Koronabirusa

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena erregistratu dute: 53 pertsona

Hegoaldean beste 760 positibo atzeman dituzte. Nafarroako Gobernua «kezkatuta» dago goranzko joerarekin, baina uste du ospitaleen egoera «oso jasangarria» dela. Errenterian egoiliar bat hil da

Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko irailak 17

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena erregistratu dute. Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldu zituen iragan asteko datuak, eta jakinarazi zuen beste 46 pertsona hil direla COVID-19agatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, egunero ematen du datu hori, eta joan den astean zazpi pertsona hil ziren. Hala, Hego Euskal Herrian 53 pertsona hil dira irailaren 7tik 13ra, orain dela bi aste baino bi gehiago. Hala ere, datuak ez dira izurritearen hasieran jasotako berberak, eta urrun samar daude kopuru horietatik. Hildako gehienak apirilean izan ziren; aste bakar batean 394 pertsonak galdu zuten bizia. Ordutik, datuek behera egin zuten, uztailaren amaierara arte. Orain, hildakoen kopuruak berriro ere gorantz egiten hasiak dira.

Positibo kopuruek ere gorakada nabarmena izan dute Hegoaldean. Datuen arabera, atzo beste 760 positibo erregistratu zituzten, herenegun baino 162 gehiago. Lurraldez lurralde, Nafarroan atzeman zituzten positibo gehienak. Datua pixka bat apaldu arren, berriro ere hirurehunen langa gainditu du: 301 kasu detektatu zituzten atzo. Bizkaian 237 positibo egon ziren, Gipuzkoan 166, eta Araban 46. Hain zuzen, azken hiru lurralde horietan, kopuruak gora egin du herenegungo datuekin alderatuta. Guztira, 12.615 PCR proba egin zituzten; egindako proba guztien %6,02k eman dute positibo.

PCR positiboen kopuru handiena Nafarroan atzeman dute azken egunetan, eta egoerak kezka sortu du. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak atzoko gobernu bileraren ostean azpimarratu zuenez, «kezkatuta eta okupatuta» daude positiboen gorakadaren joerarekin, baina gehitu zuen izurritearen lehen hilabeteetako egoera eta egungoa ez dela berbera: «Kasuen gorakada badago, baina ospitaleratzeen eta heriotzen indizeek ez dute antzik». Areago, azaldu zuen Nafarroako ospitaleetako egoera «oso jasangarria» dela, eta birusarekin bizitzen jakin beharra dagoela: «Birusarekin bizitzen ikasi beharko dugu egiturazko irtenbide bat agertu bitartean, eta hori txerto baten bidez iritsiko da». Hain zuzen, Nafarroan beste 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 42. Orotara, 460 pertsona daude ospitaleetan Hegoaldean, eta horietatik 67 zainketa intentsiboetako unitatean.

Ignacio Garitano epidemiologoak ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleen egoera izan zuen gogoan atzo Jaurlaritzan egindako agerraldian. Osakidetzak pandemiaren jarraipena eta kontrola egiteko duen plana koordinatzearen arduraduna da. Adierazi zuen egoera «ona» dela ospitaleetan, eta osasun sistemaren eta aztarnarien funtzionamendua goraipatu zuen. Haren ustez, sistemak ez du «inolako zailtasunik» egoera kontrolatzeko. Are, lehen arretako zerbitzua ere txalotu du, PCR proba ugari eta jarraipen eraginkorra egiteko gaitasuna duela iritzita. Garitanok uste du egungo egoera ezin daitekeela alderatu lehenengo olatukoarekin, eta ohartarazi zuen joera aldatzen ari dela; «egonkortzen». Herritarren ardura izan zuen hizpide.

Errenterian, hildako bat

Egunez egun, geroz eta positibo gehiago ageri dira zahar etxeetan ere, eta, ondorioz, heriotzek ere gorakada izan dute leku horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak datuak eman zituen, eta adierazi zuen atzo beste hildako bat egon zela. Errenteriako Bihotz Sakratuaren zahar etxeko egoiliarra zen hildakoa, eta, horrez gain, egoitza berean beste positibo bat egon da. Gainera, beste bi zahar etxetan ere hiru positibo atzeman dituzte: Donostiako Alai Etxe egoitzan, bi, eta Bergarako Mizpirualden, bakarra.

Beste lurraldeetan ere detektatu dituzte kasuak. Arabako Foru Aldundiak, esate baterako, datuak eskaini zituen, eta azaldu zuen atzo ez zela hildakorik egon zahar etxeetan, baina bi positibo atzeman zituzten Miñaoko Colisee egoitzan. Hala ere, bada berri hobeagorik. Aldundiaren informazioaren arabera, Arabako zaharren egoitzetako hamar egoiliarrek COVID-19a gainditu dute, eta bigarren olatuan dagoeneko 38 adineko sendatu dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna