Iñigo Urkullu izango da berriro Eusko Jaurlaritzarako EAJren lehendakarigaia

EBBk egin du proposamena; ez da ezustekorik espero. Tejeria ere proposatu dute legebiltzarrerako presidente gisa. Izendapena martxoaren 7an izango da

Urkulluk parte hartu zuen EBBren bileran, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Inor gutxik espero zuen bestelakorik, baina, azkenean, egon zitezkeen zalantzak uxatu eta EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarrak iragarri du berriro proposatuko duela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagai izateko. EAJren zuzendaritzak bilera egin zuen atzo Sabin Etxean (Bilbo) gaia aztertzeko, eta Urkullu ere bileran egon zen, baina alderdiak bazuen aldez aurretik hautagaiaren oniritzia, eta, hortaz, proposamena egitea erabaki du EBBk.

Horretaz gain, Eusko Legebiltzarraren presidentetzarako hautagaia ere proposatuko du EBBk, eta horretan ere ez da ezustekorik izan, oraingo presidente Bakartxo Tejeria izango baita EBBk proposatutako hautagaia. 2012tik da Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente.

Bihar Nazio Batzarra egingo du EAJk. Bilkura aldez aurretik antolatuta zegoen, alderdikideei EAJk eta PSOEk Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidurarako lorturiko akordioaren berri emateko helburuarekin, baina aukera baliatuko dute hautagaitzez hartutako erabakiak ere jakinarazteko.

Horren ostean abiatuko dute barne prozesua, eta azken erabakia Nazio Batzarrak hartuko du, martxoaren 7an egingo duen bilkuran. Ez da ezustekorik espero, eta batzar horretan Urkullu ofizialki izendatuko dute EAJren lehendakarigai Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Eusko Legebiltzarrerako presidentegaia eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako hautagaiak ere aukeratuko dituzte martxoaren 7ko bilkuran, 25 hautagai zerrenda bakoitzean.

EAJren irizpidea izaten da ardura instituzionaletan eta barne egituretan aritzen direnek gehienez bi agintalditan jardutea, baina malgu jokatu ohi du norbaitek epe hori gainditzeari egoki irizten diotenean. Hori da Urkulluren eta Tejeriaren kasua, biek ala biek bi agintaldi egin baitituzte nork bere eginkizunean. Beraz, aukeratua izango balitz, hirugarren aldiz izango litzateke Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari, eta berdin gertatuko litzateke Tejeriarekin legebiltzarreko presidentetzan.

EBBtik Jaurlaritzara

Iñigo Urkullu (Alonsotegi, 1961) EGIko buruzagi gisa 1980ko hamarraldian EAJren mitinetan parte hartzen hasi zenean, alderdikide gehienak bat etortzen ziren: EAJren diskurtsorik independentistena egiten zuen gazte hura urrun iritsiko zen politikagintzan. Ez zeuden oker; alderdian, EBBren lehendakari izatera iritsi zen 2007an, eta, ardura instituzionaletan, 2012tik izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

EAJren sentsibilitaterik independentistena ordezkatzen zuen Urkulluk 80etako urte urrun haietan EAJren historian, EGIko buruzagiei askotan egokitu zaie rol hori jokatzea, baina, azken bi hamarkadetan, haren irudia pragmatismoarekin, moderazioarekin eta akordioak lortzen saiatzearekin egon da lotuta. 2007ko abenduan, EBBko presidente izendatu zuten —2008ko urtarrilaren 18an hartu zuen ardura—, Josu Jon Imazen eta Joseba Egibarren arteko lehiaren ostean, berak biltzen zuelako bi sektoreen adostasuna. Lehendakari izendatu zutenetik, berriz, asko indartu da haren irudi instituzionala.

Bi agintaldi egin ditu Urkulluk Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Lehenengoan, 2012tik 2016ra, kolore bakarreko gobernua osatu zuen, 27 legebiltzarkide jeltzaleen babesarekin eta gehiengo absolututik urrun. Zailtasunak zailtasun, Jaurlaritzak zenbait egitasmo aurrera ateratzea lortu zuen, batzuetan PPren laguntzarekin, beste batzuetan PSE-EE makulu hartuta, eta inoiz EH Bildurekin ados jarrita. «Guztiekin akordioak lortzeko gaitasuna» asko nabarmendu zuen EAJk garai hartan.

2016ko hauteskundeetan, Urkullu berriro izan zen jeltzaleen hautagaia, eta EAJk bere nagusitasunari eutsi zion, 28 legebiltzarkide lortuta, aurrekoan baino bat gehiago. Baina, ordurako, EAJren eta PSE-EEren arteko harremana beste fase batean zegoen: 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAJk bazkidetzat hautatu zuen PSE, eta akordioak lortu zituen sozialistekin foru eta udal erakunde gehienetan elkarrekin aritzeko. Horren ondorio logikoa izan zen 2016ko azaroan EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzea, berriro ere Urkulluren gidaritzapean.

Hauteskunde eguna

Jaurlaritzako lehendakariaren eskumena da hauteskundeetara deitzea, eta, beraz, Urkulluren eskuetan dago erabaki hori hartzea eta eguna aukeratzea.

Espainian gobernu berria osaturik, desagertu da berriro Gorteetarako bozak egin behar izatearen arriskua, eta 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dute Elkarrekin Podemosen babesari esker. Hortaz, lasai har dezake Urkulluk erabakia. EAJk VIII. Batzar Nagusia egiteko prozesua dauka —uztailaren 11n eta 12an—, eta EAJren 125. urteurrenaren ospakizunak ere bai —uztailaren 31n—. Hauteskundeetarako deialdia aurretik edo ondoren egin, hori Urkulluk erabakiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.