Egunean hirutan urratuta

Urte batean %66,7 ugaritu dira Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bilduriko kexak. Orotara 1.299 intzidentzia jaso zituen iaz. Herritarrak Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari kexatu zaizkie gehien

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka Behatokiko kideak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egina zuen ohartarazpena ekainerako: pandemiaren ondorioz ugaritzen ari zirela hizkuntza eskubideen urraketak, eta, horiekin lotuta, baita Behatokiari jakinarazitako kexak ere. Atzo goizean emandako datuek berretsi baino ez dute egin uda hasieran iragarri zutena: aitzineko urtearekin alderatuta, %66,7 igo ziren hizkuntza eskubideak urratzearekin loturiko kexak 2020an.

Guztira 1.299 intzidentzia jaso zituen iaz Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Akuilari aplikazioaren eta Euskararen Telefonoaren bidez. Horien artean 1.148 izan ziren urraketengatiko kexuak: hau da, egunean hiru hizkuntza eskubide urraketa baino gehiago erregistratu zituen iaz Behatokiak. Gainontzekoak zoriontzeak (36), iradokizunak (23) kontsultak (18) eta bertzelakoak (4) izan ziren.

Askotarikoak dira Behatokiak jaso dituen eskubide urraketak, baina, azken urteotan bezala, erakunde zehatz batzuei loturikoak nagusitu dira. Arlo publikoan, erraterako, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jaso dituzte kexen erdiak: 243 jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 114, berriz, Nafarroako Gobernuak —guztira 741 kexa zegozkion arlo publikoari—. Arlo pribatuan, berriz, merkataritza handian, elikaduran eta ostalaritzan erregistratu dituzte gehien: 78 kexa, orotara.

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak atzo datuen berri emateko Bilbon egindako agerraldian zehaztu zuenez, dena den, arrakala dago errealitatearen eta datuen artean: «Kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez da; izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, egoera berezia zela pentsatuaz edo atzerapenen edo bestelako albo kalteen beldur». Hain justu, Behatokiko kideek pandemiarekin lotu dute kexen gorakada, eta garrantzitsutzat jo dute horri erreparatzea: «Gure hizkuntzaren etorkizuna aztertzeko, beharrezkoa da aurreko urtea bezalako une erabakigarrietan hizkuntza eskubideekin zer gertatzen den ongi aztertzea», azaldu zuen atzo Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

Kalitatearen kaltetan

Osasungintzan nabaritu da kaltea, erraterako: arlo horrekin erlazionaturiko 137 kexa jaso zituen Behatokiak iaz. Pandemiarekin loturikoak izan dira anitz, Petriatiren hitzetan: «Eguneroko aldaketa, kontratazio zein bestelako neurriek herritarrek euskara lasai erabili ahal izatea baldintzatu dute». Azaldu duenez, langileen eta unitateen antolaketan aldaketak gertatu dira, eta horrek eragina izan du kontratazio berrietan ezartzen diren irizpide edo lehentasunetan: «Eta, nola ez, hizkuntzarena ez da inon lehentasuna izan». Herritarren osasunean ere eragina izan du horrek, Behatokiko kideen arabera.

Izan dira arlo gehiago ere, ordea. Administrazio publikoan, erraterako, anitz izan dira arretarik euskaraz jaso ez dutenak, eta gaztelera edo frantses hutseko idazkiak ugaritu egin dira, Gaubekaren hitzetan. Hezkuntzan, irakaskuntza presentziala eteteak eragindako kalteak nabarmendu dituzte, baita zenbait kasutan euskarazko jakinarazpen eta azalpenak beranduago iritsi izana ere. Foruzain, ertzain, Espainiako eta Frantziako polizia eta udaltzainek ere jaso dituzte kexuak. Gaubekak nabarmendu du, gainera, alarma egoerak eta ezarritako neurriek eta debekuek «asko baldintzatu» dutela herritarrek haien hizkuntza eskubideen errespetua «lasaitasunez eskatzea». Arlo sozioekonomikoan, azkenik, Behatokiak salatu du ez dela bezeroen euskarazko arreta bermatu: «Informazio eta ohar gehienak gazteleraz jarri dituzte, eta hainbat kate komertzialek ez dituzte beharrezko neurriak hartu sare sozialetan zein webguneetan euskarazko informazioa bermatzeko». Gaubekak zerbitzuaren kalitatearekin lotu du hori: «Herritarren oinarrizko eskubideak behar bezala kontuan ez izatetik harago, euskarazko arreta eta informazioa ez bermatzea ematen den zerbitzuaren kalitatearekin erabat lotua dago».

Behatokiko zuzendariaren ustez, ordea, horrek ez luke hala behar: «Herritarrek osasun egoera larriak zein arazo sozioekonomikoak dituztenean, laguntza baliabideak edo zerbitzuarekiko informazioa euskaraz jaso ahal izateak herritarrekiko enpatia eta zaintza erakusten ditu». Hala gertatu ez denez, erakundeei eskatu diete herritarren hizkuntza eskubideak «oinarrizko balio gisa» aintzat har ditzatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.