Koronabirusa

Tabernen itxierari eta etxeratze aginduari eutsiko die Jaurlaritzak

Osasun sailburuak adierazi du datuen beheranzko joerak erakusten duela neurriak «egokiak» izan direla. Abenduaren 10era arte luzatuko dituzte neurriak, hemendik hamabortz egunera berrikusita

Taberna bat itxita, asteon, Igorren (Bizkaia). Bertze hamabortz egunez gutxienez jarraituko dute horrela. RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Ondo goaz, baina ez gaude ondo». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitz horiekin laburbildu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa, atzo Labi babes zibileko planaren aholku batzordearen ondotik egindako agerraldian. Izan ere, Sagarduiren hitzetan, datuen beheranzko joerak erakusten du azaroaren 6an harturiko neurriak «egokiak eta proportzionalak» izan zirela; eta, hain justu horregatik, neurriak abenduaren 10era arte luzatzea erabaki dutela jakinarazi zuen atzo Jaurlaritzak—hasieran hamabortz egunez luzatuko zituztela erran zuen Sagarduik, baina Jaurlaritzak ondoren jakinarazi zuen abenduaren 10era artekoa izanen dela dekretua, eta hemendik hamabortz egunera berrikusiko dutela—. Sagarduiren hitzetan, «datuak ez dira neurriak lasaitzeko bezain onak, ezta neurriak areagotzeko bezain txarrak ere».

Hala, orain arte bezala tabernek itxita jarraitu beharko dute, eta etxeratze aginduak bere horretan segituko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 22:00etatik 06:00etara arte ezinen da karrikara atera. Farmaziek eta gasolindegiek izan ezik, gainerako merkataritza establezimenduek 21:00etan itxi beharko dute, eta azaroaren 6ko dekretuan argitaraturiko gainerako neurriek ere bere horretan jarraituko dute, joan-etorriei dagozkienek, kasurako. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bihar sinatuko du neurriak berresteko dekretua, bihar agertuko da aldizkari ofizialean ere, eta larunbatean jarriko da indarrean. Hemendik hamabortz egunera berriz aztertuko dituzte neurriak, eta orduan erabakiko dute eusten dieten, aldatzen dituzten ala lasaitzen dituzten.

Sagarduik adierazi du herritar gehienek neurriei eman dieten «erantzun ona faktore erabakigarria» izan dela neurriek eragina izan dezaten, baina zuhurtzia galdegin du: «Zuhurtzia neurri gehigarriak jartzeko garaian—uste dugu oraingoz ez direla beharrezkoak—, eta zuhurtzia ez lasaitzeko: neurriak betetzen jarraitu behar da».

ZIUen irudia kanpainan

Komunikazio kanpaina baten berri ere eman zuen atzo Sagarduik: Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek sustatuta, ZIU baten «benetako» irudi bat duen kanpaina abiatuko dute, «erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzeko» eta «lasaitze egoerak borrokatzeko»: «Oroitarazi nahi dugu gaixotasun honek ospitalera, ZIUra eta heriotzara eraman gaitzakeela». Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu zelan saihestu izanen da kanpainaren leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.