Instituzioak lagun badira, errazagoa da jai parekideen bidea

'Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak' azterlana egin du Emakundek. Jai parekideak lortzeko zenbait prozesu aztertu ditu, eta erakundeen rola izan da ikertu dituzten gaietako bat

Jaizkibel konpainia Hondarribiko alardean desfilatzen, 2018an. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Emakundek Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak azterlana aurkeztu zuen atzo: jaietan berdintasuna eta emakumeen parte hartzea sustatzeko erabili diren estrategiak ikertu eta analizatu dituen ikerlan bat. Horretarako, bederatzi herritako festak aztertu dituzte: Gasteiz, Amurrio, Laudio (Araba), Bilbo, Berriz, Gernika (Bizkaia), Donostia, Antzuola eta Tolosa (Gipuzkoa). Ondorioztatu dutenez, jai parekideak lortzeko bidean beharrezkoa da instituzioak inplikatzea.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera, tradizioak elementu garrantzitsuak izan dira herrietako giza kohesiorako, baina beharrezkoa da tradizio horiek garai berrietara egokitzea: «Berdintasuna bermatzeko, jaiak eguneratzea ezinbestekoa da». Horiek horrela, ikerketan jasotako esperientziak pizgarri izatea espero dute, beste herri batzuetako jaiak gaur egungo «errealitate sozialera egokitzeko». Ikerketa Margaret Bullenek, Lidia Montesinosek eta Begoña Pecharromanek osatu dute, eta 2018an abiatu zuten, Hondarribiko alardean egoera gogortu ostean.Orduan, urtero bezala,plastiko beltzak, txistuak eta tentsioa jasan behar izan zituzten Jaizkibel konpainiako kideek —konpainia parekide bakarra da—; azken urteetako desfile gogorrenetarikoa izan zen.

Bullenek adierazi zuenez, ikerketaren helburua izan da Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietako jai giroan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzea sustatzeko prozesu eta estrategiak biltzea. Hainbat eragilerekin hitz egin dute azterlana egiteko. «Uste dugu txostena erabilgarria izango dela prozesu parte hartzailea eta berdinzalea bultzatzeko, bai Hondarribian, bai Irunen, baita gure herriko beste hainbat festatan ere». Azpimarratu zuten askotariko estrategiak identifikatu dituztela, baina aldaketak ez direla egun batetik bestera egiten. «Eragile anitzen inplikazioa eskatzen du».

Estrategiak

Montesinosek azaldu zuenez, jaiak parekideagoak egiteko orduan, hiru prozesu mota sailkatu dituzte, nahiz eta adierazi horiek askotan elkarri lotuta daudela. Batetik, prozesu organikoak: kasu horretan, herritarrek beraiek aldarazten dituzte jaiak, egoera sozialaren errealitatera egokituta. Bestetik, emakumeek, kolektibo feministek edota jai batzordeek berdintasunaren alde sustatzen dituzten prozesuak daude. Eta, azkenik, erakunde publikoek bultzatutakoak. Zenbait esku-hartze eremu ere zehaztu dituzte: festen alde «protagonistetan» egin beharrekoak: dantzak, prozesioak edo desfileak; ekintza ezberdinez osatutako jaietako programetan: kirol jarduerak, lehiaketak edota musika saioak; jaiak antolatzen dituzten elkarte eta erakundeen artean: konpartsak, kuadrillak eta beste; jaiaren irudikapen grafiko eta testualetan: pertsonaiak, kartelak, eta abestien hitzak; eta indarkeria matxistari lotutakoetan.

Identifikatutako estrategien artean daude, esaterako, estrategia aldarrikatzaileak, elkarrizketa eta bitartekaritza bidezkoak, juridikoak edota genero rolei lotutako sormenezko estrategiak. Azken horretan sartuko lirateke festa alternatiboak egitea, irudi berriak sortzea, irudi estereotipatuak ezabatzea, eta baita espazio mistoak eta ez-binarioak sortzea ere. Bullenek esan zuen agerian geratu dela ohikoa dela jaietako jardueretangatazka sortzea, baina egiaztatu dutela konpromisoaren eta elkarlanaren bidez eraldaketa bide bakar eta komuna adostu daitekeela. Bide horretan, hainbat elementu dira inportanteak, eta udalen inplikazioa azpimarratu zuten. Irungo eta Hondarribiko alardeetan salatu izan da instituzioek ez dutela inoiz hasi gatazkari behar bezala heltzeko prozesurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.