanen baita». Gogorarazi zuen eguneroko jardun parlamentarioan gauza normalizatua dela EH Bildurekin negoziatzea, eta Ezkerrak ez duela inoren baimenik behar horretarako. Halere, atzoko bilkuran gai hori ez zuten hizpide izan: «Oraingoz, gobernu akordioa, eta gero gerokoak», esan zuen Alzorrizek.

Ostegunean beste bilera bat egingo dute, agiriaren gainean eztabaidatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.