Jaurlaritzak helegitea jarriko dio udaltzainen euskara eskakizunei buruzko epaiari

Zupiriak dio herritarrek administrazioekin euskaraz aritzeko eskubidea dutela legez. Behatokiak ohartarazi du «eskubide urraketak betikotzeko» arriskua dagoela

Udaltzain batzuk Irungo udaletxearen aurrean; hango hamabi udaltzain postutarako eskakizunak bertan behera utzi zituzten auzitegiek iaz. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzainen lan poltsan euskarazko B2 maila behar ez dela dioen epaiaren aurka. Bingen Zupiria bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak atzo berretsi zuenez, «bat etorri» dira gobernuaren barruan. Gogora ekarri zuen Euskararen Legeak 1982an aitortu ziela herritarrei «administrazioekin hautatutako hizkuntza ofizialean aritzeko eskubidea», eta horretarako «betebehar batzuk» jarri zizkiela euskal erakundeei. Eta zehaztu zuen instituzioentzako irizpideak 1997an ezarri zituela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuak: «Epaiak ez du aintzat hartzen 40 urtez administrazioan egin den bidea».

Gasteizko Administrazio Auzitegiarena da sententzia; UGT sindikatuak udaltzainen 2021eko lan poltsari jarritako helegiteari erantzun dio: ebatzi du ez dela beharrezkoa euskarazko B2 maila egiaztatzea poltsan sartzeko, eta agindu du irizpide hori bete ez duten hautagaiak deialdian onartzeko. Udaltzainekin lotuta, bada beste aurrekari bat: iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak (Gipuzkoa) hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, «diskriminatzaileak» zirelakoan.

Hain justu, udaltzainen hizkuntza gaitasunarekin hainbat herritan izandako arazoak argudio gisa hartu ditu Zupiriak: «Lan poltsetako hautagaiek ez zuten mailarik, eta horregatik erabaki genuen B2 maila eskatzea». Erantsi du gero eta herritar gehiagok galdegiten dutela euskarazko arreta jasotzea, eta gero eta udal gehiagok galdegiten dutela udaltzainek euskara jakin dezaten: «Horrek eskatzen digu langileak prestatzea». Segurtasun Sailak ere «estrategikotzat» jo du udaltzainek herritarrekin euskaraz hitz egin ahal izatea: «Funtsezkoa da Euskal Poliziak gizartearekin euskaraz harremana izateko eta, horrela, herritarrei zerbitzu hobea emateko».

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Jaurlaritzaren erabakia babestu du, baina auzitan jarri du epaiak «inpaktu erreala» izango ote duen: «Lan poltsako hautagaien %90ek badute eskakizuna». Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko burua ere epaiaren aurka mintzatu da: «Ez da horrenbeste langilearen eskubideen defentsa, gizartearen eskubideen urraketa baizik. Legeak dio herri hau elebiduna dela; horren alde ere egin behar dugu».

Kritikoago jardun da EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera. Epaia «euskararen aurkako erasotzat» hartu du, euskara eta euskaldunak «diskriminatzen» dituelakoan. Auzitegiak eremu horretan sartzea «gehiegikeria jurisdikzionala» dela ere esan du: «Funtzio publikoan herritarren zerbitzura lan egiteko baldintza batzuk bete behar dira. Botere judizialari ez dagokio erabakitzea administrazio batean zein hizkuntza maila ezarri behar den».

LABek ere «eraso larritzat» jo du ebazpena: «Sindikatu baten interes korporatiboek lagunduta, euskal hiztunon oinarrizko eskubideak zapalduak izango dira». Euskararen aldeko «herri akordio zabal» bat eskatu du, baita administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika «ausartak» ere. ELA, berriz, udaltzainen oposizio eta lan poltsa bateratuaren aurka agertu da: «Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta behin-behinekotasuna amaitzeko, LEP eta lan poltsak udal bakoitzean egin behar dira».

UGTren EAEko idazkari nagusi Raul Arzak ere hitz egin du gaiaz Radio Euskadin. Errekurtsoa jarri zuen sindikatua epaiaren eraginari garrantzia kentzen saiatu da orain: «Oso arraroa da administrazioan euskaraz artatzeko inor ez egotea. Ez dira datuak dramatizatu behar». Arazoak «iraungitze data» duela erantsi du, langile askok euskara maila egiaztatuta amaitzen dituztelako ikasketak, baina 45 urtetik gorakoak salbuesteko eskatu du: «Ez zuten euskara ikasteko aukerarik izan».

Behatokian, ehunka kexa

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere txarretsi egin du epaia, eta ohartarazi du «herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua» dakarrela. Gogora ekarri du administrazio publikoaren jardunarekin lotuta «ehunka» kexa jasotzen dituela urtero, «herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen» dutelako. Hortaz, «beharrezko» jo du lan poltsa guztietako hautagaiek «euskararen gutxieneko ezagutza egiaztatua dutela bermatzea», baina, «lan poltsez harago» ere, lanpostu finkoen deialdiei begira «neurri zehatzak» eskatu ditu.

Udan udaltzainen lan poltsarekin izandako gorabeherak aipatu ditu Behatokiak, eta ondorioztatu du hautagaiek «une oro euskarazko arreta bermatzeko gai» izan beharko luketela. B2 maila eskatzea neurri «garrantzitsua» zela oroitarazi du: «Epaitegietan neurri hori atzera botatzea, eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gain, egunerokoan udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako beste alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.