Feminista; beraz, kalitatezkoa

BERRIAk jaso du 2021eko Berdintasunerako Emakunde Saria, baita 'Pikara Magazine' aldizkariak eta iazko abuztuan zendutako Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasleak ere

BERRIAko langileak sari banaketa saioan, atzo, Bilboko Euskalduna jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

«Eskerrik asko mugimendu feministari. Zuek zarete gure inspirazio eta gogoeta iturri, gure iparrorratz eta bidelagun, gure babesleku eta kritikari». Maite Asensio Lozano kazetariak jaso zuen BERRIAren izenean Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen 2021eko berdintasun saria atzo, Bilboko Euskalduna jauregian, eta mugimendu feministari mintzatu zitzaion hitzaldian: «Segi dezagun elkar elikatzen».

Asensiok azpimarratu zuen ezen, «baliabide gutxi» eta «aitortza sozial txikiagoa» izan arren, BERRIAk lortu duela feminismoa euskaraz jorratzea, hainbat eztabaida hizpidera ekartzea, eta «inguruko iruditeria sozial eta politikoak eraldatzea». Aldarrikapen batekin biribildu zuen Asensiok edukietan eta funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzeko BERRIAk egindako apustua: «Kazetaritza feminista kalitatezko kazetaritza da, eta guk kalitatezko kazetaritza egiten dugu euskaraz».

Urteetako bidea izan dela nabarmendu zuen kazetariak, eta Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn «feminismoa egin duten emakume indartsu haiei» eman zizkien eskerrak, «duela 30 urte bidea urratzen hasteagatik». Epaimahaiari eta Emakunderi ere eskertu zion berdintasun sariaren bidez «euskarazko kazetaritzari prestigioa ematea».

Hedabidearen historiako hainbat garaipen eta mugarri aipatu zituen Asensiok: besteak beste, lan itunean feminismoa txertatzea, «egun bezain erraza ez zen garaietan» eztabaida deserosoak planteatzea —eta «eztabaida horiek galtzea eta berriro egitea irabazi arte»—, emakumeei hitza ematen «tematzea», estilo liburuan berdintasuna arau bihurtzea, erreportaje eta elkarrizketetan proposamen «ausartak» egitea —eta horiek onartzea—, greba feministak bultzatzea eta Berdintasun Batzordean egiturazko aldaketak sustatzea. Mugarri horien protagonistei eta egileei eman zizkien eskerrak Asensiok, eta etorkizunean ere BERRIAk horretan jardungo duela adierazi. «Gauza eder asko egin ditugu, akats batzuk ere bai, eta bidea egiten jarraitu behar dugu, egunez egun BERRIA feminista eraikitzen eta sendotzen».

Epaimahaiak bereziki nabarmendu zuen BERRIAk indarkeria matxistaren tratamenduari egiten dion ekarpena. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ere azpimarratu zuen eredugarritasuna, eta gogora ekarri zuen egunkariak estilo liburua atondu eta berdintasun planak diseinatu dituela: «Jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak dira orotariko gainerako komunikabideentzat».

Bidea, elkarlanean

BERRIAk Pikara Magazine aldizkariarekin eta iaz zendu zen Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakaslearekin batera jaso zuen saria, eta, haiek zoriontzeaz gain, elkarlana ere goratu zuen Asensiok: «Asko ikasi dugu elkarrekin eta elkarrengandik, eta horrek demostratzen digu hedabideen arteko lehia gaindi dezakegula feministok elkarrekin hausnartzeko». Genero ikuspegia landu duten gainerako euskal hedabideak ere izan zituen aipagai kazetariak.

Andrea Momoitio kazetariak hartu zuen hitza Pikara Magazine-ren partez, eta Bilbo Feminista Saretzen plataformaren Martxoak 8ko manifestua aldarrikatu, eta kalitatezko zaintza sistema publiko bat eskatu zuen, emakumeen aniztasuna kontuan hartuko duena arrazakeriaren aurkako ikuspegitik.

Lucia Martinez Odriozolaren garaikurra haren seme Ramon Hernandez Martinezek hartu zuen. Hunkituta, adierazi zuen amak saria «benetan merezi» zuela, eta «ororen gainetik, mundu hobe bat eraiki nahi zuen iraultzailea» zela.

Nora Arbelbide kazetariari elkartasuna adieraziz amaitu zuen Asensiok hitzaldia. Patrick Poivre d'Arvor kazetariak egindako sexu erasoa salatu zuen Arbelbidek 2017an, eta horren harira salaketa jaso du bueltan oraintsu, beste hamabost emakumerekin batera. Asensio: «Nora, guk sinesten dizugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.