Nafarroa. Gobernagarritasuna

Txibitek ez du itxi Navarra Sumaren abstentzioa negoziatzeko aukera

Geroa Baik kargu hartu dio PSNri, lortutako akordioa Navarra Sumarekin negoziatzeko «ate faltsu» gisa erabiltzeagatik. Esparza prest agertu da Txibiterekin biltzeko, eta Geroa Bairen jarrera gaitzetsi du

Maider Galardi F. Agirre.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko presidentegaiak ez du baztertu bere inbestidurarako beharrezkoa den abstentzioa Navarra Sumarekin negoziatzea. Hala iradoki du RNE irratian egindako elkarrizketa batean, eta eskuineko koalizioari eskatu dio PSNk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k sinatutako akordioa irakurtzeko. «Ez dugu baztertzen Navarra Sumarekin elkartzea eta akordioetan sinatu duguna azaltzea. Argi dugu EH Bildurekin ez dugula akordiorik egingo», ohartarazi du Txibitek. Geroa Baik kargu hartu dio PSNri, lortutako akordioa eskuineko koalizioarekin negoziatzeko «ate faltsu» gisa erabiltzeagatik. Eta iluntzean mintzatu da Javier Esparza Navarra Sumako hautagaia, Txibiterekin biltzeko prest dagoela esan eta Geroa Bairen «mehatxuz betetako» erreakzioa gaitzetsiz.

Joan den ostiralean lotu zuten aurreakordio programatikoa lau alderdiek, eta hilaren 14an dira hastekoak gobernua osatzeko negoziazioak. Halere, Txibitek EH Bilduren abstentzioa behar luke, eta ez dutela haiekin negoziatuko azaldu du behin eta berriz. Horregatik luzatu dio eskua Navarra Sumari, haren ustez 23 ordezkarien akordioak Navarra Sumak baino «zilegitasun handiagoa» duelako. UPN, PP eta Ciudadanosek osatutako koalizioak hogei ordezkari lortu zituen maiatzaren 26ko hauteskundeetan.

Gainera, lortutako akordioak «marko konstituzionalaren defentsa» egiten duela dio PSNko idazkari nagusiak: «Gure autogobernua, legearen errespetua eta bizikidetzaren aldeko apustua da». Navarra Sumari akordioaren nondik norakoak erakusteko prest agertu da Txibite: «Akordioan argi azaltzen da ez dugula Nafarroa saltzen, eta beldurra uxatu behar dugu».

Geroa Baik, ordea, gogor jo du Txibiteren proposamenaren aurka: «PSNk jakin behar luke Geroa Bai ez dagoela prest akordio programatikoa Navarra Sumarekin negoziatzeko aukera bilakatzearekin». Haserreaz gainera «harridura» ere badutela azaldu dute ohar baten bidez, azken asteetan «kontserbadoreen aldetik mezu gogorrak» jaso dituztelako. Txibiteri esan diote atzo egindako deklarazioek ez dutela «konfiantza eraikitzen laguntzen», eta eskatu diote errespetatzeko PSNko idazkari nagusiak berak eskatutako «geldialdi egunak».

Edonola ere, Txibitek Navarra Sumari eskatu dio akordioa irakurtzeko. Besteak beste, ez dakarrelako «ez euskara gehiago, ezta abertzaletasun gehiago ere» —hala egotzi diote azken asteetan eskuineko indarrek—. Are, euskarari dagokionez, azpimarratu du helburua izango dela kontsentsu «sozial, sindikal eta politiko zabalagoa» lortzea: «Euskararen legearekin ez ginen ados egon, uste baikenuen aukera berdintasunaren aurka egiten zuela». Horregatik, oraingoan babes «zabalagoak» lortzen ahalegindu direla azpimarratu du Txibitek. Dekretua aldatzeko asmoa ere adierazi du.

Berehala erantzun dio Esparzak Txibiteri. Esan dio «eskua luzatuta» dutela, bilera hori egin, eta Nafarroak behar duten «egonkortasunari» buruz aritzeko. Eta haiekin esertzeko aukera horren aurrean Geroa Baik izandako erreakzioa gaitzetsi du, esanez jarrera erabat «baztertzailea eta sektarioa» dutela. «Espero dut Txibitek ez dituela aintzat hartuko Barkosen eta Otegiren mehatxuak», esan du Esparzak.

PSOEren ustekaberik ez

PSOEko zuzendaritzaren oniritzia ere bilatu du Txibitek lortutako akordioarekin. Haren esanetan, alderdiko zuzendaritzak ezagutzen ditu akordioa lotzeko orain arte egindako «pauso guztiak». Are gehiago, ohartarazi du badutela lortutako akordioaren berri, eta inbestidurara begira «sorpresarik ez» dela egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.