Haurren aurkako sexu abusuen auzietan eginbideak ez errepikatzera deitu dute

EAEko Arartekoak proposamen bat egin du jarduteko jarraibideen inguruan. Esku hartzea eraginkorra izango dela ziurtatzea da xedea, biktimak babesteko

Besteak beste, justizia administrazioari egin dizkio gomendioak Arartekoaren txostenak; irudian, Donostiako epaitegia. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
EAEko Arartekoak atzo txosten bat aurkeztu zuen haur eta nerabeen aurkako sexu abusuak izaten direnean bete beharreko irizpideen inguruan. Manuel Lezertua arartekoaren arabera, gomendioen asmoa da «tratu txar larri horiek» jasaten dituzten haurren eta nerabeen kasuak atzemateko lana hobetzea, baita halakoetako esku hartzea eta tratamendua ere. Hala, proposamenaren helburua izan da ziurtatzea esku hartze eraginkorra izango dela, «bermatuz biktima babestuko dutela eta egindako kaltea konponduko dela». Azpimarratu zuten beharrezkoa dela biktimizazio bikoitza eragoztea eta biktima guztiek arta jasotzea.

Arartekoak azaldutakoaren arabera, 2019an jarduera protokolo baten proposamena prestatzeari ekin zioten, arlo horretan espezializatutako pertsona eta erakunde guztiek adierazitako gabezia bat arintzeko: sistema publikoek erantzun zatikatua ematen zutela, hau da, haurren kontrako sexu abusuen kasuetan ez zegoela erantzun bat emateko irizpide partekaturik; gabezia horretatik abiatuta osatu dute proposamena. Lezertuak esan du gomendioak tresna «praktikoa» izatea nahi dutela, «berehalakoan». Hainbat arlo eta esparrutan landu dituzte jarraibideak: hezkuntza sisteman, osasun sisteman, gizarte zerbitzuetan, Ertzaintzan eta udaltzaingoetan, eta prozesu judizialetan.

Haurrek eskubideak dituztela nabarmendu dute, eta hori aintzat hartu behar dela. «Haurrei egindako sexu abusua haurren kontrako indarkeria larria da». Bi ideia zehaztu dituzte. Batetik, beharrezkoa dela biktimizazio bikoitza arintzea. «Jarduera guztiak horretara bideratuta daude: eginbide errepikakorrak saihestu behar dira, gutxieneko esku hartzearen, bizkortasunaren eta espezializazioaren irizpideetara egokituz». Lezertuak berretsi du eragotzi egin behar dela adingabeek erasoak berriz kontatu behar izatea, «bai jatorrizko zantzu kognitiboa zaintzeko, baita gertakariak trauma moduan bizi ez ditzaten ere».

Bestetik, biktima diren haur guztiek tratamendua jaso ahal izateko beharra azpimarratu du. «Tratamendu horretarako eskura dauden zerbitzuak publikoak eta unibertsalak izatea bermatu behar da».

Proposameneko printzipioen artean daude, besteak beste, erakundeen arteko lankidetza sustatzea, haurren kontrako sexu abusuak lehentasunezko jarduera kasutzat jotzea, eta esku hartzen duten eragileak espezializatuak izango direla ziurtatzeko neurriak ezartzea.

Pepa Horno psikologo eta haurren arloko aholkularia ere egon da arartekoak landutako txostenaren aurkezpenean, eta azpimarratu du ezinbestekoa dela erakundeak koordinatzea, «sexu abusuen biktima diren haurren eskubideen berme gisa». Hornok azaldu duenez, adingabeen kontrako sexu abusuak haurren eta nerabeen aurkako indarkeria mota bat dira, «esperientzia traumatikoak». Eta hortik abiatu behar da, umeei egindako kalteari erreparatuta: «Prozesuan ez badugu haurraren mina ikusarazten eta hori ebaluatzen, ez badugu arreta hor jartzen, gauza asko galduko ditugu. Egindako kaltea, sortutako trauma da abusua frogatzen duena».

Sexu abusuetan funtsezko bi elementu daudela azaldu du: mina eta botere harremana. «Lotura afektiboak botere posizioa ematen du. Horregatik, haurren sexu abusu gehienak haiek ezagutzen dituzten pertsonek egiten dituzte». Hornoren arabera, protokoloaren helburua bikoitza da: egindako kaltea erreparatzea, eta babes eta berme prozedura bat sortzea. Eragileen formakuntza gabeziak haurren eskubideak urratzen dituela nabarmendu du, eta ezinbestekoa dela esku hartzen duten profesionalak trebatzea.

Arartekoaren gomendioak

Arartekoak euskal administrazio publiko eskudunei gomendatu die agirian jasotako neurriak ezartzea. Eskatu die beren eskumen eremuetan jarduteko jarraibideak zabaltzeko, eta neurrietara egokitzeko beharrezko ekintza eta aldaketa guztiak abiatzeko. Bestalde, aholkatu dute profesionalen trebakuntza eta espezializazioa sustatzea. «Ziurtatu beharko da prestakuntza tekniko espezializatu hori giza eskubideen, haurren eta generoaren ikuspegitik begiratuta gauzatzen dela». Ezarritako neurrien bilakaera aztertzea eta ebaluatzea ere beharrezkotzat jo dute.

Horrez gainera, gizarte zerbitzuen sistemari galdegin diote abian jar ditzala behar diren zerbitzuak, bermatze aldera sexu abusuak jasan dituzten haur eta nerabe guztiek aukera dutela zerbitzu publikoetan tratamendua jasotzeko. Justizia administrazioa osatzen duten erakundeei, berriz, eskatu diete ahalbidetu dezatela gomendioetan bildu diren jarraibideak beren prozedurazko jardueretan erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.