Seaskako irakasleek desobedientziara joko dute aurten ere

Ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatua zaienez, irakasleek uko eginen diote brebetako azterketak zuzentzeari. Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatu diote Seaskarekin duen hitzarmena errespetatzeko

Seaskako irakasleak, atzo goizean, desobedientzia ekintza aurkezteko egin zuten agerraldian. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Beste urte batez, desobedientziara joko dute Seaskako irakasleek, eta uko eginen diote brebetako azterketak zuzentzeari. Hala jakinarazi dute kolegio eta lizeoetako hainbat irakaslek. Agerraldia egin zuten atzo, eta zuzenketetan parte hartzeko Frantziako Hezkuntza Ministeriotik jasotako deialdiak urratu zituzten prentsaren aitzinean. «Gure ikasleenganako elkartasunez erabaki dugu zuzenketetara ez joatea», esplikatu zuen Txomin Hiriart-Urruti Historia eta Geografiako irakasleak. «Gure ikasleek euskaraz egiten dute azterketa, eta ez zaie zuzentzen. Guk ere ez ditugu zuzenduko beste ikasleen brebetak».

Aspaldikoa da azterketak euskaraz egin ahal izateko eskakizuna, bai baxoan eta bai brebetan. Brebetari dagokionez, 1995etik Historia eta Geografiako proba euskaraz erantzuteko baimena zuten ikasleek, eta Matematikan tolerantzia bazen; haatik, gaiak frantsesez ematen zitzaizkien ikasleei. 2016ko erreformarekin etorri zen aldaketa: lehenago ziren hiru probei beste bat gehitu zitzaien, Zientzietakoa. 2017an aplikatu zen lehen aldiz, eta, gainerako probetan bezala, euskaraz erantzun zuten ikasleek. Baina, 2018an, jarrera aldatu zuen Frantziako hezkuntza administrazioak: euskaraz egindako Zientzietako azterketak bahitu zituzten zuzenketa zentroetatik, eta zuzentzaile erdaldunei zuzenarazi zizkieten. Hala, behar baino askoz ere emaitza apalagoak lortu dituzte ikasleek.

Iazko ekainean, desobedientziarako deia egin zuten ikasleek eta irakasleek, eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) zuzenketa zentroa okupatu zuten azterketen bahitzea oztopatzeko. Halaber, ikasleen kopien zuzenketa publiko bat antolatu zuten. Urte osoan ekintza bat baino gehiago egin dute: EEP Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusira sartu ziren martxoan, eta Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Ipar Euskal Herrian dituen hiru egoitza okupatu zituzten apirilean. Horren ondorioz, Bordeleko errektorearekin bilkura bat egitea lortu zuten, baina hark bizkar eman zien eskaera guziei.

Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legearen artikulu batzuk bertan behera utzi ondotik, etengabeko negoziazioak izan dira Frantziako Gobernuarekin urte guzian. Abenduan argitaratu zuten hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra izan zen horren ondorioa. Hartan, bai brebetan eta bai baxoan probak euskaraz egiteko aukera aipatzen zen. Gauza bera dio EEPk, Seaskak eta Bordeleko errektoreak 2019an izenpetu zuten hitzarmenak ere. Baina Frantziako hezkuntza administrazioak uko egiten dio hura errespetatzeari.

Ekintzarako deia

Hiru eskaera plazaratu dituzte irakasleek: azterketak euskaraz zuzendu daitezela, Hezkuntza Ministerioak Seaskarekin duen hitzarmena errespetatzea, eta Frantziako Estatuak ofizialki onartzea azterketak hizkuntza gutxituetan pasatzeko eskubidea. Horren harira, ondoko asteetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera deitu dute. «Uste dut aurten indarberriturik heldu garela. Borroka aspaldikoa da, eta gero eta indar handiagoz ari gara», adierazi du Eñaut Elosegi irakasleak. «Balio ez duena da deus ez egitea. Gurasoen ekinaldiak, Seaskarenak, negoziazioak, ekintzak, okupazioa, desobedientzia... horiek guziak uztartuz, irabazteko esperantzaz ari gara borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.