Koronabirusa

Jaurlaritzak osasun larrialdia atzera ezarriko du ZIUak betetzen badira

ZIUetan 50 kutsatu larriren langa gaindituz gero, Eusko Jaurlaritzak neurriak zorroztea aztertuko du. Espainiako Gobernuari eskatuko dio nahitaezkoa izatea maskara kanpoaldean jantzita eramatea

Jendea maskara jantzita Beasainen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz - Ion Orzaiz
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Ez goaz ondo; hau geldiarazi beharra dago». Pandemiaren eboluzioa neurtzeko datuak gero eta ilunagoak direla ikusita, Eusko Jaurlaritza neurriak hartzeko prest dagoela ohartarazi zuen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Erietxeei erreparatuko die horretarako: ZIUetako presioak gora eginez gero, osasun larrialdia berriz ezartzea aztertuko du. Pandemiaren aurkako legeak eskaintzen dituen tresnak baliatuta ezarriko luke osasun larrialdia Jaurlaritzak, Sagarduik azaldu zuenez. Zehazki, Osakidetzaren ardurapeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19ak jotako 50 gaixo baino gehiago baldin badira eta gainerako adierazleen joera negatiboek bere horretan jarraitzen badute emango dute pausoa: orduan aztertuko dute osasun larrialdia berriz ezartzea. Egun, 31 gaixo dira ZIUetan.

Diagnostiko zehatzagoa aurkezte aldera, izurriteari buruzko beste datu batzuk ere plazaratu zituen Sagarduik: herenegun, 785 kasu positibo atzeman ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; igandean baino 97 gehiago, alegia. Egoera ikusirik, Sagarduik dei berezia egin zien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekitaldiak antolatzen dituzten eragile, erakunde eta pertsonei joan den astean Osasun Sailak ezarritako arauak «bete» eta «betearazi» ditzaten.

Azken asteotan, Jaurlaritzak sarritan ohartarazi du izurriaren bilakaera makurtzen ari dela; atzo, neurri murriztaileagoak hartzeko aukera lehen aldiz jarri zuen mahai gainean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaera epidemiologikoa «okerrera» doalako, birusa hesitzeko hainbat proposamen egin zituen Sagarduik. Osasun larrialdia berrezartzea ez ezik, beste hainbat neurri ere hartzea proposatu zuen: kanpoaldean maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izatea, COVID ziurtagiriaren erabilera arautzea, koronabirusaren aurkako hirugarren dosia emateko prozesua «aurreratzea», eta, EMA Europako Sendagaien Agentziak onetsi ostean, «mekanismo guztiak» erabiltzea haurrei COVID-19aren aurkako txertoa ahalik eta arinena jartzen hasteko. Proposamenok Lurralde Arteko OsasunBatzordearen bilerara eramango ditu gaur, Madrilera.

Tresna juridikoen premia

EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiria derrigor ezartzearen aurka agertu izana deitoratu zuen Sagarduik, halaber. «Auzitegiak gutxietsi egin du birusaren hedatzeak pertsona askoren osasunarentzat dakarren arriskua. Guk proposatutako neurriak arrisku horri egokituta zeuden». Auzitegiari egindako kritiketatik harago, Sagarduik azpimarratu zuen agerian geratu dela bide juridikoak ez duela balio COVID-19aren goranzko garapena geldiarazteko. Hori dela eta, Espainiako Gobernuari galdegin zion pandemiaren gorakada geldiarazteko neurriak hartzeko modua ematen duten tresna juridikoak sortzeko. «Neurriak behar ditugu, hemen eta orain».

Alderdi politikoen artean ere harridura sortu du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo adierazizuen errespetatzen duela helegiterik ez aurkezteko Jaurlaritzak hartutako erabakia, baina bestelako hautua egingo lukeela berak: «Bide hori irekita duen heinean, jorratuko nuke». Carlos Iturgaitz EAEko PPko presidentearen ustez, berriz, Jaurlaritzak ez du eskaria behar bezala arrazoitu eta horregatik ez du justiziak ontzat jo. «Jaurlaritzak ez du etxeko lanik egin, eta autokritika egin behar du». Itsaso Atutxak EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, onartu zuen «etsigarria» dela EAEko Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzari atea zazpigarrenez itxi izana.

Nafarroako Gobernuak, berriz, gaur aurkeztuko du COVID ziurtagiria arautzeko foru agindua, neurria larunbatetik aurrera indarrean jartzeko xedez. Osasun kontseilari Santos Indurainek uste du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimena emanen diela neurria ostalaritzan eta beste hainbat zerbitzutan derrigor ezartzeko. Ziurtagiriaren helburua «txertatze kopuruei bultzada ematea» dela azaldu zuen kontseilariak, eta zehaztu zuen gobernuak ez duela bestelako murrizketarik planteatu: «Gure B plana prebentzio neurriak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.