Albistea entzun

Josu Urrutikoetxea errugabea dela erran du Parisko Zigor Auzitegiak

Epaimahaiak ebatzi du ez dagoela nahikoa elementu errateko 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela, eta, hala izanik ere, negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, aurtengo otsailean.
Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, aurtengo otsailean. YOAN VALAT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko irailak 2

Ezustekoa eman du Parisko Zigor Auzitegiak. Errugabetzat jo du Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoa, eta ebatzi du ez dagoela nahikoa elementu 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela frogatu ahal izateko. Halaber, hiru magistratuek adierazi dute negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin. Beste epaiketa baten esperoan dago Urrutikoetxea: irailaren 13an eta 14an akusazio berari aurre egin beharko dio, 2004-2006 aldian izan ziren negoziazioak prestatzen aritu izana leporatuta.

Ikusi gehiago. Josu Urrutikoetxea: «Erabaki honek atea zabaltzen dio beste mota bateko justizia bati»

Ekainean epaitu zuten Urrutikoetxea, 2011 eta 2013 bitartean ETAren aparatu politikoko kidea izatea, ETAko kide izatea, klandestinitatean bizi izatea eta ETAko kideekin harremanak atxikitzea leporatuta. 2017an epaitu zuten lehen aldiz, oraindik ihesean zegoela, eta orduan zazpi urteko zigorra ezarri zioten. Atxilotua izan ondotik, epaiketa berriz egitea eskatzeko eskubidea zuen, eta hala egin zuen. Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak ekainean aitortu zuen Urrutikoetxeari auzi horretan 2017an eman zioten zigorra «gehiegizkoa» izan zela, baina, akusatzeko froga nahikoa zegoela ebatzita, bost urteko presondegi zigorra eskatu zuen haren kontra.

Defentsak, berriz, Urrutikoetxearen kontrako frogarik ez zegoela iritzita, errugabe jotzeko eskatu zuen. «Uler dezaket zer erantzukizun den Urrutikoetxearen gisako figura bat errugabetzat jotzea. Amnistia gisa ikus liteke. Baina uste dut jakinen duzula zure erabakiaren zentzua esplikatzen, akusazioak ez duelako txostenik osatu», esan zuen Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak ekainean. Azkenean, defentsaren alde egin du epaitegiak. Fiskaltzak aukera dauka erabakiari dei egiteko.

Nazioarteko adituen sostengua lortzea izan da defentsaren estrategietako bat. Hala, izen handiko jende andana agertu da azken hilabeteetan Urrutikoetxea errugabe uztearen alde, hura zigortzeak nazioarteko gainerako prozesuetan izan lezakeen eraginaz abisatuta. Hala, epaiketa iragan eta egun batzuetara, Urrutikoetxea errugabetzat jotzeko eskatu zuten nazioarteko hamar pertsona ezagunek. Sinatzaileen hitzetan, epaiketan hitza hartu zuten lekukoen eta aurkeztu ziren dokumentuen bidez, agerian gelditu zen Urrutikoetxeak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean izan diren elkarrizketa eta negoziazio saiakera gehienetan parte hartu zuela, izan Algerren, Genevan edo Oslon, eta 2006tik aitzina ETA erakundearekin erabat moztu zuela, zuzendaritza berriarekin zituen desadostasunengatik.

Gaur egun, Ipar Euskal Herrian bizi da Urrutikoetxea, Angelun (Lapurdi), eta jada ez du eraman behar eskumuturreko elektronikorik: kontrol judizialpean dute oraindik, halere. Parisko Dei Auzitegiko instrukzio aretoak ekainaren 24an egindako auzi saio batean erabaki zuen euskal preso izandakoari eskumuturreko elektronikoa kentzea. Izan ere, auzitegiak bezperan jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia, zeinaren arabera deliberatu baitzuen bertan behera uztea Urrutikoetxea Luis Herguetaren hilketarekin lotzen zuen 2005eko autoa.

EH Bai «pozik» agertu da erabakiarekin, eta Urrutikoetxearen kontra diren gainerako karguak ere «bertan behera» gelditzea espero dutela adierazi du: «Presoen eta gatazkaren konponbidearen arloan izanen ditugun berri onen kate luzearen lehen urratsa izatea espero dugu. Erabaki honek ez du salbuespen bat izan behar. Ezinbesteko urratsa da gaurkoa, euskal jendarteak bultzatzen duen bake prozesuaren blokeatze egoera gainditzeko».

2004 -2006ko prozesua

Atzoko erabakiarekin ez da bukatzen Urrutikoetxeak epaitegietan oraindik duen bidea. Irailaren 13an eta 14an Parisera itzuli beharko du, Dei Auzitegira, 2004-2006an ETAko kide izatearen akusazioari aurre egiteko. 2004an Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zen Jose Luis Rodriguez Zapatero, eta bake elkarrizketak formalki abiatu zituen ETArekin. Jokaleku horretan, elkarrizketetan parte hartu zuen Urrutikoetxeak. Horren ondotik, Espainiaratua izateko arriskua izan lezake, Frantziako Kasazio Auzitegiak iaz ontzat eman baitzuen Espainiako justiziak haren kontra egindako estradizio eskaera. 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako atentatuan parte hartzea leporatzen diote.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Uxue Barkos eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean ©Jesus Diges / EFE

Foru Hobekuntza osatzera deitu du Txibitek, eta Barkosek ituna berritu nahi du

Jon O. Urain

Nafarroaren Egunaren bezperan, gobernuko bi alderdiak ez datoz bat herrialde horretako esparru juridikoak eduki beharreko garapenaz. Txibitek oharra egin du: PSNk ez du Esparza lehendakari jarriko.

Hainbat gaztek biribilgune bat moztu dute Bergaran (Gipuzkoa), eta garraio publiko

Ernaik gazteen bizitza «duintzeko» eskatu du, zortzi ekintza deszentralizatu eginda

Berria

Besteak beste, EHUren Leioako campuseko errektoretza «blokeatu» eta Bergarako San Prudentzio auzoko biribilgunea moztu du gazte antolakundeak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...