Koronabirusa

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Gipuzkoako Senideak-ek atzo Donostian egindako protesta. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak maskararen derrigorrezko erabilera ezarri du Lapurdiko kostaldeko zenbait hiritan. Hala, gaurtik aurrera Miarritzeko, Baionako eta Donibane Lohizuneko hiri barneetan maskararekin ibili beharko du 11 urtetik gorako edonork. Elbarritasunagatik maskararik erabili ezin dutenek mediku agiria beharko dute. Angelun eta Ziburun, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da merkatu irekietan; kalean, ordea, ez. Neurriak agorrilaren 31ra arte iraungo du, oraingoz. Maskararik gabe doazenek 135 euroko isuna jasoko dutela azpimarratu du prefeturak. Gainera, Miarritzeko eta Angeluko hondartzak itxita egongo dira 22:00etatik 06:00etara. Neurriok errespetatzeko, elkargoak bertan behera utzi ditu gaueko autobus zerbitzuak hilaren 31ra arte.

Hego Euskal Herrian, seigarren egunez jarraian berrehun positibotik gora atzeman dituzte: azken zenbaketetan, 224. Bizkaian izan dira kutsatze gehienak beste behin ere: 123 kasu. Nafarroan, 59 kasu detektatu dituzte; Gipuzkoan, 25; Araban, 14: eta erkidegotik kanpo, 3. Zangozan (Nafarroa), 18 positiboren berri izan dute egunotan, eta udalak hainbat neurri ezarri ditu herrian. Kiroldegia, liburutegia, haur eskola eta jolas parkeak itxita egongo dira, eta tabernek eta jatetxeek ezingo dute gauerditik aurrera zabaldu. Zahar etxeetako langileen artean ere agertu dira positiboak. Araban bi langile kutsatu dira, eta Gipuzkoan, zortzi, baina egoiliarren artean ez da kasurik atzeman oraingoz.

Jaurlaritzak tabernak ixteko ordua mugatu zuen iragan astean, eta Gipuzkoako tabernariak haserre agertu dira aginduarekin. Neurria «bidegabea» dela argudiatu dute, eta gaitzetsi egin dute murrizketak soilik ostalaritzan ezarri izana. Neurrien ondorioz, taberna «gehienen» iraupena arriskuan dagoela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.