Jaurlaritzaren aurrekontuak

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei

Inork kontrakorik adierazi ezean, gobernuko indarren babesarekin eginen dute aitzinera. EH Bilduk eta EAJk elkarri leporatu diote negoziatu nahi ez izatea

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, atzo, Donostian egindako agerraldian. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Alderdi bakoitzak mugitu ditu bere fitxak, eta gaurgero aski argi dago zein izanen den mahai jokoaren akabera: azken orduko sorpresarik ezean, Eusko Jaurlaritzako gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin baino ez dute aitzinera eginen aurtengo aurrekontuek. Bi indarrek gehiengo absolutua dute Eusko Legebiltzarrean, eta ez dute bertze inoren laguntzarik behar aitzina egiteko. Elkarrekin Podemosekiko negoziazioek ere ez dute emaitzarik ekarri, eta EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die aurrekontuei. Sinbolikoa da zuzenketa, nolanahi ere; ezinen baitu aitzinera egin.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak agerraldia egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei zuzenketa jarriko zietela jakinarazteko, eta prentsaurrekoa EAJk negoziazioan izan duen jarrera kritikatzeko baliatu zuen. Hain zuzen, Iriarteren ustez, EAJk «hasieratik» egin zion «uko» EH Bildurekin hitz egiteari. Koalizioaren arabera, «zinikoa» da jarrera hori, jeltzaleak «auzolanaz eta elkarlanaz» mintzatzen baitira, baina gero ez baitute EH Bildurekin hitz egiteko prestasunik erakusten.

Antzekoa da EAJren ikuspegia, baina kontrako norabidean: Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak adierazpenak egin zituen atzo Radio Euskadin, eta hark ere EH Bilduri leporatu zion haiekin negoziatu nahi ez izana. Atutxaren hitzetan, EH Bilduk egindako proposamenak erakusten du koalizio abertzalea ez dela «elkarrizketarako proposamenak egiteko gai». Atutxaren ustez, hain zuzen, EH Bilduren «sei orriko proposamen horretan» ez dago «negoziaziorako eskaintzarik». EAJkoaren arabera, EH Bildurena ez da aurrekontuei egindako osoko zuzenketa bat, EAJk eta PSE-EEk gidatzen duten Eusko Jaurlaritzaren proiektuari egindakoa baizik. BBBko buruak Elkarrekin Podemoseko jarrerarekin alderatu du ezkerreko abertzaleena: «EH Bilduk bere burua baztertzen du azken proposamenarekin, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, negoziatzen segitu du, eta 90 milioi euro inguruko proposamen bat jaso zuen, nahiz eta gero ez zuen onartu».

EH Bilduren ustez, aldiz, EAJ da hitz egiteari muzin egin diona. Iriarteren hitzetan, hain zuzen, alderdi jeltzaleak ez du akordiorik «nahi» EH Bildurekin, koalizioa «gobernu alternatiba bakarra» delako, eta EAJk «beldurra» diolako «alternatiba» hori indartzeari. Iriarteren iritziz, Jaurlaritzak «erabat galdu du perspektiba» negoziazioekin, «aurrekontua herritarren beharrei erantzuteko tresna bat delako, eta ez delako EAJk EH Bildu higatzeko duen beharrari erantzuteko tresna bat». EH Bilduk uste du EAJ bizkarra ematen ari zaiela herritarrei: «EH Bilduri kalte egiten diola uste du EAJk, baina oso oker dago. Euskal gizartea kaltetzen ari da, bere ongizatea hobetuko luketen neurriak ukatzen dizkiolako». Alde horretatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei azalpen bat «zor» die EAJk, EH Bilduren ustez: «Azaldu behar diete zergatik ez duten beharrezkotzat jotzen ez osasun sistema eta zerbitzu publikoak indartzea, ez krisiak gehien jo dituen sektoreak erreskatatzea, ez adinekoen egoitzetan lan eta bizi baldintza duinak bermatzea».

Iriartek oroitu du Azpiazuk berak erran zuela beharrezkoa izanez gero posible litzatekeela gastu muga handitzea. Eta, EH Bilduren iritziz, pandemia eta krisi egoeran gastua ez handitzea «luxu» bat da. Iriarteren hitzetan, osasun sistema, zahar etxeak eta «krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari diren sektoreak» indartzeko erabili beharko litzateke gastu publiko gehigarria. Zerga erreformari ere hel diezaiola eskatu dio Iriartek EAJri, nabarmendu baitu ez dela hori egiten ari: «EAJrentzat inoiz ez da garai egokia aberatsenei zergak igotzeko». Europako funtsei buruz ere elkarrekin aritzeko deia egin dio: «Herri gisa jokatu behar dugu, EAJren alderdikeria alde batera utzita».

Azken aukera, gaur

Gaur bukatuko da Jaurlaritzaren aurrekontuei zuzenketak egiteko epea, eta Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo adierazi zuenez, Jaurlaritzak ez die jada bertzelako proposamenik eginen gainerako alderdi politikoei. Elkarrekin Podemosek joan den larunbatean jakinarazi zuen ez zutela Jaurlaritzarekin akordiorik erdietsi, eta, horren ondotik, Azpiazuk adierazi zuen ez dutela gobernuko indarretatik haragoko babesik espero. Argitzeke dago Elkarrekin Podemosek zuzenketarik aurkeztuko ote duen, nolanahi ere.

Osoko zuzenketak urtarrilaren 29an eztabaidatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean —EH Bilduk ez ezik, PP+C's koalizioak eta Voxek ere aurkeztu dituzte—. Batzordeko eztabaida otsailaren 3an eginen dute, eta aurrekontuei behin betiko onespena emateko eztabaida, berriz, otsailaren 11n egitekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.