Asteburuan lau salaketa jarri dituzte indarkeria matxistagatik

Iruñean, Tolosan, Baionan eta Biarritzen jazo dira erasoak. Protesta egingo dute gaur Iruñean, 17:30ean. Zarautzen gizon bat atxilotu dute uztail hasieran sexu eraso bat egitea leporatuta

Gertatutako sexu erasoa salatzeko protesta, atzo, Tolosan. JOSU ARTUTXA / TOLOSALDEKO ATARIA.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Sexu erasoen salaketa errenkada etorri da asteburuan. Eraso egin zietela salatu dute lau emakumek Iruñean, Tolosan (Gipuzkoa), Baionan eta Biarritzen (Lapurdi). Babes Zibilerako Batzordeak jakinarazi duenez, Iruñeko sexu erasoa Mendillorri auzoan izan zen, eta Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. Enrique Maia herriko alkateak ere baieztatu du erasoa, eta udalak «erabateko gaitzespena» agertu du adierazpen batean.

Nafarroako Gobernuak ere gaitzetsi du erasoa, Berdintasunerako Institutuaren bidez. «Ez dira kasu bakanak», adierazi dute, eta nabarmendu gizartean emakume eta gizonen artean dagoen desberdinkeriaren «islarik gordinena» direla. PSNk ere «erabateko gaitzespena» adierazi du, eta elkartasuna eskaini die biktimari eta haren senideei.

Erasoaren aurrean, Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzera deitu du gaurko, 17:30ean, Gazteluko plazan. «Herri txistualdia» egingo dute.

Beste emakume batek sexu eraso bat salatu zuen Tolosan.Erasoa argitze aldera, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, eta, udalak ohar bidez jakinarazi duenez,martxan jarri dute biktimari laguntzeko protokoloa. Baliabide «oro» jarriko dituzte biktimaren esku, eta, laguntza psikologiko eta juridikoa eskaintzeaz gain, haren intimitatea eta borondatea errespetatuko dute. Erasoa gaitzesteko, Tolosako Udalak protestara deitu zuen atzo, 19:00etan, Plaza Zaharrean.

Tolosako erasoaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak «gaitzespenik irmoena» adierazi du: «Gipuzkoan ez dute lekurik emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabide matxistek».

Bestalde, atzo goizean, emakume bati eraso egin zioten Baionan, geltoki ondoan. Emakumea zebra bidea zeharkatzen ari zela, gizon bat hurbildu zitzaion, eta hunkituak egin zizkion. Emakumeak berehala jarri zuen salaketa, eta Frantziako Poliziak atzo goizean bertan atxilotu zuen gizona.

Iragan ostiral gauean, gainera, 20 urteko emakume bati eraso egin zioten Biarritzen, eta aurpegian zauritu zuten. Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatu du erasoaren nondik norakoak aztertzeko.

Zarautzen, atxilotu bat

Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Zarautzen (Gipuzkoa), emakume batek uztailaren 3an jarritako salaketa baten harira. Emakumeak salatu zuenez, sexu abusuak jasan zituen Zarauzko hondartzan. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta igandean atzeman zuten erasotzailea. Atxiloaldian egonik, atzo eguerdian pasatu zen epailearen aitzinetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.