Koronabirusa

49 urtetik beherakoen txertaketa orokortu nahi dute astelehenetik aurrera

Jaurlaritzak datorren astean hasi nahi du, «dosiak heltzen badira». Nafarroan 48 urtekoei txanda ematen hasi dira. Janssen baimendu dute 40-49 taldekoentzat

Maiatzetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegia erabiltzen dute txertaketarako gune gisa. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz - Arantxa Iraola - Maria Ortega Zubiate - Uxue Rey Gorraiz
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Biztanle piramidearen adin talde handienetara iristeko bidean da txertaketa prozesua Hego Euskal Herrian. Datorren astean, 49 urtetik beherako herritarrak txertatzen hasi nahi dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Atzo, asmo horren berri eman zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Nafarroan, asmoez harago, emanak dituzte jada lehen txandak: ordua dute 49 urteko askok Iruñeko eta Tuterako osasun eremuetan, eta 48 urtekoak ere hasiak dira Osasun Departamentuaren SMSa jasotzen. Astelehen goizean hastekoak dira adin tarte horretakoei lehen dosiak jartzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, are aurreratuago dute prozesua, astelehenetik jada 18 urtetik gorako guztiek aukera baitute txertatzeko ordua eskatzeko.

Atzoko agerraldian, prozesua bizkortzeko asmoa agertu zuen Sagarduik, «aurreikusita dauden dosiak heltzen badira», betiere. Sailburuak gehitu zuen pandemiaren bilakaera «positiboa» dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun, 50 eta 59 urte bitarteko herritarren txertaketa fasean daude hiru lurraldeak, baina sailburuak azaldu zuen tarte horretako biztanleen %60k dosi bat hartua dutela jada.

AstraZenecaren auziaz galdetuta, Sagarduik jakinarazi zuen txerto horren lehen dosia hartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 60 urtetik beherakoen %65ek Pfizerren bigarren dosia hartzea onartu dutela, Espainiako Osasun Ministerioak eta Hegoaldeko administrazioek gomendatutakoari jarraituz. Ordea, badira bigarren dosian ere AstraZenecarena jaso nahi dutenak. Sagarduik zehaztu du bihartik aurrera hasiko direla horiei txertaketarako ordua zehazteko SMSak bidaltzen. Hautuari dagokionez, egoera kontrakoa da Nafarroan: aukeratzeko eskubidea izan dutenen %86k nahiago izan dute bigarren aldian ere AstraZenecarena hartu, eta %14k soilik hautatu dute Pfizerrena.

Horretaz mintzatu zen atzo Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurain ere: «Pfizer hautatu edo AstraZeneca hautatu, garrantzitsuena da lehen dosia hartu zuten gehienei bigarren dosia jartzen ari gatzaiela». Indurainek esan zuenez, dosi bakarrak %37ko babesa eskaintzen du, eta bik, berriz, %82koa: «Ospitaleratzeak eragozteko gaitasunari dagokionez, eragina are handiagoa da: %72koa dosi bakarrarekin, eta %91tik gorakoa birekin». Kontseilariak jakinazi zuen jarritako 400.000 txertoren langa gainditu duela Nafarroak.

Janssenek badu baimena

Hego Euskal Herrian, oro har, herritarren %42k txertoren bat hartu dute, eta %22k, berriz, pauta osoa. Joan den astean 67.450 dosi jarri zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Erritmo horri eutsiko balitzaio, Hegoaldean abuztuaren 23an erdietsiko litzateke talde immunitatea bermatzeko gutxieneko txerto kopurua, dosiren bat jasota izanen bailukete herritarren %70ek.

Prozesua bizkortu dezake Janssen dosi bakarreko txertoaren erabilera zabaltzeak. Izan ere, Espainiako osasun agintariek koska bat gehiago zabaldu dituzte txerto hori emateko ezarritako irizpideak. Lehendik ere ez zegoen adin mugarik Johnsson & Johnsson botika etxearen txerto hori erabiltzeko, baina 50 urtetik gorakoei edo talde jakin batzuetakoei bakarrik eman diete orain arte; esaterako, kalean bizi direnei eman izan diete, edota mugitzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei, dosi bakarrekoa baita, eta, horregatik, jartzen errazagoa. Orain, 40-49 urte bitartekoei emateko ere erabili ahalko da: hala erabaki zuten Osasun Publikoaren Batzordean bildutako Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek.

Berez, ez dago emanda txerto honen aurkako irizpiderik, baina gomendio bat badago: ez da komeni heparinak eraginda plaketa maila apala duten pertsonei ematea. AstraZeneca etxeak egindako txertoaren teknologia bera darabil txerto honek ere, baina osasun agintariek nabarmendu izan dute txerto honen eraginez atzemandako tronbo kasuak are apalagoak direla. Hala ere, badira txerto honekin egindako txertaketak bertan behera utzi dituzten herrialdeak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.