«Tunela martxan dugu jada»

Leioa eta Portugalete lotzeko urpeko tunela diseinatzeko proiektua lizitaziora atera du Bizkaiko Aldundiak. Ibilbidea hautatu du: hiru aukeretan luzeena, baina itsasadar azpitik tarte motzena duena

«Tunela martxan dugu jada».
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Oraindik hiru urte inguru falta dira Bizkaiko Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotuko dituen ur azpiko tunelaren obrak hasteko, eta ibilgailuak ez dira bertatik igaroko 2027 edo 2028ra arte, baina egitasmoa errealitate bat dela nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak: «Tunela martxan dugu jada». Prentsaren aurrean agertu ziren atzo Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Azpiegituretarako diputatua, proiektua zertan den azaltzeko eta aurrera doala azpimarratzeko: tunela egiteko proiektuaren idazketa lizitaziora atera du diputazioak, 10,5 milioi euroan eta 33 hilabeteko epearekin. Eta, gainera, aldundiak zehaztua du jada nondik igaroko den tunela: aztertzen ari zen hiru ibilbideetatik luzeena aukeratu du, baina Bilboko itsasadarraren azpitik tarte laburrena duena. «Aukera seguruena da», adierazi du Rementeriak.



3.037 metro izango ditu tunelak, eta hiru minutu inguru beharko dituzte ibilgailuek hura gurutzatzeko: Artatzako biribilgunetik (Leioa) abiatuko da; lur azpitik Leioa eta Getxo arteko mugatik igaroko da; gero, Lamiakoko araztegi ingurutik; itsasadarra zeharkatuko du Sestaoko hegaleraino; Ballontiko biribilgunean (Portugalete) irtengo da azalera, eta bertan izango du lotunea A-8arekin eta Supersurrekin.

Beste bi aukerak baino hego-ekialderago dago ibilbide hori, hain justu, itsasadarraren azpitik ahalik eta distantzia txikiena egiteko. Rementeriak azaldu du «erabaki teknikoa» izan dela, eta kontuan hartu dituztela lurzoru mota, egonkortasuna eta lurrazaleko espazioak: «Arazo gutxiago ematen duten zoruetatik pasatzen da, eraikitako zoru gutxiago zeharkatzen du, edozein eraikitze teknika erabil daiteke, eta, batez ere, ur eremu txikiena zeharkatzen du —200 metro, beste bi bideen erdia baino gutxiago—».

Hori guztia nola gauzatu zehaztu beharko du eraikuntza proiektuak: 33 hilabeteko epea jarri dute idazteko, eta 10,5 milioi euroko aurrekontua. Atzo bertan atera zuen proiektua lizitaziora aldundiak. «Diseinu guztia ondo zehazteko dago oraindik: ingurumen, hirigintza eta geologia baldintzak, eraikuntza metodoa...», adierazi du Pradalesek. Informazio txosteneko azterlan geoteknikoetan 200 zundaketa baino gehiago egin dituzte, baina diputatuak ohartarazi du zorupeari buruzko informazio gehiago beharko dutela: «Lur bigunak ditugu, ur askokoak, batez ere Lamiako inguruan».

Ezaugarri horien arabera erabakiko dute tunela egiteko zer teknika erabili, eta eraikuntza sistemak ezarriko du, era berean, obraren kostuaren zenbatekoa: 337 eta 403 milioi euro artekoa izango dela argitu du Rementeriak —lehen kalkuluetan, 380 milioitan jarri zuten zenbatekoa—.

«Ingeniaritzako erronka»

«Bizkaian inoiz egin den obrarik esanguratsuena izango da, ingeniaritzaren arloko erronka bat, konplexutasun handikoa», berretsi du ahaldun nagusiak. Gogora ekarri du «Bilboren benetako saihesbidea osatuko» duela azpiegitura berriak, eta helburu duela inguruko errepideetako auto pilaketak murriztea. Hiru puntu aipatu ditu Rementeriak: Arrondegiko zubitik egunero 140.000 ibilgailu igarotzen dira; Artatzako errepidetik, 115.000; eta A-8aren Max Center alboko bidetik, 129.000. Bada, aldundiaren kalkuluen arabera, egunero 51.000 ibilgailu kenduko dizkie tunelak errepide horiei: 35.000 Arrondegitik, 18.000 Max Centerretik eta 14.000 Artatzatik. Bide berriak «lurraldea kohesionatzen» ere lagunduko duela ondorioztatu du: «Itsasadarraren bi aldeak hurbilduko ditu».

Hala ere, Rementeriak berriro esan du azpiegitura ez dela soilik ibilgailuentzat izango. «Multimodalitatea» izan du hizpide: «Tunela beste garraiobide batzuetarako ere baliatu nahi du aldundiak». Garraiobide horiek zein izango diren, hala ere, ez du argitu. 2018ko maiatzean egitasmoa aurkeztu zuenean, iragarri zuen azpiegiturak bi solairu izango zituela eta ibilgailuentzako tartea goikoa izango zela, baina atzoko agerraldian ez zuen halakorik aipatu. «Tunelari ahalik eta potentzial handiena eman nahi diogu, eta inbertsioa eta onura maximizatu. Etorkizunean pentsatu behar dugu; aukera guztiak irekita dauzkagu».

Era berean, Pradalesek jakinarazi du «aditu talde bat» osatuko dutela ibai azpiko tunelak eraikitzen jardundako teknikariekin, eta, gainera, teknologia berriak erabiliko dituztela tunelaren «eredu digitala» sortzeko: «Tunelaren eraikuntzaren simulazio bat izango dugu, diseinuan eta obretan sor litezkeen arazoei aurrea hartu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.