Koronabirusa

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

«Aparteko larritasunik ez duten» kontsultak atzeratuko ditu osasun sistemak; bihotzeko eritasunak eta bronkitis kronikoa dutenen kontrolak. Osakidetzak abisatuko die kontsulta atzeratu dietenei

Bi pertsona Osakidetzaren osasun zentro batetik ateratzen, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Birusaren hedapenari dagokionez, «momenturik txarrenetariko bat» da egungoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta egoera «arduratzeko modukoa» da. Hala aitortu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Azaldu zuenez, positibo horiek isla daukate ospitaleetan, baina baita lehen arretan ere. Horri lotuta, iragarpen bat egin zuen: «Aparteko larritasunik ez duten» lehen arretako kontsultak atzeratuko dituzte.

Adibide batzuk jarri ditu: bihotzeko arazoak dituztenen eta bronkitis kronikoa duten pertsonen kontrolak, esaterako, atzeratu egingo dituzte. «Jarraipen kontsultak garrantzitsuak dira, eta egingo ditugu, baina aurrerago». «Beharrezkoak diren analitikak» egingo dituztela ziurtatu du Sagarduik, baina aitortu du «atzerapen pixka bat» egon daitekeela horietan ere. Halaber, onartu du kirurgia «gutxiago» programatu behar izan dituztela. Erabakiak erakusten du lehen mailako arreta oso justu ari dela Osakidetzan. Aurrerantzean, lehentasuna izango dute «akutuak» diren osasun arazoek; hala nola arnas infekzioek, sukarrak, Sintromaren kontrolak eta koronabirusak. Ez du zehaztu zenbat denbora atzeratuko dituzten kontsulta orduak.

Kontsultaren baten zain dauden pertsonei esan diete itxaroteko Osakidetzaren abisua; Osakidetzak deitzen dien pertsonen kontsultak soilik egongo dira bertan behera utzita, gainerakoek joan egin beharko dute: «Gerta liteke hurrengo egunetan kontsulta batzuk bertan behera geratzea. Horrela bada, osasun zentroa jarriko da pazienteekin harremanetan». Sagarduik eskatu du ez hasteko osasun zentroetara deika.

Lehen arretan bezala, erietxeetan ere egoera ez da erraza: 334 pertsona daude COVID-19aren ondorioz Osakidetzaren ospitaleetan, horietako 74 ZIUetan. Osakidetzak zabalik dituen ZIUetako gelen %31,6 COVID-19a duten pertsonek betetzen dituzte. Gainera, Sagarduiren hitzetan, ez du ematen egun gutxiren buruan datuek hobera egingo dutenik. Egoeraren larria onartu arren, aurre egiteko «erremintak» badituztela esan du Osasun sailburuak. Iragarri du izurriaren kontrolerako neurri berriak aztertzen ari direla: «Ziurrenik, laster prebentzio neurri berriak proposatu beharko dizkiogu Labiri». Ez du zehaztu zein neurri izan litezkeen, baina COVID ziurtagiriarena nabarmendu du. Bitartean, egun indarrean dauden neurriak betetzeko eta txertatzeko eskatu die herritarrei. Datu adierazgarri bat eman du: COVID-19a duen txertatu gabeko pertsona batek txertatua dagoen batek baino bost aldiz arrisku handiagoa du ospitaleratzeko.

LAB sindikatuak kontsultak atzeratzeko Osasun Sailaren erabakia gaitzetsi du: «4.000 langile kaleratu ondoren, Sagardui sailburuak proposatzen duen konponbide bakarra lehen mailako arretan murrizketak egitea da». Kritikatu dute Osasun Saila eta Eusko Jaurlaritza lehen mailako arreta «ahultzeko eta desegiteko erasoaldi bat» egiten ari direla.

Osasun artan ez ezik, Sagarduik aldaketak iragarri ditu positiboen jarraipenean ere. Azaldu duenez, norbaitek positibo ematen duenean, kontaktu estuen zerrenda bat eskatuko diote. Pertsona horiek, aztarnarien deiari itxaron gabe, SMS bat jasoko dute COVID-19a atzemateko proba bat egiteko. Horrela, prozesua azkartuko dela uste du Sagarduik. Gainera, kontaktu estuak diren pertsonek aukera dute www.euskadi.eus/koronabirus webgunean dokumentu bat beteta proba egiteko ordua eskatzeko. Orain arte bezala, txertoaren pauta osoa jasoa dutenek edo gaitza duela hiru hilabetetik sei hilabetera igaro dutenek proba bat egin behar dute, eta negatibo ematen badute, ez dute berrogeialdirik egin beharko; txertatu gabekoek, berriz, berrogeialdia egin beharko dute, eta lehenengotik zortzi egunera beste proba bat egingo diete.

Ondorioak zahar etxeetan

Eusten ari baziren ere, birusak lortu du zahar etxeetara sartzea. Araban, positibo emandako bi egoiliar hil dira azken egunetan. Gipuzkoan, berriz,egoiliar bat hil da, eta beste 23 kutsatu. Orotara, 30 egoiliar daude kutsatuta Gipuzkoan. Bereziki adierazgarria da Arrasateko Iturbide egoitzako egoera: hamabi egoiliarrek positibo eman dute egun bakarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.