Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute eragileek

Hego Euskal Herriko hainbat plataformak protestak egingo dituzte apirilaren 2an eta 3an. Lehen mailako arretan oinarritutako sistema publiko baten beharra defendatu dute deitzaileek

Osasun publikoaren aldeko plataformek egindako agerraldia, Gasteizen, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko zenbait plataformak bat egin dute «herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde», eta dei egin dute apirilaren 2an eta 3an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera: «Gaur, inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak».

Leioan Bizi; Izartu Mungialdea; Gora Deustu; Erandio Herri Plataforma; Zumarraga 24/7; Gasteizko eta Algortako Osasun Publikoa Aurrera; Bilboko, Donostialdeko, Tolosaldeko eta Zornotzako Osasun Publikoaren Alde, eta Altsasuko eta Nafarroako osasun plataformak dira deitzaileak, eta adierazi dute herritarren osasun beharrei erantzuteko arazoak COVID-19aren eraginetatik haratago doazela, eta horiei erantzuteko neurriak eskatu dituzte; besteak beste, aurrez aurreko arreta eta gaixotasun kronikoak dituztenena bermatzea, itxaron zerrendak murriztea, eta prozesu larrien diagnostiko goiztiarra hobetzea.

Izan ere, eragileen esanetan, lehen mailako arretan antzeman diren arazoak, langile eta baliabide faltaren ondorio ez ezik, osasun sistema publikoaren «degradazioaren» ondorio ere badira. Aurrekontuak «osasun negozio pribatuen interesen» alde egiteko erabili izanaz akusatu dituzte administrazio publikoak, herritarren arteko berdintasunik ezaren erantzule direlakoan. Hori ikusita, nabarmendu dute beharrezkoa dela «lehen mailako arretan oinarritutako sistema bat, osasun publikoa indartuko duena, osasuna sustapen eta prebentziotik abiatuta osoki jorratuko duena». Are gehiago, sistema horrek doakoa izan behar duela nabarmendu dute.

Horretarako, gobernuei exijitu diete osasungintzarako aurrekontua handitzeko, %7ra iritsi arte. Era berean, osasun enpresa pribatuekin dituzten itunak eta funtzionarioen mutualitateak eteteko deia egin dute: «Diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko inbutuak besterik ez dira».

Osasun zerbitzua bera hobetzeko bidean, nabarmendu dute sektoreko langileen «prekaritatea» bukatzeko eta erabiltzaileen interes eta beharren berri jakiteko mekanismoak ezarri behar direla; hala nola Hego Euskal Herri osoan euskarazko arta bermatzeko neurriak. Aldaketak gauzatu ahal izateko, osasun publikoaren aldeko plataformak «zabaltzeko, indartzeko eta koordinatzeko» asmoa adierazi dute eragileek, helburu bera duten sindikatuekin eta profesionalekin elkarlanean. Horretarako tresna izango dira apirileko lehen asteburuko protestak.

Lanpostu gehiago

Osasungintzako langileen «prekaritatea» hizpide izan du LAB sindikatuak ere; zehazki, Osakidetzako beharginena. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aurreko astean iragarri zuen 1.200 lanpostu berri eratuko dituztela, baina, sindikatuaren esanetan, 3.000 baino gehiago behar dira egungo egoera bideratzeko, eta kontrakoa «osasun publikoa apurka-apurka deuseztatzea» da. LABek gogor kritikatu du Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa ere, eta argudiatu «egonkortze prozesu serio bat» egiteko 5.000 lanpostu egonkortu behar direla.

LABek gaitzetsi egin du erakundeak sindikatuekin izaniko jarrera ere. Azaldu du uko egin diola elkarrizketari, eta «funtzionamendu erabat antidemokratikoa» izatea leporatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.