Hezkuntza ministroa ikusi arte okupazioa segituko du Seaskak

Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten herenegun, azterketak euskaraz egitearen alde. Zenbait hautetsik eta eragilek babesa eman diete

Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren sarrera afixaz betea da Seaskak okupatu duenetik. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Atea itxia bada, leihotik sartu. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta egiten ari ziren Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra bortizki oldartu zen Frantziako Polizia herenegun arratsaldean, Baionan. Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren egoitza okupatzeko asmoz joan ziren ikastoletako kideak, baina Poliziak ekintza oztopatu zien. Tentsio handiko une batzuen ondotik, barnera sartzea lortu zuten azkenean. Gaua bertan pasatu ondotik, okupazioa iraunarazteko xedearekin dira. «Frantziako Hezkuntza ministroak hitzordu bat eman arte ez gara hemendik mugituko», adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Ikastoletako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hamarkadaz hamarkada aitzinamendu batzuk lortu izan badituzte ere, azken urteetan gibelera egin du egoerak Frantziako Gobernuak erabakitako erreforma zenbaiten ondorioz. «Oraingo egoera Jean-Michel Blanquer ministro ohiak utzitakoa da. Ministro berria gutxiengoei buruzko aditua izateko ezagutua da», Gorostiagaren hitzetan. «Galdetu nahi diogu ea zer dioen Frantzian diren hizkuntza gutxituei buruz, eta, bereziki, brebeta eta baxoa euskaraz egiteari buruz. Orain arte, gure ikasleek egiten ahal zuten parte bat baxoan euskaraz, brebetan osoki. Gaur egun, ez da gehiago horrela; ministroari konponbide bat eskatzen diogu».

Okupazioa abiatu dutenetik, Ipar Euskal Herriko hautetsiekin, erakundeetako ordezkariekin eta Frantziako Asanblearako bozetara aurkeztu ziren hautagaiekin harremanean ezarri dira Seaskako kideak. Tom Dubois seigarren hautesbarrutiko NUPESeko hautagaiak BERRIAri adierazi dio gaur goizean agertuko dela okupazioaren lekura, eta Frantziako Poliziaren jarduna salatu du. «Ez dut onartzen hainbesteko bortizkeria erabiltzea ekintza baketsu baten kontra». Haren hitzetan, ulertzekoa da botere politikoak erantzunik ematen ez duenean «desobedientziara» jotzea. «Ez dut ulertzen gazteei nolatan ez zaien uzten azterketak beren hizkuntzan pasatzen».

Gorostiagak azaldu duenez, ez dute haien bulegoetara joateko asmorik: «Hautagaiei eskatzen diegu hona etor daitezela». Vincent Bru seigarren hautesbarrutiko Ensembleko hautagaia gaur goizean joatekoa da; atzo arratsean, Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko NUPESeko hautagaiaren ordezkoa joan zen.

Ikastolen elkartasuna

Seaskako kideei babesa erakustera etorri da Iker Elizalde Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko EH Baiko hautetsia ere, eta Frantziako Poliziaren jarduna gaitzetsi du. «Guztiz salagarria izateaz gain, ulertezinak dira horrelako jarrerak. Guraso, irakasle, ikasle batzuk, aldarrikapen sinple batzuekin. Printzipioz, ez lukete eta ez genuke hona etortzeko beharrik ere izan behar gure eskubideak onartuak izan daitezen».

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nekane Artola lehendakariordea ere Baionara joan dira, Seaskako kideei Euskal Herriko ikastolen elkartasuna adieraztera. Poliziak erabilitako «bortxa» salatu zuten. «Seaskako ikasleei bermatu behar zaie azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hori aldarrikatzeko egiten diren mobilizazio guzietan egonen gara».

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere bertaratu dira. Bilbaok adierazi zuen «lotsagarria» izan dela oinarrizko eskubide bat eskatzeagatik jasotako erantzuna. Gaubekak azpimarratu zuen herritarren eskubideak daudela jokoan «Euskaraz ikasteko eskubidea azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere bada. Gure babes osoa helarazi nahi diegu».

«Hitza jan dute»

Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak erran du erakundearen bulegoa bildu zela atzo, eta gai zerrendan ezarria ez bazen ere hiru ordu laurdenez aipatu zutela gaia. «Baionako suprefeta eta Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria nituen solaskide. Erran diet [herenegungo] irudiak katastrofikoak zirela, eta errazki saihesten ahal zirela». Hezkuntza administrazioaren argumentazioak «ez du zentzurik», haren hitzetan, eta ez da «traba izpirik» brebeta euskaraz pasatu ahal izateko. Baxoaren kasuan, hitzarmenetan idatzitakoa ez betetzea deitoratu du: «Ez da anbiguotasunik; hitza jan dute». Batzuek hizkuntza bakarraren printzipioa defendatzen dutela salatu du. «Gaur egun, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak zapalduak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.