Albistea entzun

Jaurlaritzak Udaberri plana onartu du, eta «gogoeta kritikoa» eskatu

Planak Jaurlaritzaren lan ildoak zehazten ditu bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren arloetan. Presoei harrera egiteko ekitaldiak gaitzesten dituen pasarte bat sartu dute azken bertsioan
Beatriz Artolazabal sailburua (erdian), bere saileko kide Monika Hernando eta Jose Antonio Rodriguez Ranzekin, atzoko aurkezpenean.
Beatriz Artolazabal sailburua (erdian), bere saileko kide Monika Hernando eta Jose Antonio Rodriguez Ranzekin, atzoko aurkezpenean. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko irailak 22

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Udaberri 2024 bizikidetza, giza eskubide eta aniztasunaren plana onartu du. Plan horren zirriborroa joan den maiatzean aurkeztu zuen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, eta orduan iragarri zuen kontraste prozesu bati ekingo ziotela, eta, eragileen ekarpenak jaso ostean, irailean emango zutela behin betiko planaren berri. Planaren azken bertsioan presoen ongietorriei buruzko aipamen bat sartu dute, eta argitu nahi izan dute gogoeta kritikoa «ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili edo justifikatu dutenei» exijitu behar zaiela bereziki.

Beatriz Artolazabal sailburuak esan duenez, lau printzipio izan dituzte ardatz: «Pertsonaren duintasuna, terrorismoaren eta indarkeriaren erabateko deslegitimazioa, giza eskubideen berme eta babes eraginkorra, eta aniztasuna eta dibertsitatea babestu eta garatu beharreko baliotzat hartzea». Dokumentuaren sarreran «hurbileko testuingurua» aztertu dute, eta hor kezka agertzen da «oraindik inguruan sortzen diren indarkeria, intolerantzia eta sektarismo adierazpenak» direla eta. Pintaketak, mehatxuak eta «eraso fisiko eta hitzezkoak» jasotzen dira adierazpen horien adibide gisa, eta hor agertzen dira ongietorrien inguruko aipamenak: «De facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta birbiktimazioa dira».

Koldo Martinez Geroa Baiko Espainiako senatariak ere ongietorrien aurka egin zuen atzo, UPNk aurkezturiko mozio baten harira —aurka bozkatu zuten—. Haren hitzetan, presoen harrerek «birbiktimizatu» egiten dituzte biktimak, eta «bateraezinak» dira «demokraziarekin».

Hiru agenda

Sarreraren ostean, hiru agenda zehazten dira Udaberri planean: Bizikidetzarako Euskal Agenda, Giza Eskubideena eta Aniztasunerakoa. Lehenengoan, indarkeriaren zikloaren bukaeraren osteko egoera aztertu eta etorkizunari begirako lanak zerrendatzen dira. Lehen zirriborroan zeuden xedeak behin betiko dokumentuan ere agertzen dira: biktimei «aintzatespena» eta «aitortza eta erreparazioa» ematea, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» sustatzea, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartzea, «bizikidetzarako aktibo gisa» funtzionatuko duen espetxe politika bat garatzea eta abar.

Arlo horri dagokionez, Beatriz Artolazabalek nabarmendu du eragileekin hitz egin ostean aldaketa bat sartu dutela dokumentuan, argiago uzteko gogoeta kritikoaren inguruko interpelazioa batez ere «ETAren terrorismoa erabili edo justifikatu dutenei» egin behar zaiela: «Indarkeria helburu politikoekin erabiltzeak unibertso politiko horren autokritika etiko, politiko eta demokratikoa eragin beharko luke: bidegabea izan zen, erabat bidegabea».

Artolazabalen esanetan, 50 urtean ETArena izan da «giza eskubideen urraketarik handiena eta larriena, eta askatasunen aurkako atentaturik zuzenena Euskadin». Horrez gain, gogora ekarri du eskuin muturreko terrorismoa eta «[Espainiako] Estatuaren aparatuekin lotura duten pertsonek indarkeria legez kanpo erabili» dutela: «Planak eskubideen urraketa guztiak gaitzesten ditu, justifikaziorik gabe, parekatzerik gabe, bazterketarik gabe».

Espetxe politikaren xedea

Udaberri 2024 planak espetxe politikaz ere badihardu. Artolazabalek esan duenez, «nortasun propioa» duen politika bat da espetxeei buruzkoa, «eta haren erreferentea askatasunik gabe dauden pertsona guztiak dira». Hortaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan landu nahi duten espetxe eredu berriak «gizarteratzea» izango du xede, eta «ikuspegi errestauratiboa» garatuko du: «Ikuspegi horrek, kaltearen erantzukizuna hartzeaz eta kaltea bera aitortzeaz gain, biktimen sentimendua eta biktimarioa eraldatzeko benetako prozesua lehenetsi behar ditu».

Hasierako zirriborroarekin alderatuta, beste bi berritasun agertzen dira bizikidetzari buruzko atalean: historiaren zeregina «memoriaren eraikuntza sozialean», eta gazteen garrantzia «etorkizuneko bizikidetza ereduan».

Giza Eskubideen Agendan, «eskubide guztiak pertsona guztientzat» da iparrorratza; Artolazabalek esan duenez, «zailtasun berezia dagoen testuinguru globalean». Aniztasunerako Agendan, berriz, «bizikidetzarako aktibo gisa» hartu dute aniztasuna: «Horrek esan nahi du horren kudeaketa positiboa bultzatu behar dela arlo guztietan, eta diskriminazioaren aurka gogor borrokatu behar dela».

Lehen zirriborroan ez bezala, behin betiko planean urteko planifikazioa egiteko tresnak eta xede horiek lortzeari begira abian jarriko diren 70 bat egitasmoen zerrenda ere sartu dituzte.

Maiatzetik hona, hogei bat erakunde, biktima elkarte eta gizarte mugimendurekin mintzatu da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, ekarpenak jasotzeko. Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioekin, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta Eudelekin ere hitz egin dute. Planak ez du legebiltzarraren onespenik behar onartua izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetako Campusean duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO/FOKU

EHUk espediente informatibo bat zabaldu dio eraso sexista batengatik salatu duten irakasleari

Berria

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakala emakume taldeak. Gertakariari buruzko «informaziorik» ez ematea leporatu diote EHUri.

Ziudadelaren barnaldea, asteazkenean. ©BERRIA

Hipika txapelketa bukatu eta hilabete eta erdira, Iruñeko Ziudadela hondarrak hondatua dago oraindik

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Udalak antolaturiko hipika txapelketak irailaren 12an izan zuen azken eguna. Ordea, txapelketarako erabilitako Ziudadelako zuloguneak hareaz beteak dira oraindik. Navarra Sumak salbu, udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute eremua berehala egokitu dadila eskatzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean ©Irekia

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

Edurne Begiristain

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. / ©Goierriko Hitza

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Jon Ordoñez Garmendia

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.