Bridatu ezinezko grina

Pandemiak iraun bitartean, ia 4.000 esku hartze egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adikzioei lotutako arazoak direla eta. Mendekotasunek jotako asko «baztertuta» daude

Kalean bizi zirenentzat itxialdiaren garaian atondutako behin-behineko aterpea, Gasteizko Lakua pilotalekuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Pandemiak eta neurri murriztaileek adikzioren bat dutenengan izan ditzaketen ondorioek kezkatuta, Erdu izeneko programa abian jarri zuten iazko maiatzean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Adikzioen arloan lan egiten duten lau elkartek abiatu zuten egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan. Orain egin dute programaren balantzea, eta, azaldu dutenez, ia 4.000 esku hartze egin dituzte, «espero baino gehiago».

Etorkintza, Gizakia, Jeiki eta Agipad elkarteek antolatu zuten Erdu programa, «egoera pandemiko latz honetan adikzioak edo patologia mentalak zituzten pertsonen arreta eta ongizatea bermatu ahal izateko». Hiru ildo landu dituzte: «unitate ibiltariak» martxan jartzea, adikzioei buruzko arreta telematikoa antolatzea eta adikzioak dituztenak pandemiaren testuinguru sozial berrian sentsibilizatzeko kanpaina bat.

Ondorioa izan da «espero baino pertsona gehiago» artatu dituztela, eta topatu dutela adikzioekin eta osasun mentalarekin arazoak dituztenen «multzo garrantzitsu batek» muturreko bazterketa jasaten duela: «Pertsona hauek arreta espezializatua behar dute, baina gizarte eta osasun babeseko sistematik kanpo geratzen ari dira, eta hurbileko erantzunak eta erantzun komunitarioak behar dituzte».

Unitate ibiltariek 837 irteera eta 3.981 esku hartze egin dituzte, eta 642 pertsonari eman diete arreta pertsonalizatua: horietatik gehienak adikzio arazoak dituzten gizonezkoak dira; arta jasotakoen %82 izan dira. Kalamua zen pertsona horiek gehien kontsumitutako substantzia, eta, horren azpitik, alkohola.

Arreta telematikoari dagokionez, Erdu zerbitzuak 768 lagun artatu ditu. Horien ezaugarriak eta unitate ibiltariek kalean artatutakoenak desberdinak dira, antzekotasunik ere badagoen arren. Modu telematikoan artatutako gehienak ere gizonezkoak izan dira, baina gora egin du emakumeen portzentajeak: %27 izan dira emakumeak. Kontsumo mota ere aldatzen da kalean artatutakoekin alderatuta: alkohola izan da substantziarik ohikoena, eta, ondoren, kokaina eta kalamua.

Latzena pasatuta ere, arazoak

Pandemiak ekarritako egoera latzak, antsietateak, itxita egon beharrak eta abarrek egoera larriagotu dute. Orain, badirudi garai hori atzean geratzen ari dela, baina horrek ez du esan nahi arazoak amaitu direnik: «Hasieran konfinamendu aldian hain gaizki pasatu ez zutela egiaztatu zuten pertsonak normaltasun etapa horretan hasten dira, oraingo zalantzaren aurrean larritasuna eta beldurra sentitzen», azaldu dute programaren sustatzaileek. Horrek «antsietatea eta kontsumitzeko gogoa areagotzea» dakar.

Horregatik, elkarteek uste dute egoera berri honetan ere komenigarria litzatekeela Erdu programari eustea, edo, behintzat, proiektuaren ildo nagusia mantenduta, «eredu soziosanitario integratzaile bat» sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.